Atsekabetik indartuta itzuli da Salma Solaun

Gimnastak hiru urrezko domina irabazi ditu Estonian jokatu den Europako Txapelketan. Parisko Olinpiar Jokoetan finaletik kanpo geratu ondoren, azken txapelketa horrek «indarra» eman dio bere buruarengan sinesteko.

Salma Solaun ariketa bat egiten. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Salma Solaun ariketa bat egiten. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko ekainaren 26a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Parisko Olinpiar Jokoetan bizitako atsekabea zertxobait arinduta, berriro ere maila gorenera itzuli da Salma Solaun gimnasta (Gasteiz, 2005). Hiru urrezko domina lortu ditu Estonian jokatu den Europako Txapelketan Espainiako selekzioarekin; proba hauetan, hain zuzen ere: bost zintakoan, bi uztai eta hiru pilotakoan, eta lehiaketa osokoan. Parisko Olinpiar Jokoetako «zama» hor egongo dela onartu du, baina Europako Txapelketan lortutakoak aurrera jarraitzeko indarra eman diola: «Olinpiar Jokoetan itxaropen handia zegoen gugan jarrita, eta noski, hori bagenekien. Aurretik Munduko Txapelketan podiumera igo ginen, eta urte horretan hirugarren geratu ginen Europako Txapelketan ere. Parisen seguru geunden gure lana ondo eginez gero finalean sartuko ginela, baina ez genuen egindako lan guztia erakutsi, eta ez ginen sailkatu ezta finalerako ere». Baina indartsu bueltatu da. «Parisen amorru handia sentitu nuen, ezin izan genuelako gure lana behar bezala erakutsi. Baina orain berretsi dugu gorenean gaudela oraindik, eta Pariskoak ez gaituela hondoratu, indartu baizik».

Europako Txapelketa ezin hobeto joan zen; ez bakarrik egindako ariketekin oso gustura geratu zirelako, baita lehiatu ziren hiru probak irabazi zituztelako ere. «Badakigu gure kirolak alde subjektiboago bat ere baduela, epaileak baitira gure lanari puntuazioa ezartzen diotenak. Batzuetan, ematen dizuten puntuazioa ez da merezi duzuna. Europako Txapelketan gure lanarekin pozik geratzea zen garrantzitsuena, eta hori lortzeaz gain, emaitzak ere gure aldekoak izan ziren». Ez zuten halako emaitzarik espero: «Bagenekien dominak lortzeko lehian egongo ginela, baina urrea lortzea garesti egongo zela ere bai. Oso pozik itzuli gara». 

Aurten ez dira beste urteetan bezainbeste lehiatu. Europako Txapelketaren aurretik bi probetan baino ez dira aritu: Sofiako eta Portugalgo Munduko Kopetan. Bulgariako hiriburuan jokatutako Munduko Kopan taldea eraberritu zuten, eskarmentua duten gimnastak eta gazteagoak nahastuz: «Zer gertatzen zen ikustera joan ginen. Bagenekien akatsen bat izango genuela. Izan ere, hasierako asmoa martxa hartuz joatea da, ikustea zein ariketetan moldatzen garen ondo eta zeinetan okerrago, non ditugun zalantzak eta non ez… ». Lehen postuan geratu ziren, eta «ustekabekoa» izan arren, «segurtasuna eta motibazioa» eman zien Europako Txapelketara aldarte onean iristeko.

Goi mailako kirolean, akatsak ikasketa prozesuaren parte dira. Solaunek ondotxo daki hori, Parisko Olinpiar Jokoetan gertatutakoaren ondoren. Adierazi duenez, hori «entrenatu egiten da», eta, ariketaren hasieran hutsen bat izanez gero, burua hotz izaten jakin behar da. Hori egin ezean, ariketa guztia «pikutara» bidaltzeko arriskua dago. «Ariketaren hasieran hutsen bat eginez gero, amorru handiagoa izaten duzu, akats bat egin duzula jakinda egin behar duzulako hortik aurrerakoa. Hala ere, huts batekin dena ez dago galduta. Ariketak zailak dira, eta edonork egin dezake akatsen bat».

Ondoeza belaunean

Parisko Olinpiar Jokoetan finaletik kanpo geratu ondoren «hilabete zailak» igaro zituen. Azaroan ebakuntza egin zioten belaunean. Bigarrenez izan zen, gainera. Izan ere, 2021ean ere ebakuntza gelatik pasatu behar izan zuen. 2021eko ebakuntza nahitaez egin behar izan zioten. Hasieran dena ondo zihoan, baina, denborak aurrera egin ahala, belaunaren beste atal batean hasi zen arazoak izaten. Hala ere, itxaron egin zuen berriz ebakuntza egiteko. «Olinpiar Jokoak izanda, ezin nuen geratu, baina banekien horren ostean zerbait egin behar nuela».

Orain belauna nola duen galdetuta, zera azaldu du: bigarren ebakuntza egin aurretik, medikuek ez ziotela ziurtatu mina erabat kenduko ziotenik. «Ezin dut esan belaunak ez didala enbarazurik egiten. Hala ere, ebakuntzaren aurretik baino hobeto nago, eta jada ohitu naiz min horrekin entrenatzera».

«Ezin dut esan belaunak ez didala enbarazurik egiten. Hala ere, ebakuntzaren aurretik baino hobeto nago, eta jada ohitu naiz min horrekin entrenatzera»

SALMA SOLAUNGimnasta

Ebakuntzaren ondotik, fisioterapeutarenean egon da gehienbat, eta Olinpiar Jokoetako zikloaren lehen urtea lasai hartzen saiatu da. «Oraindik hiru urte geratzen dira, eta ez nuen belauna gehiegi kargatu nahi. Ebakuntzaren ondoren behar bezala sendatu nahi nuen, eta pausoz pauso joan. Lehen hilabetea gaizki samar pasatu nuen, baina ikusten duzunean hobetuz doala, konturatzen zara ahaleginak saria duela». Buruhausterik handiena, ordea, zera izan da, ezin izan dela taldekideekin entrenatu: «Taldekideak ariketa berriak egiten ari diren bitartean, zu kanpoan zaude, eta horrek zalantzak eragiten dizkizu. Ni zinten ariketan nago, baina ikuskizuna egin zutenean, beste gimnasta batekin egin zuten, ez nirekin, eta hori nabaritu egiten da. Gauza batzuetan ez zara hain eroso sentitzen, nahiz eta moldatzen saiatzen zaren». 

Datorrenari begira, abuztuan Munduko Txapelketan hartuko du parte, Rio de Janeiron. «Amesten jarrita, oxala Europako Txapelketan lortutako emaitzak lortzea. Baina zaila da. Selekzio oso onak daude: Txina eta Brasil, adibidez. Gainera, beste herrialde batzuk ere oso onak dira, nahiz eta Europako Txapelketan ez diren ondo aritu: Israel eta Ukraina, besteak beste. Akatsak izan dituzte, baina talde bikainak dira». Dena den, arreta eurengan dute jarria. «Hobetzeko ditugun gauzak fintzen ari gara, eta gure onena ematen».

Etorkizunari erreparatu gabe, eguneroko helburuetan jarri nahi du arreta osoa Solaunek, Los Angeleseko 2028ko Olinpiar Jokoetarako oraindik asko geratzen baita. «Gustatuko litzaidake bigarrenez Olinpiar Jokoetan parte hartzea, baina luzera begirako helburua da. Edozer gerta daiteke. Horregatik, epe motzera begira jarri behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.