Ziklo-krosa

Azken aldia balitz bezala lehiatuko dira Van der Poel eta Brand

Munduko Ziklo-kros Txapelketa irabazteko faborito argiak izango dira Van der Poel eta Brand asteburu honetan. Batak marka ezar lezake, zortzigarrenez nagusituz; besteak, denboraldi ikusgarria osatuta, azken urteetako arantza atera nahi du.

Mathieu van der Poel Hoogerheiden lortutako garaipena ospatzen. IRIS VAN DEN BROEK / EFE
Mathieu van der Poel Hoogerheiden lortutako garaipena ospatzen. IRIS VAN DEN BROEK / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindularitza zale askoren begiradak erakarriko ditu Hulstek (Herbehereak) asteburu honetan. Izan ere, han ari da jokatzen Munduko Ziklo-kros Txapelketa, atzo hasita. Errelebo mistoen lasterketak piztu zuen lehia, eta gaur-biharretan jokatuko dira gainontzeko probak. Eszenatokia, 3,3 kilometroko zirkuitu bihurria. Txirrindulariek hainbat oztopo gainditu beharko dituzte: zubiak eta pontoiak —ubideak zeharkatzen dituzten egitura flotagarriak—, oholak, 22 mailako eskailera bat... Gainera, bizikleta bizkar gainean eraman beharrean izango dira hasierako igoera tenteetan. 35.000 zalek baino gehiagok gozatuko dute ikuskizunaz bertatik bertara, eta parte hartuko duten txirrindularien artean, bakarra izango da euskal herritarra: Mirari Gotxi —junior mailan lehiatuko da—.

Lehia nagusiak, urtero bezala, elite mailako lasterketak izango dira. Eta, bertan, oso litekeena da urrezko dominak etxean geratzea, bi herbeheretar baitira faborito nagusiak: Mathieu van der Poel gizonezkoetan, eta Lucinda Brand emakumezkoetan. Bientzat Munduko Txapelketa berezia izango da, eta ez soilik etxean ariko direlako. Van der Poelek zortzigarren aldiz soinera lezake ortzadar elastikoa eta, hartara, marka ezarri gizonezkoetan. Lortzen badu, baliteke ziklo-krosean lehiatzeari uztea. Hots, azken aldia balitz bezala ariko da. Eta beste horrenbeste esan daiteke Branden inguruan, dagoeneko 36 urte baititu. 2021ean nagusitu zen aurrenekoz, baina ordutik ez da podiumaren gorenera itzuli. Oraingoan ez luke huts egin beharko, denboraldian zehar nagusi izan baita.   

Van der Poel ere nahieran aritu da. Namurren (Belgika) ekin zion sasoiari, abenduaren 14an, eta Hoogerheiden (Herbehereak) jokatu zuen orain arteko azken lasterketa, aurreko igandean. Hamabi probatan hartu du parte guztira, eta irabazi egin ditu denak. Horietatik bost, hain zuzen, Munduko Kopari zegozkion lasterketak izan dira. Horiek horrela, 320 puntu bildu ditu nazioarteko zirkuitu nagusian, eta, hortaz, aise gailendu da sailkapen orokorrean. Hori aski ez, eta marka bat ezarri zuen Hoogerheiden: 51. aldiz irabazi zuen Munduko Kopako proba bat. Aurreko marka Sven Nysek zuen, 50 garaipenekin.

Indar betean iritsiko da, eta baita motibazioz gainezka ere: berriz ere urrezko domina kolkoratu ezkero, inoiz izan den gizonezko ziklo-kros ziklistarik arrakastatsuena bilakatuko litzateke, Munduko Txapelketei dagokienez bederen. Ohore hori Erik de Vlaeminckek izan du azken mende erdian, baina iaz haren ondoan eseri zen Van der Poel, zazpigarren titulua eskuratuta. Bere legea ezarri du azken zazpi aldietatik seitan —2022an ez zen lehian izan—, eta, De Vlaemincken uberan izan ondotik, aurreratu egin lezake gaur. Era berean, Marianne Vosen pare ipiniko litzateke.

Iragarpenak bete eta helmugan besoak altxatzen baditu, ezin da baztertu Van der Poelen azken lasterketa izatea ziklo-kroseko txirrindulari moduan. Hala iradoki zuen denboraldi hasieran, eta aukera hori zabalik mantendu zuen astelehenean Het Nieuwsblad egunkarian argitaratu zen elkarrizketan. «Horren inguruan pentsatu dut, baina ez dut hartu azken erabakia, eta ez dut Hulsten hartuko». Grina ez zaio itzali, eta ziklo-kros lasterketak oraindik «maite» omen ditu. «Baina batzuetan, beste aukera batzuk hartu behar dira kontuan. Honek noizbait bukatu behar du, eta beti izan da nire desioa aho zapore onarekin erretiratzea».

Ezustean gaur kale egingo balu, «garbi» dauka zortzigarren tituluaren bila jarraituko lukeela. «Oso gertu nago». Haatik, ia ezinezkoa da Hulsten Van der Poel ez gailentzea. Soilik eroriko txar batek edo mekanikoki hondamendia izateak zapuztu litzake haren asmoak. Zulatu bat edo bi ez dira aski herbeheretarra jokoz kanpo uzteko, Maasmechelenen (Flandria) erakutsi zuen moduan. Eta egun bat geroago, Hoogerheiden, oso garbi geratu zen gainontzeko aurkariak oso urrun dituela: 1.20 atera zion bigarren sailkatuari, Tibor Del Grosso herrikideari. Hura txapeldun izan zen iaz 23 urtez azpikoetan, eta elite mailan podiuma zapaldu nahiko luke aurten.

Belgikako selekzioan, berriz, Thibau Nysek hartu beharko du lema, Wout van Aerte orkatila apurtu baitzuen urtarrilaren 2an. Laurens Sweeck eta Emiel Verstryngeren hutsuneak ere garrantzitsuak izango dira belgikarrentzat. Nysekin batera, podiumaren lehian jardungo dute Michael Vanthourenhoutek, Toon Aertsek eta Niels Vandeputtek.

Van Empelen agurra

Hutsune garrantzitsuagoa izango du Herbehereetako selekzioak emakumeen lasterketan, Fem van Empel ez baita ariko azken hiru urteetan lortu duen tituluaren defentsan. 23 urteko gazteak txirrindularitza uztea erabaki du, osasun mentalari loturiko arrazoiengatik. Nolanahi ere, oso litekeena da berriz ere laranjaz jantzitako ziklista bat nagusitzea, Van Empel ezean, Brand izango baita hautagai nagusia. Brand herrikidearen atzetik izan da azken bi urteetan, eta 2022an ere zilarrarekin konformatu behar izan zen, Vosek aurrea hartu baitzion. 2023an, berriz, brontzezko domina eskuratu zuen. Hots, beti podiumean izan da duela bost urte munduko txapeldun izan zenetik, baina ezin izan du garaipen hura errepikatu. Zorra kitatzeko aukera bikaina izango du gaur.  

Denboraldia, oro har, biribila izan da Brandentzat. 23 lasterketatan lehiatu da, eta hemezortzi aldiz izan da indartsuena. Kontrara, behin baino ez da geratu podiumetik kanpo; hain justu, Munduko Txapelketaren aurretik jokatu zuen azken lasterketan, Maasmechelenen: hamargarren izan zen. Horrek, ziurrenik, areagotu egingo zuen sasoi osoan Branden itzalpean izan diren aurkarien itxaropena. Hark huts eginda ere, urrezko domina etxean geratuko da ziurrenik; hori bermatzen saiatuko lirateke Puck Pieterse eta Ceylin del Carmen Alvarado, besteak beste. 

(ID_13562394) CZECH REPUBLIC CYCLING
Lucinda Brand Munduko Ziklo-kros Txapelketan lehiatzen, iaz. MARTIN DIVISEK / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.