Urtea amaitzearekin batera utziko du erremontea kudeatzeko ardura Oriamendi 2010 enpresak, eta, ezusterik ezean, gaurkoa izan da buruz buruko azken finala. Bada, finala gogoangarria izan da, hainbeste tradizio duen kirol horrek merezi zuen parekoa. Final ikusgarria jokatu dute Xabi Azpirozek eta Endika Barrenetxeak. Azpirozek jantzi du txapela —estreinakoa du— final oso lehiatu eta bete-bete batean: 30-29.
Azpizorek ausart jokatu du, Barrenetxea IV.ak sei tantoren aldea lortu duenean eutsi egin dio, eta, azkenean, txapeldun izan da, aurkariari azken sakea motz geratu eta gero. Amaieran hunkituta mintzatu da: «Familiari, lagunei eta erremontista guztiei eskaini nahi diet txapela. Denok dakigu zenbat sufritu dugun azken urtean, eta, datorrena datorrela, familia bat izaten jarraitu behar dugu». Finalaz, berriz, hau esan du: «Niretzat gauza handia da Endika bezalako pilotari handi baten aurka finala irabaztea. Oso pozik nago».
Barrenetxeak IV.ak, berriz, onartu du bere indargunea «etsai» bihurtu zaiola: «Azken txanpan karranpak izan ditut, eta hortxe aritu naiz borrokan. Indarrez hustu egin naiz, eta, hori dela eta, azken sakeari ere ez diot behar bezala heldu».
Barrenetxea IV.a 2-0 aurreratu da, baina ondoren bost tanto egin ditu segidan Azpirozek. Sakeari eustea eta tantoak luzeak izatea komeni zitzaion, eta lortu du. Jokoaren ekimena izan du, pilotak toki zailetan jarri dizkio aurkariari, eta defentsan ere ondo jardun du. Gainera, ondo erantzun die Barrenetxea IV.aren pilotakadei eta sakeei. Pilota indartsuago jotzen du hark.
Azpiroz apur bat hobeto hasi den arren, Barrenetxea IV.ak berdindu egin du markagailua: 6-6. Dena den, orduan ere deseroso ikusi zaio. Azpirozek, berriz, ausart jokatu du; aurrera egin du une oro, pilota bilatuz, eta aurrean jokatu du batez ere. 10-7koarekin, partida hasiera ona berretsi du, baina eskura zuen tanto batean huts egin du, eta bi paretara bidalitako pilota bat txapara joan zaio. Ondoren beste huts bat egin du: ia errebotetik eraman du pilota Barrenetxea IV.ak eta tantoa biribiltzeko aukera apartu zuen, baina pilota behera bidali du. Halako opariak ederki baliatzen ditu Barrenetxea IV.ak, eta buelta eman dio markagailuari. Nola, gainera: 16-11. Azkenerako, partziala zortzi eta hutsekoa izan da.
Azpirozek eutsi
Beste behin sakearekin min handia egin du Barrenetxea IV.ak. Lehen pilotakada horri erantzun ezinik aritu da Azpiroz momentu horietan, eta korapilatzen hasi zaio finala. Aurkariaren tanto bolada etetea lortu duen arren, pilota jotzeko orduan konfiantza apur bat galdu du. Ez du hasieran bezain ausart jokatu. Eta Barrenetxea IV.ak ere ez dio utzi, tantoarekin sakea egin ez duenean ere berehala ikusi baititu zuloak. Hala, sei tantoren aldea lortu du: 19-13. Finala haustear zen.
Orduan lortu du Azpirozek 14. tantoa, aukerako pilota bat baliatuta. Segidan bizpahiru tanto egin behar zituen, berriro neurketan sartzeko. Bizkor egin du hori, sakez hiru tanto egin baititu erreskadan: «Barrenetxeak ondo sakatzen du, baina zuk ere bai», esan dio Kemen Aldabe botileroak, konfiantza emateko. Hurrengo tantoak ere hark egin ditu, eta tanto batera jarri da: 19-18.
Neurketaren azken herenera indarrak parez pare zituztela iritsi dira. Une zailenean eusteko gaitasuna izateak hauspoa eman dio Azpirozi. Berriro ere tantoak luzatzen asmatu du, eta gogortzen. Gainera, zital aritu da pilota nora bidali erabakitzean, eta aurretik jarri da berriro ere: 23-21.
Bi erremontistak indarrez hustu dira. Tanto pare bat amaitu eta gero, lurrean geratu dira biak, arnasa berreskuratzeko. Barrenetxea IV.ak egin ditu hurrengo bi tantoak: 23-23. Bazirudien zalantza eta huts gutxien egingo zuen erremontistarentzat izango zela txapela. Eta huts egin duen aurrenekoa Barrenetxea IV.a izan da. Izan ere, 25-24 atzetik zela, motz geratu zaio sake bat.
Azken txanpan, gainera, nekatuago ibili da, hankak lotuta izango balitu bezala. Azpirozek ederki baliatu du hori, eta txapela lortzetik tanto batera jarri da: 29-24. Baina orduan geratzen zitzaizkion indar apurrak atera ditu Barrenetxea IV.ak: lau tanto egin ditu segidan, horietako bat sakez, eta tanto batera jarri da: 29-28; eta ondoren, baita finala berdindu ere. Besoa jasoz ospatu du, galdua zuen txapela tanto batera ikusita, aurkariak bezala.
Baina hainbestetan garaipenak eman dizkion sakeak, sake horrek berak txapela kendu dio gaurkoan. Izan ere, azken sakean bitan huts egin du: aurrena luze bidali du, eta ondoren falta egin du. Eta, hala, Azpirozentzat izan da txapela.