Jagoba Arrasatek ez dauka formula magikorik. Bost partida zuzendu ditu Osasunaren aulkian, duela hilabete klub gorritxora itzuli zenetik, eta apaldu egin da hasieran piztu zen ilusioa. Izan ere, Osasunaren egoera ez da behar beste hobetu. Kopan, aise kanporatu zuen Atletico Calatayud xumea; ligan, berriz, lau puntu batu ditu lau partidatan. Errazak dira kalkuluak: puntu bat lehia bakoitzeko, Luis Miguel Ramisekin bezala. Etxetik kanpoko ibilia zuzentzea da Arrasateren erronka nagusia, bisitari gisa oraindik ezinean ari baita taldea. Etxean, ondo jokatu du tarteka, bizi eta oldarkor, baina ez da guztiz fidagarria izan. Mesede egin beharko lioke min hartuta izan diren jokalarien itzulerak, baita datozen jardunaldietako egutegiak ere.
1
Estilo egokiagoa topatu du
Ramisek oso jokamolde defentsiboa ezarri zuen, egitura areatik gertu ipinita. Bost atzelari erabili zituen zenbait partidatan, eta erdilari asko pilatu. Lehen helburua gol gutxi jasotzea zen. Bada, baloia behin eta berriz sartu zen gorritxoen ate barruan. Gainera, erasoko jokoa guztiz hutsala zen. Norabidea aldatu beharra zuen Osasunak, eta estiloari dagokionez, hala egin du, taldearen lema Arrasateren esku utzita. Bere garaian egin bezala, teknikari bizkaitarrak jokamolde bizi eta dinamikoa ezarri nahi du, eta hegaletako jokoa berpiztu. Era berean, presioan ausardia sustatzen du, taldeak aurrerantz defenda dezan.
Sadarren, agerikoa izan da aldaketa: gorritxoek hogei jaurtiketa egin zizkioten Racingi, eta hamazazpi Athletici. Ramisekin, batez beste, hamar aldiz jaurti zuten etxeko lehen lau partidetan. Defentsako datu orokorrak ere hobeak dira orain: lehen zortzi partidetan hemezortzi gol jaso zituzten nafarrek, eta Arrasate iritsi ondoren, lau jardunalditan bost.
2
Hotzez etxetik kanpo
Arrasaterekin lortu dituen puntu guztiak Iruñean eskuratu ditu Osasunak. Alde horretatik, lehengo lepotik du burua, aspalditik baitabil ezinean Iruñetik urrun; Arrasatek taldea 2024an utzi zuenetik, hain zuzen. Geroztik, bost partida baino ez ditu irabazi bisitari moduan. Arrasate itzulita, ez da bat-bateko eraldaketarik izan. Sevillaren aurka, esperantza pizteko modukoak izan ziren lehen hogei minutuak, baina gorritxoak itzali egin ziren lehen gola jaso ondoren. Gero, Deportivoren aurka, aurretik iritsi ziren atsedenera, lehia oso zalantzati hasi izanagatik. Bada, Sanchez Pizjuanen gertatu bezala, hondoratu egin ziren aurkariaren lehen gola jasotzean. Ia saihetsezina izan zen bigarren gola jaso eta neurketa esku hutsik bukatzea. Hots, oraindik burumakur dabiltza bisitari moduan.
3
Akats larri gehiegi
Konfiantza gutxirekin jokatzeak areagotu egiten du kale egiteko aukera. Eta alde horretatik, akats larri ugari pilatu ditu Osasunak azken bi partidetan. Alejandro Catenak, adibidez, huts galantak egin zituen Deportivoren aurka, baita Athleticen kontra ere, Abel Bretonesekin batera. Catenak txistuak entzun behar izan zituen, baina Sadarreko zaleak amorrarazi ondoren, poz handia eman zien, 90. minutuan derbia berdinduta. Akatsen erroa aldarte itzalia izan daiteke, baina baita arretari eusteko zailtasuna ere. Hala esan zuen Arrasatek azken neurketaren ondoren: «Pertsonak gara, eta batzuetan arreta galtzen dugu. Gizartean, orokorrean, arretari eusteko gaitasun gutxiago dugu gaur egun, eta agian, joera hori futbolera hedatu da».
4
Itzalpetik atera ditu zenbait jokalari
Arrasatek konfiantza handia eman die aurrez nahiko bazterrean izan ziren zenbait jokalariri. Deigarria da, adibidez, Enzo Boyomoren kasua. Sasoiari dagokionez, bere onenetik urrun hasi zuen denboraldia, eta hiru partida baino ez zituen jokatu Ramisekin —horietatik bi, hasieratik—. Oraindik ez dago indar betean, baina hamaikakoan toki finkoa eskaini dio Arrasatek: osorik jokatu ditu ligako azken lau neurketak. Jonathan Dubasinek ere aurrerako urratsa egin du Arrasateren eskutik. Derbian ordezkoa izan zen, baina titular gisa jardun zuen aurreko hiru lehietan. Baliagarriak izan dira haren energia eta zuzen erasotzeko duen gaitasuna. Era berean, teknikari bizkaitarrak beste zeregin bat eman dio Asier Osanbelari. Ramisek atzelari gisa zekusan, baina Arrasaterekin, erdilari erasokor ari da jokatzen. Aldaketak on egin dio.
5
Min hartutakoen zain
Lesioek kalte handia eragin diote Osasunari. Jorge Herrando gabe, defentsaren erdigunean alternatiba gutxi izan du talde gorritxoak. Eta Aimar Oroz eta Romain del Castillo gabe, Moi Gomez oso bakarrik geratu da sormen lanean. Del Castillok apenas jokatu zuen Ramisekin, baina oso baliagarria izan daiteke Arrasaterentzat. Aimarri dagokionez, Osasuna aspaldi dago haren beharrean, taldearen itsasargia baita erasoan. Getaferen aurka hartu zuen min, hirugarren jardunaldian, eta geroztik, ezin izan du gehiago jokatu. Bueltan izango da igandean, Malagaren kontrako partidan, Herrando eta Del Castillo bezalaxe. Osasunak azken sailkatuaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta hurrengo bi partidetan, jaitsiera postuetan dauden beste bi taldeak izango ditu aurkari: Valentzia, etxetik kanpo, eta Elx, etxean. Estropezuak alde batera utzi, eta ibilera zuzentzeko tenorea dute gorritxoek.