Athletic: ilusioa berriz piztu beharrean

Taldea indartzearekin batera, Mikel Gonzalezek eta Edin Terzicek hainbat lan izango dituzte datozen asteetan, baina, batez ere, azken denboraldiak utzitako aho zapore txarra alde batera uztea. Zelaian ia postu guztietan hartu beharko dituzte erabakiak.

Yuri Berchiche, buruz errematea egiten, Valentziaren aurkako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Yuri Berchiche, buruz errematea egiten, Valentziaren aurkako partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2026ko ekainaren 3a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete da Athleticek iragarri zuela Eden Terzicek zuzenduko duela taldea datozen bi denboraldietan. Oraindik aurkezpen ekitaldi ofizialik ez du egin klubak, baina pentsatzekoa da etxeko lanak egiten ariko dela entrenatzaile alemaniarra. Galtzak bete lan izango du, kirol zuzendaritzarekin batera, etorkizuneko taldea eratu beharko baitu. Uztail hasieran abiatuko du denboraldiaurrea Athleticek, eta jokalari asko bilduko da Lezaman. Taldeak soilik bi lehiaketatan jardun beharko duela aintzat hartuta, gutxienez hamabost bat jokalarik ez dute tokirik izango. Dena den, izenen gainetik, taldearen lehengo izana suspertzea izango da Terzicen eta kirol zuzendaritzaren lehentasuna.

Ilusio galdua piztera

Ustez inoizko talderik onena edukirik, denboraldi ezin okerragoa osatuta iritsiko dira jokalariak Lezamara. Ohiko nortasuna eta arima galduta jardun du taldeak Ernesto Valverderen aginduetara, eta jokalari gehienek hondoa jota amaitu dute sasoia. Hortaz, multzoari nortasuna eta konfiantza ekartzea izango da Terzicen erronka nagusia. Ligari dagokionez, partiden erdiak galdu ditu Athleticek bukatu berri den sasoian: hemeretzi. Kopuru beldurgarria da. Horri konponbidea jartzea ezinbestekoa izango da lan duinagoa egiteko. Testuinguru horretan, San Mamesen magia berreskuratu beharko du alemaniarrak. Guztira 24 partida jokatu dituzte zuri-gorriek Bilbon, eta hamar galdu. Ilusioa galduta eta haserre agertu dira zaleak sarritan, txistu hotsak ere ozen entzun dira, eta konexio hori onbidera itzultzea izango da eginkizunetako bat.

Yuri Berchicheren zain

Zelai barruko kontuei dagokienez, litekeena da lerro guztietan egotea aldaketak. Atean Unai Simonek jarraituko du, ordezkaezina dela ematen baitu, baina bigarren atezaina nor izango den ikusteko dago. Julen Agirrezabala ez da Bilbora itzuliko, eta beste kluben batera joango da utzita berriro. Alex Padilla eta Mikel Santosen artean dago bigarren atezain izateko lehia. Dena den, buruhausteak ezker hegalak sortzen dizkio klubari. Yuri Berchicheri hilabete amaieran bukatzen zaio kontratua, eta oraingoz ez du berritu. 36 urte ditu zarauztarrak, baina ezinbestekoa da taldean; Adama Boirori esperientzia falta zaiola ikusi da. Ematen du bideratuta dagoela kontratu berritzea, baina desadostasunak dituzte arlo ekonomikoan. Yurik ez jarraitzea albiste txarra litzateke Terzicentzat. Eskuin hegalean, berriz, hiru jokalari izango ditu aukeran entrenatzaileak: Jesus Areso, Andoni Gorosabel eta Hugo Rincon. Baliteke hiruretako bat tokirik gabe geratzea, eta alemaniarrak aztertu beharko du bere joko sistemarako nortzuk diren osagarrienak.

Peio Canales, izar berria

Ezbairik gabe, zelai erdiko lerroan izango da aldaketa gehien. Lesioen ondorioz, jokalari garrantzitsuak falta izan ditu Valverdek, eta aurpegi berrien alde egingo du Terzicek. Erritmo biziko jokoa gustatzen zaio alemaniarrari, intentsitate handikoa, eta, horretarako, ezinbestekoa da jokalari gazteak izatea. Bada, Peio Canales hazita iritsiko da taldera. Racingen jardun du utzita sasoi batez, eta ezinbesteko jokalaria izan da taldea Lehen Mailara igotzeko bidean. Oinetan kalitate izugarria duen jokalaria da Canales, eta tokia izango du Athleticen. Beñat Gerenabarrena ere saiatuko da alemaniarra konbentzitzen. Castellon partida guztiak jokatu ditu, utzita, lekeitiarrak. Iñigo Ruiz de Galarreta, Mikel Jauregizar eta Beñat Prados ere ezinbestekoak izango dira zelai erdian. Zalantza gehiago eragiten du Alejandro Regoren eta Mikel Vesgaren etorkizunak. Vesgari dagokionez, beste urtebeterako kontratua geratzen zaio, baina jendaurrean aitortu du ez lukeela arazorik izango beste bide bat hartuta, baldin eta Athleticen mesederako baldin bada.

Fitxaketa zelai erdirako

Jokalari gehiago ere baditu zerrendan klubak zelai erdirako. Harrobiari begiratuta, ate joka ageri dira Eder Garcia eta Selton Sanchez. Azken horrek bazirudien atea bota egingo zuela, baina kostatzen ari zaio onenen artean finkatzen. Hortaz, baliteke beste talde batera joatea, utzita. Jokalari aukera zabala izan arren, klubak ez du baztertzen norbait fitxatzea. Hiru izen ditu mahai gainean, eta hirurak dira erdilariak: Unai Lopez, Ivan Martin eta Urko Gonzalez de Zarate. Lehen biak fitxatzea bideragarria dela ematen du, baina Gonzalez de Zarate erostea garestiagoa da. Ikusi beharko da zer nahi duen Terzicek, hark baitu azken hitza.

Izarrak piztea

Zerbaitek huts egin baldin badu Valverderen azken urtean, hori zera izan da: pisurik handiena duten jokalariak euren maila onenetik oso urrun ibili direla. Zerrenda horretan ageri dira erasoko ordezkariak: Iñaki eta Nico Williams anaiak, Oihan Sancet eta Alex Berenguer. Oso lan eskasa egin dute laurek, eta, lesioak etsai izan badituzte ere, ezin gerta daiteke berriz halakorik. Gorka Guruzeta izan da salbuetsi daitekeen bakarra, hamazazpi gol sartu baititu guztira. Izen horiek guztiek tokia izango dute Terzicekin, eta gainerakoen etorkizuna airean dago. Maroan Sannadi eta Urko Izetaren artean, soilik bietako batek segituko du. Nico Serranorekin zer gertatzen den ere ikusi beharko da, eta zer esanik ez Alvaro Djalorekin. 15 milioi euro ordaindu ondoren, Athleticek apustu handia egin zuen, baina Qatarren jardun du utzita jokalariak. Lezamara itzuliko da orain, entrenatzaile berria konbentzitzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA