Futbola

Athleticek eta Alavesek sasoiko lehen derbia jokatuko dute gaur

San Mamesen jokatuko dute norgehiagoka. Athleticek irabazi egin ditu orain arte ligan jokatutako hiru neurketak. Hogei urte dira Alavesek Bilbon garaipenik eskuratu ez duela.

Athleticen eta Alavesen arteko iazko neurketa San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
Athleticen eta Alavesen arteko iazko neurketa San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA/ FOKU
2025eko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Athleticek eta Alavesek Espainiako Ligako laugarren jardunaldiko norgehiagoka jokatuko dute gaur, San Mamesen (18:30, Movistar LaLiga). Hogei urte dira Alavesek Bilbon irabazi ez duela, eta arantza hori kentzeko asmoz zelairatuko dira Eduardo Coudeten jokalariak. Athleticek, berriz, irabazi egin ditu orain arte ligan jokatutako hiru neurketak, eta bolada onari segida eman nahi dio.

Athleticen ezin dute jokatu Nico Williamsek, Yerayk, Laportek, Pradosek eta Padillak. Williams anaietan gazteenak min hartu zuen Espainiako selekzioarekin jokatzen ari zela. Yeray, berriz, zigortuta dago; joan den astelehenean jakin zen FIFAk hamar hilabeteko zigorra jarri diola dopinagatik. Beñat Pradosi, bestetik, ez zaio ezker belauna osatu. Eta Padilla hiru partidarako zigortuta dago, Betisen aurka atera zioten txartel gorriagatik. Azkenik, FIFAk ostegunean ebatzi zuen Laporteren fitxaketa epe barruan egin zela, baina atzo egin zuen lehen entrenamendua taldekideekin.

Ernesto Valverdek ez du aulkian egoterik izango, hari ere Betisen aurkako partidan txartel gorria atera ziolako epaileak. Zuri-gorrien prestatzaileari lau partidako zigorra jarri diote. «Ez dut gustuko partida harmailatik ikustea, baina txartel gorria atera ostean gaizki erreakzionatu nuen, eta ondorioz zigorra onartzea egokitzen zait». Athleticeko entrenatzaileak Laporteren fitxaketaren garrantzia azpimarratu zuen: «Yerayrekin gertatukoaren ostean, funtsezkoa zen hura fitxatzea». Athleticek Txapeldunen Ligako ligaxkako lehen partida jokatuko du asteartean Arsenalen kontra, San Mamesen, eta ikusteko dago gaur txandakatzeak egingo dituen.

Alavesen, berriz, Protesoni ez da guztiz osatu. Gainontzeko jokalariak jokatzeko moduan daude. Coudetek ostegunean eman zuen partida atariko prentsaurrekoa, eta irabazteko «ausardia» izan behar dutela aipatu zuen: «Athletici ez diogu erabateko errespetua eduki behar. Hiru puntuen bila irten behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.