Eibarreko jokalaria

Ane Campos: «Aurreko aldian baino gehiago ari naiz gozatzen Lehen Mailaz»

Eibarrek puntu baliotsua lortu zuen azken jardunaldian Levanteren kontra. Hiru puntura ditu orain kategoriaz ez jaisteko postuak. Camposek nabarmendu du taldea ondo dagoela fisikoki eta mentalki, eta huts txikiak konpontzeko baliatuko dutela etena.

(ID_17085869551335) (/EZEZAGUNA)
Eibar
ainara arratibel gascon
2024ko otsailaren 23a
05:10
Entzun

Ane Campos Eibarreko jokalaria (Getaria, Gipuzkoa, 1999) eskarmentua pilatzen ari da pixkanaka Lehen Mailan. Horrek gauzak beste modu batean hartzen eta aztertzen lagundu dio, patxada handiagoz. Hain zuzen ere, gakotzat jo du patxada eta mentalki indartsu egotea mailaz ez jaisteko borrokan. Uste du lortuko dutela. «Gure esku dago, eta hori da garrantzitsuena».

Etenaldira sentipen onekin iritsi zarete Levanteren aurka berdindu eta gero, ezta?

Bai sentipen oso onekin. Egunetik egunera egindako lana ona da, eta zelaian islatzeko gai izan ginen. Jakitun geunden emaitzak iritsiko zirela, eta iristen ari dira pixkanaka. Normala zen hasiera gorabeheratsua izatea, kategoria aldatzeaz gain zelaia ere aldatu baikenuen [Unben jokatu beharrean Ipuruan jokatzen dute orain]. Unberekin gertatu bezala, jada ohitu gara, eta gure etxea bihurtzen ari gara Ipurua. Oso gustura ari gara jokatzen, eta hasieran geneuzkan kezkak eta zalantzak uxatu ditugu dagoeneko.

Sasoi hasierarekin alderatuz, uste duzu partidak amaitu arte lehiakor izateko gaitasun handiagoa duzuela?

Denboraldi hasieratik aurrerapauso dezente eman ditugu, eta horietako bat da partida amaitu arte lehiakor izatea. Levanteren aurka erakutsi genuen hori, eta hori da bidea. Asko ikasi dugu horretan, eta taldea oso ondo dago, bai fisikoki, bai mentalki. Etenaldi hau baliatu behar dugu izandako hutsetatik ikasteko, ondo egin ditugun gauzak indartzeko, fisikoki karga gehiago jartzeko eta mentalki apur bat deskonektatzeko.

Bueltan hiru partida gogor izango dituzue, Madrileko hiru talderen kontra.

Bai, hala da. Baina baikor gara. Jendeak ez zuen espero Real Madrilen eta Levanteren aurka etxean hain ondo lehiatuko ginenik, edo Bartzelonaren zelaian lehen zatian ondo eutsiko genionik. Baina erakutsi genuen gai garela, eta, egindako hutsak zuzenduz gero, hor egongo gara.

Zein izan dira huts horiek?

Nik uste lehen itzulian sartu zizkiguten gol gehienak gure hutsegiteek eraginak izan zirela, aurkariek sortu ziguten arriskutik baino gehiago. Beraz, hor finago aritu behar dugu, Lehen Mailan aurkariek ez baitute barkatzen, eta edozein akats txiki baliatzen dute.

Duela bi urte aritu zineten azken aldiz Lehen Mailan. Zein aldaketa nabaritu duzu orduko eta oraingo taldearen artean?

Ez dut gustuko alderaketak egitea, baina denboraldi honetan taldea oso batuta ikusten dut, eta ideiak oso argi dituela. Badaki partida bakoitza nola jokatu behar duen, eta erasoan eta defentsan nola jardun behar duen. Argitasun hori funtsezkoa da. Gainera, zalantzak argitzeko eta hutsegiteak aztertzeko konfiantza dugu bai taldekideen artean, baita entrenatzailearekin ere. Oso elkartuta gaude, eta hori funtsezkoa da.

«Denboraldi honetan taldea oso batuta ikusten dut, eta ideiak oso argi dituela. Argitasun hori funtsezkoa da»

Entrenatzailea aipatu duzu. Yeray Martinek beste urtebetez luzatu du kontratua. Zuentzat ere garrantzitsua izango zen ikustea klubak apustu argia egin duela, ezta?

Bai. Iritsi zenetik ikusi da zenbat lan egin duen. Oso gustura gaude harekin, konfiantza handia ematen digu jokalarioi, eta, nahiz eta puntuei begira beheko postuetan egon, uste dut partida gehienetan lortu dugula berak nahi zuena erakustea zelaian. Horrek erakusten du oso ondo transmititu digula nahi duena.

Beheko postuak aipatu dituzu. Sporting Huelva nahiko atzean geratu da, baina Levante las Planas, Vila-real, Valentzia, Betis, Granada eta zuen artean gauzak oso estu daude. Nola ikusten duzu borroka hori?

Egia esan, ez diot asko erreparatzen, oraindik partida asko falta direla eta. Ez zaigu komeni begiratzea. Azken jardunaldietan begiratu behar badiogu, begiratuko diogu. Sporting Huelva, gainera, orain zertxobait atzera geratu da, baina talde ona dauka, eta edonoiz esna daiteke. Orain, garrantzitsuena da gure esku dagoela salbazioa. Horrek patxada eman behar digu lanean jarraitzeko eta aurrerapauso gehiago emateko. Mentalki ondo egotea garrantzitsua da, eta uste dut hori ere lortzen ari garela. Egiten ari garen lan ona asko ari zaigu laguntzen horretan. Izan ere, irabazi ez arren ondo lehiatzen bagara partidetan, beste sentipen batekin joaten gara etxera. Guri hori ari pasatu zaigu. Ez dugu etsitzen. Alde horretatik, beharbada, duela bi urte taldea hauskorragoa zen. Orain lasai gaude, eta, esan bezala, mentalki indartsu.

Zu, behintzat, disfrutatzen ari zarela ikusten da.

Egia esan, oso gustura nago. Aurreko aldian baino gehiago ari naiz gozatzen Lehen Mailaz. Nire ohiko tokian jokatzen ari naiz, eta horrek asko laguntzen du; baita taldekideek eta teknikariak eman didaten konfiantzak ere. Bestalde, esperientziak erakutsi dit kategoria honetan jokatzeak berez duela presioa, eta ezin diozula zuk zeure buruari gehiago erantsi. Azken jardunaldietan, gainera, golak sartzen ari naiz. Nahiz eta azken jardunaldian epaileak baliorik gabe utzi zuen. Pena da, gure ustez gol argia baitzen, eta ez dakigu zergatik utzi zuen baliorik gabe.

Levante las Planasi sartu zenion gol ikusgarria, ordea, ontzat eman zuten. Nahita jaurti zenuen horren urrutitik?

Bai, bai, hala egin nuen. Tamalez, gero Levante las Planasek berdindu egin zuen. Baina banuen gol bat sartu beharra. Horretan ere lagundu nahi diot taldeari, eta gola sartzeak beti ematen dizu konfiantza.

Entrenatzaile ere bazabiltza Lagun Onak taldean. Gustura ari zara?

Bai, oso gustura nago. Oso ondo pasatzen dut, eta deskonektatzeko ere balio dit. Entrenatzailearen eginkizuna hobeto ezagutzeko eta ulertzeko ere balio dit.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.