Jose Angel Iribarrek eta Inaxio Kortabarriak ikurrina atera zuten Atotxan, Realaren eta Athleticen arteko derbian, 1976ko abenduaren 5ean. Orduan, ikurrina legez kanpokoa zen. Keinu hartatik 50 urte betetzear direla, Gure Esku-k eta Gu ere bai!-k erronka bat proposatu dute: Euskal Herri osoko kirolariek eta kirol taldeek omenaldia egin diezaiotela argazki historiko hari, eta ikurrina astindu dezatela abenduaren 11ko asteburuan egiten diren kirol jarduera guztietan: lehiaketa ofizialetan ez ezik, zelaietan, kiroldegietan, frontoietan, mendian, eskola kirolekoetan eta lagunartekoetan ere bai.
Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak eta Gu ere bai! euskal selekzioa eta ofizialtasuna aldarrikatzeko ekinaldiak ohar batean gogorarazi dutenez, ekinbide horrekin segida eman nahi diote joan zen igandean jokatu zen gizonezkoen futbol derbian egindako keinuari. Hartara, mende erdi bat geroago, Iribar eta Kortabarria ikurrina eskuetan zelairatu ziren, oraingoan San Mamesen, «Athleticeko eta Realeko jokalariekin batera, eta zaleen txaloen artean».
Askatasun eta demokrazia gogoa
Irudi historiko hartatik 50. urteurrena beteko dela eta, keinu hura Euskal Herri osoan biziberritzea nahi dute Gure Esku-k eta Gu ere bai!-k. Mugimendu sozial horiek azaldu dutenez, «Iribarrek eta Kortabarriak Atotxan ateratako ikurrin haren atzean gauza asko zeuden: askatasun eta demokrazia gogoa, geure burua gobernatzeko euskal herritarron determinazioa, munduan euskal herritar moduan agertzeko nahia, euskara eta euskal kultura biziberritzeko borondatea…». Frankismoa amaituta, ikurrina legez kanpo egonarazi zuen orduko sistemari desafioa eginez, «Euskal Herriarekiko eta euskal herritarrekiko konpromiso garbi bat adierazi zuen», erantsi dute ekinaldiaren sustatzaileek.
Haiek erakutsitako konpromisoa berresteko aukera paregabea da, haien esanetan, abenduaren 11, 12 eta 13ko erronka: «Keinu txiki eta erraz bat eginda: Euskal Herriko zazpi lurraldeetako kirol lehiaketa, partida, proba, adierazpen guztietan ikurrinarekin ateratzea eta, beraz, argazki ikoniko hura biziberritzea». Keinu erraza, baina sinbolismoaz betea, haien iritziz «herri bezala ariketa kolektibo bat egitea» baita.