Eguerdia da, eta jende asko dabil Zarauzko malekoian (Gipuzkoa), eguzkipean pasieran. Surflari asko ere badabil uretan. «Ni ere surfean ibilia naiz. Zarauzkoa izanik... Baina niri eskubaloia gustatu zait beti. Anaia ikusita hasi nintzen, eta gaur arte», aitortu du Elene Frescok (Zarautz, 2008). Gaur egun, gorenean ari da, Bera Beran, «amets bat» betetzen.
Azkar suspertu zarete: Espainiako Ligan lehen partida galdu zenuten, baina ondorengoa irabazi duzue.
Kolpe handia izan zen lehen partida galtzea. Aurreko guztiak irabazi genituen, eta bolada on horri eutsi nahi genion. Baina oso argi dugu aurrera egin behar dugula, denbora gutxian partida garrantzitsu asko jokatuko baititugu. Azkenekoan, bereziki bigarren zatian, erakutsi genuen bueltan garela. Buruz indartsu egon behar dugu, pistan ondo aritu eta zer egiteko gai garen erakusteko.
Emaitzei erreparatuta, bikain ari zarete, lider baitzarete. Baina, emaitzez harago, zer moduz ari zarete?
Oso ondo ari gara. Egiten dugun guztia gogo eta ilusio handiz egiten ari gara. Oso langileak gara.
Jokoari dagokionez, zertan ari zarete ondoen?
Erasoan ondo ari gara. Jokalari asko ditugu, eta bakoitzak dohain jakin bat du. Horri esker, gure erasoa aberatsa da. Defentsan, berriz, txukun gabiltzan arren, badugu zer hobetua. Baina ziur nago lanari esker hobetu egingo dugula.
Hartu diozue neurria Jon Begiristainek egin nahi duen jokamoldeari?
Bai. Gainera, Imanolek [Alvarezek] zuenaren antzekoa da. Ezberdintasun batzuk badaude, baina antzekoa da. Horri esker, errazago barneratu dugu.
Zeintzuk dira ezberdintasunak?
Jonek behin eta berriro esaten digu defentsa oso garrantzitsua dela, eta partidak defentsari esker irabazten direla, eta ez erasoari esker.
Ro’Casaren aurka jokatuko duzue gaur Europako Ligako hirugarren kanporaketako joanekoa (19:30, Ro'Casaren Youtube kanala). Nolako sasoian zaudete?
Azken partida irabazteak mesede egin digu, geure buruan berriro konfiantza izateko. Oso gogotsu gaude. Gainera, oso ondo ezagutzen dugu Ro’Casa, eta badakigu nola jokatuko duen.
Europako Ligako kanporaketa izanik, nahiago zenuten beste talderen baten aurka aritu?
Guri berdin zitzaigun noren aurka jokatu, berdin-berdin prestatuko baikenuen. Ro’Casa egokitu zaigu, eta hari egin behar diogu aurre. Askotan jokatu dugu elkarren aurka, eta argi geratu da guk haiei irabaz diezaiekegula, baina baita haiek guri ere. Aurkari zaila da, baina argi dugu badugula aukera ligaxkarako sailkatzeko.
«Azken partida irabazteak mesede egin digu. Oso gogotsu gaude. Gainera, oso ondo ezagutzen dugu Ro’Casa»
Ro’Casak gaizki ekin zion ligari, baina irabazi egin ditu azken hiru partidak.
Liga oso luzea da, eta gorabeherak egoten dira. Ro’Casak gora egin du, baina guk gure lanari erreparatu behar diogu. Bete-betean aritu behar dugu.
Etxean jokatuko duzue itzulikoa. Kontuan hartzekoa da hori?
Bai. Oso pozik gaude partida erabakigarria etxean jokatzeagatik. Igandez jokatuko dugu, eta, egunik aproposena ez bada ere, badakigu zale asko joango direla Gaskara eta asko animatuko gaituztela.
Ligaxka jokatzea dago jokoan.
Bai, eta pribilegio handia da hori, askok ez baitute jokatzen. Horretan ikusten da eskubaloiari esker zein esperientzia politak bizi ditzakezun. Niretzat kanporaketa berezia da hau. Iaz, Dijonen izan nintzen, eta ez nuen jokatu, baina ikusi nuen zein berezia den horrelako partida bat jokatzea. Oraingoan, berriz, pistan ariko naiz, jokatzen, eta horrek ilusio handia pizten dit.
Aurreneko denboraldia duzu lehen taldeko jokalari gisa. Nola zabiltza?
Pixkanaka gero eta konfiantza handiagoa hartzen ari naiz. Prozesu baten parte da, maila honetan jokatzeak buruari eragiten baitio. Oso gustura nabil taldean, eta oso eskertuta nago taldekideekin, asko babesten naute eta.
Hasi zara hizketan?
[Barrez hasi da]. Aurreko sasoian isilik egoten nintzen, baina, pixkanaka, ireki egin naiz. Nire egitekoa ere aldatu egin da, garrantzitsuagoa da, eta horrek konfiantza ematen dit lanean jarraitzeko.
Begiristainek denboraldi hasieran esan zuen «aurrerapauso bat» ematea eskatu zizula.
Esan zidan lehen taldeko jokalaria izanik gehiago eskatuko zidala. Nik ere aspaldi nuen buruan aurrerapauso bat eman behar nuela, baina Joni entzuteak errealitatearen parean jarri ninduen. Zer egiteko gai nintzen erakusteko ordua zen. Uste dut aurrerapausoa ematen ari naizela. Bide onean nago. Agian hilabete batzuk barru esango dizut jada aurrerapausoa eman dudala.
Begiristainen arabera, uste baino aurrerapauso handiagoa eman duzu, eta bide onean zaude «oso jokalari ona» izateko.
[Hunkitu egin da]. Izugarri eskertzen diot hori esatea, horrek erakusten baitu egunerokoan egiten ari naizen esfortzua saria izaten ari dela.
Zeure buruan konfiantza handiagoa izateko, mesede egin zizun gazte mailako munduko txapelketa irabazi eta jokalari onenaren saria eskuratu izanak?
Erabakigarria izan zen neure buruarengan konfiantza handiagoa izateko. Horrelako aitortza garrantzitsu bat jasotzeak konfiantza handia eman zidan denboraldi honi aurre egiteko.
«Gustatuko litzaidake taldean egonkortzea, baina badakit hori lortzeko lan handia egin behar dela. Ni prest nago»
Presioa ere bai?
Maila honetan beti dago presente presioa, baina jakin behar duzu harekin lan egiten, kontsumitu ez zaitzan.
Nola egiten duzu zuk?
Pentsatuz goi mailako kirolak daukan gauza bat dela.
Zertan hobetu duzu gehien?
Erasoan gehiago nabarmentzen ari naiz. Hala ere, gustatuko litzaidake urrutitik gehiago jaurtitzea eta piboteari pase gehiago ematea.
Zenbat aldiz esan dizu Begiristainek ez pasatzeko horrenbeste baloia eta botatzeko?
Askotan, baina gero eta gehiagotan jaurtitzen dut, eta golak sartzen ari naiz. Baina Jonek gehiago eskatzen dit oraindik ere. Ulertzekoa da, eta ona ere bai, nigan konfiantza duen seinale baita.
Gipuzkoako jokalari gutxi egonkortu da taldean azkenaldian. Zu izango ote zara taldean egonkortuko den jokalari hori?
Gustatuko litzaidake, baina badakit hori lortzeko lan handia egin behar dela. Ni prest nago.
Zer moduz daramazu goi mailan aritzea eta goi mailako ikasketak egitea?
Ez da erraza. Fisioterapia ikasten nabil Bilbon, eta klasera joan behar dut. Baina ez dut denbora askorik joateko. Saiatzen naiz denbora ahalik eta ondoen aprobetxatzen, eta neure buruari presio ez egiten.