Athleticek eten du Realaren bolada

Erritmo itogarrian aritu dira bi taldeak, eta zuri-gorriek aurrea hartu badute ere, behetik gora egin eta lehia berdindu dute tuxir-urdinek. Lehen zatiko azken jokaldian egin dute etxekoek 2-1ekoa, penalti oso eztabaidagarri batekin.

Gorrotxategi eta Vivian, lehian, gaurko derbian. JAVIER ZORRILLA / EFE
Gorrotxategi eta Vivian lehian, gaurko derbian. JAVIER ZORRILLA / EFE
jon eskudero
2026ko azaroaren 1a
23:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Partida itxien eta itsusien ospea izan dute sarritan Athleticen eta Realaren artekoek historian zehar. Gol gutxikoak ez ezik, gol aukera urrikoak ere mordo bat izanak baitira. Hots, adjektibo horietatik urrun geratu da gaur San Mamesen jokatu duten derbia, ikusgarria eta lehia bizikoa izan baita. Ederki antzeman da Alemaniako eskolako bi entrenatzaileen eskua: Edin Terzicena eta Pellegrino Matarazzorena. Erritmo itogarrian jardun dute bi taldeek, eta zuri-gorriak askoz hobeto hasi badira ere, aurkariari neurria hartzen joan dira txuri-urdinak, eta ikuskizuna nagusitu da. Iñaki Williamsek aurreratu ditu etxekoak, baina gehien sufritzen ari zirenean, lehia berdindu dute bisitariek, Luka Sucicen jaurtiketa batekin. Lehen zatia amaitzera zela, zalantza eragin duen penaltia adierazi du epaileak Athleticen alde, eta Berenguerrek ez du barkatu. Atsedenaldira 2-1ekoarekin erretiratu ondoren, bigarren zatian ez da golik izan, eta etxean geratu dira hiru puntuak.

Partida hasi orduko izan du Athleticek aurretik jartzeko aukera, eta ez sinesteko moduko huts egitea egin du Berenguerrek. Jokaldi ona osatu dute zuri-gorriek alde batetik bestera baloia mugituz, eta Hugo Rinconen erdiraketa sareetara bultza beste lanik ez zuen aurrelari nafarrak. Hots, gaizki jo du baloia, eta zutoin ondotik kanpora joan zaio. Eskuak burura eraman dituzte etxeko jarraitzaileek, gola kantatzen hasiak baitziren. Dena den, eskuak bururatzeko benetako arrazoia hiru minutu geroago iritsi da, min hartuta zelaia utzi behar izan baitu Maroanek. Jokaldi trabatu batean zuntz-haustura izan du, eta negar malkotan hartu du aldageletarako bidea. Robert Navarrok ordezkatu du. Gorka Guruzetaren lesioarekin aski ez, eta denbora baterako beste aurrelari bat galdu du Terzicek.

Lesio horrek apur bat moteldu du norgehiagoka, baina berehala itzuli da lehengora Athletic, erritmo itogarrian jokatzen hasi baita berriz. Bere estiloari eutsi dio: zorrotz ibili da presioan, aurkariaren zelaian jokatu du etengabe, eta erasoan bata bestearen atzetik sortu ditu gol aukerak. Realak, bere aldetik, ezin izan dio kontrarioaren joko erauntsiari eutsi. Galduta eta deseroso sentitu dira txuri-urdinak zelaian, eta Oiartzabal ez da agertu ere egin, une oro pare bat aurkari izan baititu gainean. Laineza hartuta jardun dute zuri-gorriek, eta Williams anaien konexioari esker iritsi da 1-0ekoa. Nicok baloia luze jo dio Iñakiri, eta kapitainak ez du barkatu. Remirori baloia buru gainetik pasatuta, iluntzeko lehen gola egin du. Realeko atzelariek koordinazioan huts egin dute, Sergio Gomezek hautsi baitu jokoz kanpokoa.

Golarekin gora etorri dira etxekoak, eta itsu-itsuan jo dute bigarrenaren bila. Iparra galduta ibili dira, berriz, bisitariak. Navarrok aukera dotorea izan du gola egiteko, korner baten aldaratzean, baina ez du asmatu. Zelai erdiaren jabe izan da Athletic, Gerenabarrenak eta Canalesek nahi erara jokatu baitute, eta erasoan topatu dituzten espazioetan etxean bezala sentitu dira Williams anaiak. Hots, gehien sufritzen ari zenean egin du banakoa Realak. Jokaldi dotorea osatu du, Sucicek jaso du baloia area ertzean, eta ezker oinarekin egindako jaurtiketa ikusgarriak sareetan amaitu du. Beste behin, areaz kanpotik distiratsu aritu da erdilaria.

Gol horrek erabat kanbiatu du partidaren gidoia. Fisikoki behera egin dute etxekoek, eta presioan ezin izan diote ordura arteko erritmoari eutsi. Horixe bera baliatu dute bisitariek futbolean dakiten bezala jokatzen hasteko. Nagusi izan dira baloiarekin, eta 1-2koa egiteko aukera ederrak izan dituzte. Barrenetxeak, atzetik aurrera eginda, oso gertu izan du gola, baina Unai Simonekin egin du topo. Baita Oiartzabalek ere, geldiketa ikusgarria egin baitio atezainak. Askoz gehiago ziren txuri-urdinak, baina lehen zatia amaitzear zela, areako buruz buruko jokaldi batean ez da argi ikusi Aramburuk baloiari edo Nico Williamsi jo dion, hura aldentzeko orduan.VARera joateko moduko jokaldia zen. Baina Hernanez Hernandez epaileak ez du egin, eta penaltia adierazi du. Berenguerrek lehen zatiko azken jokaldian egin du 2-1koa. Gaizki jaurti aurren, oso bigun ibili da Remiro. Partida amaieran haserre mintzatu da Aramburu, eta esan du Wiliams anaietan gazteenak aitortu diola baloia jo duela, eta Unai Simonek ere urrutitik ikusi duela Aramburuk baloia jo duela. 

Unai Simon, bikain

Bigarren zati hasierak lehengo lepotik izan du burua, eta erritmo itogarrian jardun dute bi taldeek. Disputa handia eduki dute, baina aurrerapausoa eman du Realak. Lehen zati hasieran baino askoz hobeto kokatu da zelaian, eta arrisku batzuk hartu dituen arren, gehiago izan da. Zelai erdiko lehian garaile atera dira Carlos Soler eta Gorrotxategi, eta zinez eskertu dute hori txuri-urdinek. Errazago iritsi dira erasora, baina gola falta izan zaie. Hori ikusirik, beste aurrelari bat zelairatu du Matarazzok: Orri Oskarsson. Barrenetxea kendu du. Hori bai, kontraerasoa izan du armarik nagusiena Athleticek, eta min egiteko pare bat parada izan ditu. Iñaki Williams ez da fin ibili erremateak egiterako garaian.

Minutuek aurrera egin ahala, gero eta atzerago kokatu dira zuri-gorriak, eta emaitzari eustea izan dute lehentasun. Erregaiak ere ez die partida guztirako iraun. Testuinguru horretan, Carlos Solerrek bere oinetan izan du binakoa, baina area ertzetik egin duen jaurtiketari Unai Simonek erantzun dio. Munduko atezainik onenaren titulua jaso berritan, erakustaldia egin du arabarrak, eta bere lanari esker ez du golik egin Realak. Hori bai, neurketaren amaiera ez da nahi ordurako iritsi etxekoentzat. Matarazzok zeukan guztia atera du aulkitik, eta Ochiengekin inspirazioa bilatu du. Azken txanpan erabatekoa izan da Realaren joko erauntsia, baina ez du asmatu. Terzicek zuzentzen duen taldeak bost lerroko defentsarekin amaitu du lehia, Yeray ere atera baita aulkitik, eta fruituak jaso ditu. Hala, hiru puntuak etxean geratu dira, eta Realari amaitu zaio bolada ona. Azken lau partidak jarraian irabazi arren, derbian geratu behar izan du hiru puntuak batu gabe.

Athletic-Reala

Athletic: Unai Simon; Hugo Rincon, Vivian, Laporte, Yuri (Johanneko, 88. min.); Gerenabarrena, Canales (Prados, 76. min.): Iñaki Williams, Berenguer, Nico Williams (Yeray, 88. min.); eta Maroan (Robert Navarro, 5. min.)(Sancet, 88. min.).

Reala. Remiro; Aramburu (Hector Fort, 88. min.), Jon Martin, Sarr, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Turrientes, 74. min.), Soler, Sucic (Kubo, 74. min.); Barrenetxea (Oskarsson, 61. min.), Guedes (Ochieng, 88. min.) eta Oiartzabal.

Golak. 1-0: Iñaki Williamsek (13. min.). 1-1: Sucicek (30. min.). 2-1: Berenguerrek, penaltiz (47. min.).

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA