Julen Gabirondo. Segalaria

«Azkeneko emaitza jakin arte ez nuen garbi ikusi garaipena»

Espero zen moduan, tarte txikiak izan ziren Euskal Herriko Sega Txapelketako finalean. Halere, Gabirondok erritmo bizia jarri zuen hasieratik, eta inortxok ere ezin izan zion segitu. Bigarren txapela du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Euskal Herriko segalaririk onena, berriz ere, gabirondotar bat da. Oraingoan Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Herenegun jantzi zuen txapela.

Euskal Herriko sega txapela berreskuratu duzu. Espero zenuen?

Azkenerako, beti izaten dituzu esperantzak. Preskuntza oso ona eginda joan nintzen Asteasura, eta ilusio handia nuen irabazteko. Baina, gero, aurkariek ere jokatzen dute, eta, belarretan, zorte apur bat ere izan behar da.

Gipuzkoako finalean lehiatu zineten segalari berberek osatu zenuten Euskal Herriko finala. Emaitzak, ordea, oso desberdinak izan ziren. Desberdin prestatu zenuen final hau?

Bi finalak berdintsu prestatu ditut. Hasieratik ahalik eta erritmo handiena ezartzen saiatu nintzen. Baina aurkariak nola moldatzen ziren ikusita, gehiago estutu behar izan nuen une batzuetan. Halere, indartsu nengoenez, ongi eutsi nion.

Egun guztian oso indartsu jardun zenuen. Hori izan al zen irabazteko gakoa?

Saio guztian, erritmo onean egin nuen lan. Gutxienez, behera ez nuen egin. Saioaren azken laurdenean, gainera, beste puntutxo bat jarri nuen, eta hor egin nuen ihes.

Halere, Jokin Etxeberriak gauzak zail jarri zizkizun. Probaren zati handi batean parean ibili zineten, eta, amaieran, soilik 82,2 kiloko aldea izan zen. Fidatzen zinen Etxeberriaz?

Azken emaitza jakin arte ez nuen garbi ikusi garaipena. Etxeberriak lan ona egin zuen, eta nahiz eta nik mailatxo bat gehiago ebaki, posible zen berak kilo gehiexeago pilatzea.

Urki ere, nahiz eta sailetan gutxi mozten duen segalaria izan, belarra oso behetik mozten duenez eta zigorrik jaso ez zuenez, aurkari gaiztoa zen. Espero zenuen Ormaetxea hain urruti ibiltzea amaieran?

Oso final irekia aurreikusten nuen. Lau segalariak oso garai onean iritsi ginela iruditzen zait, eta denak ikusten nituen faborito. Halere, Urkirekin hizketan egon nintzen, eta gorputz txarra izan zuela eta esan zidan ez zela eroso sentitu.

Belarrak ba al zuen aitzakiarik?

Ez. Belarra une batzuetan zail samarra zegoen, baina denontzat bera zen. Gainera, inguruak kategoriakoak ziren, eta giroa ederra zen. Ez dago aitzakiarik.

Aurretik zure osaba Euskal Herriko txapeldun, eta orain zeu. Gabirondotarrek baduzue segarako sena.

Osabak uste zuen amaitu zela Gabirondotarren saga, baina ezustean hasi nintzen, eta begira. Etxean asko bizi dugu sega, eta ilusio handiz hartu dugu txapel hau.

Bi txapelekin konforme, ala hirugarrenaren bila zoaz?

Orain dela hiru urte galdetuz gero, erantzungo nizuke ametsetan ere ez nituzkeela bi txapel lortuko. Orain, eskuartean ditudala, gehiago nahi dut. Segur aski lehiatuko gara, baina emazteak nahiko lan hartzen ditu nik lehiatu ahal izateko, eta berari ere galdetu beharko diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.