Futbolean jokalari bakoitzak argi du zer funtzio dagokion bere dortsalaren arabera. Eta are argiagoa da postu bakoitzean zer emaitza bildu behar diren goraipatua izateko. Atezainei dagokienez, esate baterako, matematikak errazak dira: jokatutako neurketa bakoitzean zenbat gol sartu dizkieten hartzen da aintzat. Erdiko defentsei dagokienez, zenbat baloi berreskuratu edo zenbat norgehiagoka irabazi dituzten zenbatu daiteke, besteak beste; hau da, hainbat faktorek zehazten dute zer den maila ona. Eta zelaiaren beste muturrean badago ere, 9aren postuak atezainaren postuaren antz handiagoa dauka: haren kasuan, gol bat sartzeko ahalik eta denbora gutxien behar izatea da funtsezkoena, aurrelari finenak definitzen dituen ezaugarria. Realean, Orri Oskarssonek darama dortsal hori (Reykjavik, 2004).
Halere, datu hori «engainagarri» samarra izan daitekeela iritzi dio Haritz Otxotorenak (Hernani, Gipuzkoa, 1995), Pasaia futbol taldeko entrenatzaileak, eta adierazi du taldearen araberakoa dela aurrelariari eskatu beharrekoa: «Bartzelonan, adibidez, erdiko aurrelariak bizkarrez jokatzen du, eta hegaleko aurrelariek errematatzeko modua eman behar die. Realean, berriz, golak sartzea exijitu behar zaio, noski».
Donostiako taldean hamaika aurrelari bikain ibili dira, eta sekulako emaitzak lortu dituzte. Jokalari batek gola bat sartzeko zenbat denbora behar duen kalkulatzeko, zenbat denbora jokatu duen eta zenbat gol sartu dituen hartzen da kontuan. Eragiketa hori eginda, gola maizenik sartzen duten eta zuten jokalarien zerrendan oso goian kokatu da Oskarsson. Lehenengo postuan Meho Kodro dago, 107 minutuan behin sartzen baitzuen hark gola; eta Islandiako aurrelaria da bigarren: 137 minutuan behin sareratu du baloia orain arte. Izugarrizko marka da hori, kontuan hartuta Alexander Isakek 180 minutu behar izaten zituela horretarako, Imanol Agirretxek 188, eta Jesus Mari Satrustegik 189 —aurrelari garrantzitsuak eta are, mitikoak hirurak ere—.
«Matarazzoren jokoa Imanolena baino dinamikoagoa da, aurrera gehiago begiratzekoa, eta horrek mesede egiten dio Oskarssoni»
HARITZ OTXOTORENA Pasaiako entrenatzailea
Datu horiek, halere, kontu handiz interpretatu behar dira; izan ere, futbola izugarri aldatu da Kodroren edo Satrustegiren garaitik hona. Garai hartan futbola gogorragoa zela esan daiteke, fisikoagoa; gaur egun taktikoagoa da, mentalagoa. Otxotorena ez da ausartu esaten noiz izan den zailagoa golak sartzea, baina garbi mintzatu da Oskarssonek lortutakoari buruz: «Gaur egungo futbolean lortzeko zailena den hori lortu du: nabarmentzea. Oraingo futbola ordenatuagoa da, eta aurrelariek zailagoa dute defentsei gailentzea. Lehen, banakako norgehiagokek balio handiagoa zuten; oso indartsua zen aurrelari batek asko balio zuen; orain, jokalari guztiak prestatuagoak daude».
Ibilbide gorabeheratsua
Nola hasten den baino, garrantzitsuagoa omen da nola amaitzen den. Eta Oskarssonek oso ondo daki hori. Izan ere, hasiera gogorra izan zuen talde txuri-urdinean. Realak inoiz egindako fitxaketarik garestiena izan zen: 20 milioi ordaindu zituzten hura fitxatzeko —Umar Sadiq fitxatzeko adina—, eta, diruak eragindako presioa nahikoa ez, eta min hartu zuen. Are gehiago, Mikel Oiartzabalekin lehiatu behar izan zuen postua lortzeko. Eta hori guztia zama izan zen 20 urteko gaztearentzat. Hasierako gorabeherak gorabehera, baina, garai gozoan dago orain.
Otxotorenaren esanetan, bilakaera on horretan eragin zuzena izan du Pellegrino Matarazzo iristeak: «Imanolen [Alguacilen] jokoa posizionalagoa zen, gehiago jokatzen zuen oinetara, eta jokalari oso egokiak zituen horretarako: Zubimendi eta Merino. Matarazzoren jokoa, berriz, dinamikoagoa da, aurrera gehiago begiratzekoa, eta horrek mesede egiten dio Oskarssoni».
Entrenatzaile aldaketak on egin dio Islandiako aurrelariari, bai, baina Otxotorenak, entrenatzaileaz gain, kluba bera ere goraipatu du aurrelariaren bilakaera dela eta: «Realera iritsi zenean, 20 urte zituen Oskarssonek, ume bat zen, eta ardura asko hartu behar izan zituen. Realak bere martxa eta prozesuak errespetatu zituen. Pazientzia handia izan zuen, eta orain fruituak biltzen ari da».
Eta hemendik aurrera?
Oskarssonen bolada bikainaren isla da Pasaiako entrenatzaileak harentzat laudorioak besterik ez izatea. Izan ere, aurrelariak zertan hobetu beharko lukeen galdetuta, ia hitzik gabe geratu da: «Joan den denboraldian izugarrizko gaitasuna zuen gol aukerak sortzeko, baina gero, hori ez zen islatzen sartzen zuen gol kopuruan. Horixe zeukan hobetzeko: sortzen zituen aukerak baliatzea. Aurten, ordea, hori ere egiten ari da». Erritmo honi heltzen badio, gauza handiak egiteko gai izango da, Otxotorenaren esanetan: «Golegile peto-petoa izango dela iruditzen zait. Izugarria izango da».
Matarazzori funtzionatu dio orain artekoak, baina ikusteko dago hemendik aurrera, Ander Barrenetxeak min hartu ondoren, zer bide hartuko duen. Otxotorena bera ere zain dago: «Matarazzok aukera asko ditu: Kubori garrantzi handiagoa ematea; Oiartzabal hegalera mugitzea, nahiz eta barrualdetik hobeto aritzen den; edo harrobiko jokalariren bati, hau da, Ochiengi edo Dani Diazi aukerak ematea. Hala ere, espero dut aldaketa handirik ez egitea, aurretik egindakoak funtzionatu duenez gero».
Hegalean batak ala besteak jokatu, ezustekorik edo ezbeharrik ezean, Oskarsson arituko da erdian. Ikusteko dago datorren denboraldian ere hala izango den, pentsatzekoa baita aurrerantzean ere hain ondo baldin badabil talde indartsuak haren atzetik ibiliko direla, duela lau urte Isakekin gertatu zen bezala.