Athleticeko erizaindegia leporaino betea dago aspaldian. Denboraldia abiatu zenetik dozena bat jokalari min hartuta izan dira dagoeneko, eta madarikazioari agur esan ezinda dabil Ernesto Valverderen multzoa. Zelai erditik atzera hainbestean moldatu dira zuri-gorriak, baina komeriak zelaiaren hiru laurdenetako lerroan izan ditu entrenatzaileak. Besteak beste, lau jokalari garrantzitsuk min hartu baitute azken jardunaldietan: Nico Williamsek, Oihan Sancetek, Alex Berenguerrek eta Iñaki Williamsek.
Bada datu esanguratsu bat. Athleticek mila minutu eskas egin ditu jokoan denboraldi honetan, liga eta Txapeldunen Liga kontuan hartuta, eta horietatik soilik 130 minutuz aritu dira elkarrekin Nico Williams eta Sancet, taldeko bi jokalaririk onenak. Kasualitatea izan daiteke, baina elkarrekin aritu direnetan irabazi egin du taldeak. Nico Williams erdi osaturik dago jada, baina gainerako hirurak erlojuaren aurka ari dira lanean. Hortaz, bi asteko geldialdiak urrearen balioa izango du Athleticentzat.
Izan ere, goitik behera egin du Athleticen jokoak lehen jardunalditik zortzigarrenera bitarte, eta emaitzek ez diote gezurrik. Suziri baten moduan abiatu zuen sasoia, lehen geldialdira hirutik hiru garaipen bilduta heldu baitzen taldea: Sevillaren eta Rayo Vallecanoren aurka irabazi zuen San Mamesen, eta Betisen kontra Sevillan. Hiru partida horietatik bitan jokalaririk onena izendatu zuten Nico Williams. Zurrumurruen eraginez uda zaila igaro arren, sasoiari tenple onean ekin zion gazteak.
Ondoren Espainiako selekzioarekin bidaiatu zuen, eta min hartu zuen ezker hankako aduktorean. Uste baino lesio larriagoa izan zen, eta haren hutsunearekin batera iritsi zen Athleticen txakalaldia. Irailean sei partida jokatu zituzten zuri-gorriek, lau ligakoak eta bi Txapeldunen Ligakoak. Bada, sei horietatik bost galdu zituen, eta Gironaren aurka berdindu egin zuten (1-1). Alarma gorria piztu zen San Mamesen, eta joan den asteburuan Mallorcari irabazi izanak arnasa ekarri zuen. Lesioa gaindituta, Nico Williams partida horretan itzuli zen zelaira, eta hiru puntuak batu zituen taldeak. Hortaz, Nicok parte hartu duen neurketa denak irabazi egin ditu Athleticek. Oraindik ez du jokatzerik izan Txapeldunen Ligan.
Sancetekin, pazientzia amaitzear
Lesioekin buruhausteak dituen beste jokalari bat Sancet da, baina ez da oraingo kontua. Iragan sasoian ere erizaindegitik sartu eta atera ibili zen. Giharretako arazoak izan zituen, partida ofizialen erdiak ezin izan zituen jokatu, eta halere taldeko golegile nagusia izan zen: hamazazpi gol sartu zituen. Arazoak atzean utzita, sasoi honetan eman ahal guztian arituko zela uste izatekoa zen, baina denboraldiaurrean bertan susto galanta izan zuen, Liverpoolen aurkako lagunartekoan. Min hartu zuen eskuin hankako lotailu gurutzatuan, baina azkenean bihurritu bat baino ez zen izan. Bazirudien hobera egiten hasiko zela, baina ezker hankako bizepsean min hartu zuen berriro, eta azken partidan ez zen deialdian sartu. Zaleen inguruan marmarra nagusitzen ari da Sanceti dagokionez, pazientzia amaitzear baitute.
Iñaki Williams eta Berenguer dira erizaindegian sartuta dabiltzan beste biak. Kapitainak zelaia utzi egin behar izan zuen Mallorcaren kontrako partidan, min hartuta. Badirudi gainkarga soilik izan zuela, eta geldialditik bueltan jokatzeko moduan izan daiteke. Kezka gehiago sortzen du Berenguerren egoerak. Arazoak ditu eskuin hankako behatz batean, eta, txarrenera jota, ebakuntza batek konpon diezaioke arazoa. Hori saihestea du xede Athleticek. Albiste ona litzateke, guztien premia izango baitu aurrerantzean.