Athleticek eta Realak garaipena lortu nahi dute, Europako postuen lehian jarraitzeko. Bi taldeek emaitza onak lortu dituzte azken neurketetan, eta nor baino nor gehiago arituko dira bihar, San Mamesen (21:00, DAZN), derbia nork irabaziko. Athleticek hamabi puntu ditu, partida bat gutxiago jokatuta, eta Realak, berriz, hemeretzi. Hala ere, sailkapen nagusiko postuak eta taldeak daraman boladak ez dute garrantzi handirik derbi batean. Joan-etorriko neurketa izatea espero da, bi taldeetako entrenatzaileek apustu hori egiten baitute normalean.
Duela 50 urteko irudia errepikatuko dute berriz ere Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak. Athleticeko eta Realeko jokalari ohiak, 1976an egin zuten moduan, ikurrinarekin aterako dira zelaira, ikurrina berberarekin. Pellegrino Matarazzo eta Edin Terzic entrenatzaileek horren inguruan hitz egin dute. Matarazzo: «Euskaldunekin zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta hobeto ulertzen dut momentu haren garrantzia. Badakit indartsua izan zela; eta, horregatik, garrantzitsua iruditzen zait bi kapitainek izan zuten ausardia nabarmentzea. Euskal Herriaren batasunaren eta harrotasunaren isla izan zen». Terzicek esan duenez, biharko derbian ikurrina ateratzea «harro» egotekoa da: «Ekintza horrek klubek duten lotura ere erakusten du».
Athleticek azken bi neurketak irabazi ditu, eta horrek konfiantza emango die Terzicen jokalariei. Ez dute esperotako denboraldi hasiera izan, baina pixkanaka Ligako goiko postuetara gerturatzen ari dira. Taldea suspertu dela dirudi, eta teknikariaren ideiak zelaian ikusten hasi dira zaleak. Defentsako lanean jarri beharko du arreta talde zuri-gorriak. Nahiz eta ez dioten gol asko sartu, horietako batzuk hutsen ondorio izan dira. Aymeric Laportek azken jardunaldian bete zuen zigorra, eta jokatzeko moduan dago.
Oihan Sancet da deialdiko beste berritasuna. Ligako azken hiru jardunaldietan min hartuta egon eta gero, Terzicen esanetara egongo da berriz ere. Iñigo Ruiz Galarretak, ordea, ezingo du derbia jokatu; min hartu zuen Getaferen aurkako partidan, eta ez da osatu. Gainera, luzerako daude min hartuta Gorka Guruzeta eta Unai Egiluz.
Derbirako «gogoz» dagoela azaldu du Terzicek: «Oso berezia izango da. Inportantea oraina da, eta hiru puntuak lortu eta mezu positiboa helarazi nahi dugu. Prest gaude». Emozioak mendean hartzea funtsezkoa izango dela uste du: «Derbietan emozio asko izaten dira, eta horretarako pronto egon behar dugu. Behar denean emozioak erakutsi behar ditugu, eta zenbait unetan kontrolatu eta burua hotz izanda jokatu».
Partida «garrantzitsua»
Reala bolada onean dabil: 2023ko urtarriletik lehen aldiz, Ligako lau partida jarraian irabazi berri ditu. Gainera, aurreko denboraldiko hamargarren jardunaldian baino hamar puntu gehiago ditu talde txuri-urdinak; zehazki, hemeretzi. Esperotako hasiera eduki ez bazuen ere, goiko postuetan dago taldea. Pellegrino Matarazzok asmatu du taldeak zer behar duen, eta jokalari garrantzitsuak sasoi ona berreskuratzen hasi dira berriz ere. Atzeko lerroan Jon Martinek eta Sarrek osatzen duten bikote indartsu eta gazteak segurtasun handia ematen dio taldeari. Jon Gorrotxategi jokatzen hasi denetik, taldea beste ordena bat izaten ari da zelaian, Sucicen laguntzaz. Horiez gain, Oiartzabalek eta Guedesek, batez ere, aurrerapausoa eman dute.
Pellegrino Matarazzok adierazi du Arsen Zakharian deialditik kanpo geratuko dela, orkatila bihurritu baitzuen asteazkeneko entrenamenduan. Neurketa jokatzeko prest egongo zela uste zuen Matarazzok, baina ez da osatu. Horrez gain, hamaikakoa osatzeko aukera bat baino gehiago dituela esan du, eta horrek bere lana zailtzen duela. Zakharianez gain, Alvaro Odriozola eta Luken Beitia min hartuta daude oraindik.Â
Matarazzok partidaren garrantziaz hitz egin du: «Jokalariek ondotxo dakite zeinen garrantzitsua den derbi bat Donostiarentzat eta Gipuzkoarentzat, baina garrantzitsua da egonkorrak izatea. Ez du axola aurreko dinamika zein izan den. Bi taldeak emozioz beteta eta erritmo biziz aterako gara zelaira, eta, askotan, jokoan ematen den bultzada izaten da erabakigarria. Ondorioz, partidako une bakoitza garrantzitsua izango da garaipena lortzeko».