Gaur egun, 1 Formulara iristeko ohiko bidea 3 Formula eta 2 Formula mailetan lehiatzea da. Txapelketa irabazten duen gidariak ezin du berriro parte hartu. Titulua lortu arte nahi adina urtez lehia daitezke, ordea. Davide Valsecchik bost urte behar izan zituen 2 Formulan txapeldun izateko. Arrakasta handiagoa lortu du telebistako esatari lanetan.
Badira, halere, iritsi eta lehen urtean txapeldun izan diren gidariak: Nico Rosberg, Lewis Hamilton, Nico Huelkenberg, Charles Leclerc, George Russell... eta Oscar Piastri (Melbourne, Australia, 2001). Piastrik, gainera, gauza bera egin zuen 3 Formulan; txapeldun izan zen lehen urtean. Goi mailako gidarien ezaugarria da hori.
Ordurako 1 Formulako taldeek bazekiten australiarra harribitxi bat zela. Hala, 2022an, Renaultek Alpineren egiturarako fitxatu zuen, gidarien garapen programan. Alpineren gidariak Esteban Ocon eta Fernando Alonso ziren, eta, Piastrik gidatzeko aukera gehiago izan zitzan, McLareni eskaini zioten erreserba gidari gisa. Williams eta Alfa Romeo taldeak ere ate joka ibili ziren, eta beren autoetan eserleku bat eskaini zioten hurrengo urterako. 1 Formulako taldeek ondo dakite gidariek zer-nolako maila duten, edonork eskura ez dituen datuak baitituzte.
Alonsok 2022ko udan Alpine utzi eta Aston Martinera jo zuenean, Alpinek aukera aparta ikusi zuen hutsune hori Piastrirekin betetzeko. Halaxe adierazi zuten famatu egin zen prentsa ohar hartan: Piastrik hartuko zuen Alonsok utzitako aulkia. Bi ordu geroago, Piastrik belarrondoko bat emanda erantzun zion Alpineri, sare sozialetan: «Jakin berri dut Alpine F1ek ohar bat bidali duela prentsara gaur arratsaldean nire baimenik gabe, esanez datorren urtean haiekin gidatuko dudala. Ez da egia; ez dut kontraturik sinatu Alpinerekin 2023rako. Datorren urtean ez dut Alpinerekin gidatuko». 21 urte eskas izan arren, argi eta garbi hitz egin zuen. Australiar estiloan.
McLarenekin batera egin du aurrera
Geroago argitu zenenez, Piastri hilabete lehenago ados jarria zen McLarenekin 2023rako. Alpinek ez zituen lanak behar bezala egin, kontratua lotu gabe egin baitzuen adierazpena. Inoiz 1 Formulako lasterketa batean parte hartu gabea izanik ere, Piastrik zurrunbiloa eragin zuen. Halako zerbait ez du nahi duenak lortzen, ahal duenak baizik. Mutil ausarta da Piastri: ez du urduritasunik azaleratzen, eta, askotan, izotzezko horma bat dirudi, Kimi Raikkonenen bertsio bat ia. Hark bezala, Piastrik jarraitzaile mordoa bereganatu ditu bere estiloari esker.
Aurten, Piastrik eta McLarenek hirugarren urtea dute elkarrekin. 1 Formulan ez du lortu maila apalagoetako balentria: iritsi eta txapelketa irabaztea, alegia. Baina, lehen urtean, behin lortu zuen pole position bat, behin irabazi zuen esprint lasterketa bat, eta behin baino gehiagotan igo zen podiumera. Taldea berregituratzeko prozesuan zen, McLarenen urterik onenak urrun baitzeuden. Oinarriak sendoak ziren, ordea, eta izan zen emaitzarik. Hungarian lortu zuen lehen garaipena iaz, eta Azerbaijanen bigarrena. Lando Norris taldekideak lau lortu zituen, ordea, eta Max Verstappenen aurkari nagusi bilakatu.
McLarenek sendo amaitu zuen iazko urtea, baina urrun geratu zitzaion titulua. Norrisek zortzi pole position lortu zituen; Piastrik, ordea, bat bera ere ez. Aurten, McLaren da autorik osoena, eta jomugan du titulua. Lehia serio jarri denean, Piastri agertu da. Norrisek ahuleziak azaleratzen ditu egoerak mugara eramaten duenean. Hain justu, Piastri halakoetan nabarmentzen da. Australiarraren datuak hobeak dira: Norrisek baino garaipen gehiago lortu ditu, baita pole position gehiago ere. Piastrik koska bat egin du gora, eta bost garaipen ditu. Verstappenek eta Norrisek, bina.
Piastrik robota dirudi hainbat arlotan. Leporatzen diote ia ezer ez adieraztea, baina, egoera gehienetan erreakzio neurtua izaten duelako da hori. Irrati komunikazioetan, tankera berean hitz egiten du beti, baita tentsiorik handieneko tarteetan ere. Ez du iruzkin desegokirik egiten, ezta neurriz kanpoko jokabiderik erakusten ere; hau da, Piastrik inoiz ez luke erreakzionatuko Verstappenek igandean egin bezala: George Russellekin (Mercedes) buruz buruko lehia galdu, eta, itsututa, haren autoaren kontra egin zuen.
Aurreko asteburuan, Katalunian, Raikkonenen ondorengo gisa bataiatu nahi izan zuten Piastri: Ice boy deitu zioten, izotzezko mutila. Baina Piastri ez dago ados horrekin: «Ez nago ziurizotzezko mutila izenarekin ibili nahi dudan. Uste dut emozioak ez direla berdinak une oro. Ez gaizki ulertu, emaitza on bat lortzea izugarri pozgarria da, baina uste dut ni ez naizela oso pertsona emozionala. Hori naiz ni, benetan».
Piastrik gero eta alde handiagoa du txapelketan. Norris bakarrik izan da gai haren arrastoan ibiltzeko: australiarrak 186 puntu ditu, eta britainiarrak, berriz, 176. Verstappenen aurkari nagusia ez da Piastri, bere burua baizik. Denboraldiaren herena igaroa den honetan, Australia aldetik datozen haizeek astindu dute txapelketa.