UAE taldean arrakastaz arrakasta dabil Josean Fernandez Matxin (Basauri, Bizkaia, 1970), zuzendari nagusi moduan. Bederatzigarren sasoia du munduko txirrindularitza egiturarik indartsuenean, eta anbizio handiz dakusa etorkizuna. «Lortu duguna itzela izan da, baina onena etortzeko dago». Ez du uste UAEren eta Tadej Pogacarren nagusitasun ia tiranikoak kalte egiten dionik ziklismoari ikuskizun gisa. Kontrara: «Nire ustez, inoizko ziklismorik onena ari gara ikusten».
Behin Giroa amaituta, izan duzu atseden apur bat hartzeko betarik?
Oso zaila da. Lasterketak ez direnean, egonaldiak dira; adibidez, egun hauetan Sierra Nevadako egonaldian egon naiz. Datorren astean, berriz, 23 urtez azpikoen Giroa hasiko da, eta bertan egunen bat igaro nahiko nuke. Oso gustuko dut gazteen lasterketak ikustea, baina ez zait erraza suertatzen egutegi aldetik; lehentasuna World Tourreko probetan egotea da.
Lau etapa irabazi dituzue Italiako Giroan. Ezbeharrak pilatu zaizkizuela aintzat hartuz, uzta ona da?
Ezbehar aldetik, denboraldi katastrofikoa ari da izaten guretzat. Giroaren aurretik, hamahiru ziklista genituen lehiatik kanpo. Hala ere, lehiakorrak gara oraindik, eta horren erakusgarri dira Giroan irabazi ditugun etapak. Nortasuna ez da galtzen. Oztopo handia da lesio eta erorikoen ondorioz hainbeste hutsune edukitzea, baina erreakzio gaitasun handia erakutsi dugu, eta arazoei irtenbidea eman diegu.
Giroko garaipenetako bat Igor Arrietaren eskutik lortu zenuten. Pozik zaudete haren garapenarekin?
Bai. Esperantza handia izan dugu beti Igorrekin. Era berean, lasai jokatu dugu; ez genuen nahi presaka ibil zedin. Oso txirrindulari moldakorra da, eta bere espazioa izan du Giroan. Horrela izango zen taldeburuak onik izan balira ere.
Sasoi bakarrean inoizko garaipen gehien lortu zenuten iaz: 97 izan ziren guztira. Eta aurten, oztopoak oztopo, 36 lortu dituzue urtearen lehen erdian. Kopuru horietara iristeko, ez da aski munduko ziklistarik onena edukitzea. Hots, UAE taldea Pogacar baino askoz gehiago da.
Tadej errepidean dagoenean, arreta osoa haren aukeran jartzen dugu. Munduko ziklistarik onena da, eta historiako onenetako bat. Faborito nagusia da ia lasterketa guztietan. Baina hura ez dagoenean, ez gara besoak gurutzatuta geratzen. Iaz hogei txirrindularik bete zuten garaipenen zakua, eta, denboraldi honetan, hamahiruk irabazi dute dagoeneko. Horrek, nagusiki, gauza bat esan nahi du: txirrindulari guzti-guztiek dutela distira egiteko tartea.
«Giroan ikusgarri aritu da Vingegaard. Oso nagusi izan da, eta etekin handia lortu du ahalegin txikia eginda»
Tourra hilabete barru hasiko da, eta erronka handia du Pogacarrek: bosgarrenez irabaz dezake. Nola dago orain?
Ongi. Egun hauetan Tourrean ariko diren ziklistekin izan naiz, eta, beti bezala, lanean zintzo aritu dira. Gainera, oso giro ona sumatu dut haien artean. Eta gauzak laguntasun giroan egiten direnean, errazagoa da ondoren emaitza ona lortzea.
Zer deritzozue Jonas Vingegaardek egin duen Giroari? Izan ere, aise ibili da: sailkapen nagusia eta bost etapa irabazi ditu.
Oso nagusi izan da, garbi dago. Etekin handia lortu du ahalegin txikia eginda. Egia da aurkari batzuk ez direla espero izandako mailan izan; Pellizzari datorkit burura. Baina, oroz gain, Vingegaarden maila goratu behar da. Zuen sasoia izanda, oso zaila zen inork aurre egitea. Ikusgarri aritu da.
Aurten Pogacarrengandik gertuago egon liteke Vingegaard? Lehia estuagoa ikus genezake?
Tira, Seixas ere hor dago, eta Del Toro ere gora ari da egiten. Aurtengo Tourra ez da izango aurrekoen kalko bat. Akatsa litzateke bertan goxo geratzea. Uste badugu urtero gauza bera geratuko dela, oker gabiltza. Aurkariek jada badakite zer maila dugun banaka zein talde moduan. Taktika berriak asmatu behar ditugu, eta dinamikoak izan planteamenduak egiteko garaian, gure indarguneak erakutsi eta aurkarien ahuleziak agerian utzi ahal izateko.
Seixas dagoeneko prest ikusten duzu Tourrean Pogacarri eta Vingegaardi begietara begiratzeko?
Txirrindulari gazteek gutxi dute galtzeko, eta asko irabazteko. Ordea, Frantzian aurreikuspen handiak eragin ditu Seixasek. Urteak daramatzate Tourreko txapeldun baten zain, eta esperantza piztu du Seixasek. Hala ere, ez liokete behar baino gehiago exijitu beharko. Txirrindulari aparta da, garbi dago, eta oso gaztea izan arren, uste dut gai izan daitekeela hiru astez mailari eusteko. Oso aintzat hartu beharreko aurkaria da guretzat. Eskarmentu aldetik, ez dago Pogacar eta Vingegaarden pare, baina ezin da gutxietsi denok txunditzeko duen gaitasuna. Nik junior mailatik ezagutzen dut, eta banekien sekulako kalitatea daukala. Ordea, harrigarria da zeinen azkar hazi den.
«Oso aintzat hartu beharreko aurkaria da Seixas; ezin da gutxietsi denok txunditzeko duen gaitasuna»
Laster UAEren elastikoa jantzi lezake?
Nik kirol arloan egiten dut lan, eta ez naiz nor halakoez hitz egiteko. Beste talde bateko txirrindularia da, eta errespetuz jokatu nahi dut.
Ziklismoaren historian izan al da UAE bezain talde indartsurik?
Bere garaian Mapein egin nuen lan, eta betidanik talde hura izan dut erreferentetzat egitura mailan. Gaur egungo UAE Mapei baino hobea den? Bada, emaitzei begiratuta, ziurrenik bai. Hala ere, ez naiz halako gauzei begira bizi. Atzera baino gehiago, aurrera begiratu nahi dut. Lortu duguna itzela izan da, baina onena etortzeko dago.
Nola eusten zaio goseari ia dena irabazi ostean?
Ez dut uste ia dena irabazi dugunik. Erronka eta helburu ugari dugu etorkizunera begira. Ziklista gazteak garatzea, adibidez, pizgarri handia da guretzat. Ederra da haiek apurka lortzen dituzten garaipenen parte sentitzea. Geroz eta hobeak izateko beharra dugu, eta gauza arruntak ahalik eta hobekien egitea da gakoa.
Hainbaten ustez, ziklismoari zirrara kentzen dio talde bat eta txirrindulari bat horren nagusi izateak. Zein da zure iritzia?
Zirrara lehen falta zen, azken kilometroetara arte erasorik ez zenean. Orain, ordea, helmugatik 60 edo 80 kilometrora piztu daiteke sua. Nire ustez, inoizko ziklismorik onena ari gara ikusten. Pogacar, adibidez, konfort eremutik ateratzen da, eta harentzat horren egokiak ez diren probetan lehiatzen da. Aspergarria da hura Milan-Sanremon edo Paris-Roubaixen ikustea? Zale batzuk beti izango dira inkonformistak, baina, ikuskizun moduan, gaur egungo ziklismoak ez du parekorik.