Athleticentzat beti izan da berezia Espainiako Kopa. Hala berretsi zuen atzokoan ere Jon Uriarte presidenteak. Bada, talde zuri-gorriko bi lehen taldeak finalerdietarako urratsa egiten ahaleginduko dira gaur. Biek etxetik urrun jokatuko dute: Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak Valentziaren aurka, Mestallan (21:00, Movistar); Javi Lergarenak, berriz, Atletico Madrilen kontra, Alcala de Henaresen (18:45, TDP).
Denboraldi honetan talde zuri-gorriak Kopan aurrean izango duen Lehen Mailako aurreneko taldea izango da Valentzia. Aurretik kategoria apalagoetan ari diren bi talde utzi zituen kanpoan: Ourense eta Cultural Leonesa. Bietan luzapenera iritsi behar izan zuen aurrera egiteko. Gaurko neurketari begira, zalantza nagusia erdiko atzelari postuan izango du Valverdek. Ezusterik ezean Yuri eta Lekue arituko dira bertan. Izan ere, Vivian min hartuta dago, eParedes zigortuta, eta Laporte, deialdian badago ere, denbora darama jokatu gabe. Aurrean Sancet eta Berenguer faltako dira. Nico Williams, ordea deialdian dago. Prestatzaileak honela aztertu zituen atzo kanporaketa eta aurkaria. «Valentziak galdu egin zuen asteburuan, baina gero eta hobeto ari da jokatzen. Gu, berriz, gogotsu eta ilusioz gaude. Finalerdi batean egotea dugu jokoan». Jon Uriartek atzo esandakoez ondorengoa esan zuen: «Hemen egon izan naizenean beti sentitu dut babesa. Baina jakina da futbolean emaitzek agintzen dutela».
Javi Lergak zuzentzen dituen jokalariek Europa kanporatu zuten final-zortzirenetan. Talde zuri-gorriak gaizki hasi zuen denboraldia, baina buelta eman dio. Gainera, aurrean duen aurkaria, Atletico Madril, bolada oso txarrean da. Horren ondorioz, Victor Martin entrenatzailea kargutik kendu, eta iragan astetik entrenatzaile berria du: Jose Herrera. Honelako partida espero du Lergak: «Atletico Madril zuzen jokatzen duen talde bat da, baloia eduki nahi izaten du, eta aurrean jokalari erabakigarriak ditu. Baina gu oso ondo gaude. Oso pozik nago taldearen hazkundearekin eta bilakaerarekin».