Azken jauzia emateko gertu

2007an sortu zenetik, Iruñeko GH Leadernet taldeak goranzko joera argia izan du. Iaz bezala, ligako finalean da. Aukera handiagoa du, baina arkari zaila du: Logroño.

GH Leadernet taldeko jokalariak, joan den ostegunean egindako entrenamenduan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Duela zortzi urte sortu zenetik, koskaz koska hobetuz joan da Iruñeko GH Leadernet Navarcable emakumezkoen boleibol taldea. Duela bi urte Espainiako Superligara igotzea lortu ondotik, iaz lehen aldiz finala jokatu zuen, eta denboraldi honetan Espainiako Kopako finala jokatu du. Bietan galdu du aurkari beraren aurka: Logroñoko Naturhouse taldea. Hirugarrenean ahalko al du? Gaur, Logroñon (19:00) finaleko lehen partida jokatuko dute bi taldeek, eta partida erabakigarri horren aurrean, motibaziorik ez zaio falta Iruñeko taldeari. Dena irabazteko duenaren grinaz kantxaratuko dira. Taldearen goranzko joerari segida eman nahi diote, eta, horretarako, txapelketa irabazteko azken jauzia eman beharko dute.

Ez da erraza izango. «Ilusioz eta arduraz» aurre egingo diote finalari, Txema Rodriguez entrenatzailearen hitzetan. Azkenbi denboraldietan zuzendu du taldea, eta argi du jokalariek duten onena eman beharko dutela: «Faborito nagusiak haiek dira». Estatistikek hala baieztatzen dute. Ligako zein kanporaketetako 26 partidak irabazi dituzte. Liga osoan 80 set jokatu baditu, bakarrik bitan amore eman du.

Alta, ez da ezinezko izango. «Aukerak ditugu, bai, noski, baina oso ondo jokatu behar dugu partida guztietan eta une orotan. Ezin dugu hainbeste akats egin, euren aurka jokatu dugun bakoitzean bezala. Hor nabarituko da». Rodriguezen arabera, une oro «kontzentrazio osoa» eta «boleibolik onena» egin beharko dute jokalariek, eta set bat alde batera edo bestera makurrarazten duten uneak iristen direnean, «akatsak kontrolatu».

Silvia Bedmar kapitainak eta Jaione Esainek lau urte daramatzate taldean, eta barrutik ezagutu dute Superligarako igoera eta taldearen sendotzea. «Beheko mailetatik igoz joan gara maila nagusira iristeraino, eta ligako finalera iritsi gara azken bi urteetan, urtetik urtera gainditzen». laburbildu du bere esperientzia Bedmarrek. Finalari begira, «sentsazio onak» ditu.

Esainek gaineratu du motibazioa «gainezka» dutela. «Finalera ez dira denak iristen, eta lan handia egin behar da aurrera eramateko». Lehen partida gaur (19:00etan) Logroñoko CDM Lobete kiroldegian jokatu da, eta bigarrena toki eta ordu berean, etzi. GH Leaderneten argi dute garrantzitsua izango dela bi partida horietako bat irabaztea. Esainen ustez, lehia psikologikoak zeresan handia izango du, eta bi partida horietan aurkariaren sendotasuna pitzatu eta setak zein partidak irabazteko gai badira, zalantzak azaleratu daitezke Naturhousen: «Jakin behar dugu hor ondo jokatzen».

Txema Rodriguezek argi du partida bakoitza desberdina izango dela, baina, aldi berean, bere taldearen irmotasunen artean, finaleraino iristeko egindako bide zaila dago. Kanporaketetako ligaxkan, lehen partida galdu ondotik, bost final jokatu dituzte eta tentsio lehiakor hori baliagarri izan daiteke finalari begira. Kanporaketetan bost set galdu dituzte soilik, eta eskarmentua hartu dute tanto erabakigarrietan.

Esperientzia da finalaren gakoetako bat. Naturhousek eskarmentu handiagoa du horrelako partida garrantzitsuetan, baina GH Leadernet «pixkanaka esperientzia hartzen ari da», Rodriguezen hitzetan. «Gure bertuteei zukua atera behar diegu», gaineratu du.

Silvia Bedmarrek bizitasuna nahi du: «Defentsa, borroka eta dena ematea. Hustu egin behar gara. Jokalari bakoitzak gure bertsiorik onena ematen badugu, aukera asko izango ditugu». Bedmarrek taldea batuago ikusten du, eta irabazteko gosez doaz Logroñora. Kapitaina izan zein ez, Bedmarrek gustuko du taldetik tira egitea: «Nire baitan daramat hori, oso garrantzitsua da elkarrekin jokatzea, talde batua izatea». Jokalarien gainetik, taldea dago, alegia: «Jakin behar dugu iritsi garela honaino lanagatik eta sakrifizioagatik».

Baita kalitateagatik ere. Udan lau fitxaketa egin zituen taldeak, horien artean Theresa McNatt kaliforniarra, ligan puntu gehien egin duen bigarren jokalaria. Esainek dio fitxaketek «oso ekarpen ona» egin diotela taldeari eta gazteei erakusteko prestasuna dutela.

Zaleek ere bere funtzioa jokatuko dute. Iruñean maiatzaren 2an jokatuko da hirugarren partida, eta bertaratzeko deia egin dute. Nafarroako Unibertsitate pribatuko kiroldegian jokatuko da, 19:00etan. Gaur eta biharko emaitzen zain, partida erabakigarriena izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.