Borja Rodrigo. Traineruen Kluben Elkarteko presidentea

«Badakigu hobera egin dezakegula, baina urratsak egiten jarraitzen dugu»

Datorren asteburuan abiatuko dira 2023ko Euskotren eta Euskolabel ligak, Galizian. Aurten, lehen aldiz, zortzi talde arituko dira emakumezkoetan, eta Traineruen Kluben Elkarteko presidenteak azaldu du egonkortasuna eman nahi diotela.

AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Urte berezia da aurtengoa arraunean. Lehen aldiz, zortzi ontzi arituko dira Euskotren ligan. TKEko lehendakari Borja Rodrigo (Bilbo, 1977) azken egunetako xehetasunak zaintzen ari da denboraldiari hasiera emateko. Orain arte egindako lanak, berrikuntzak eta etor daitezkeenak izan ditu mintzagai.

Laugarren agintaldia duzu. Zer balorazio egiten duzu? Zer ekarpen egin diezue ligei?

Nik uste dut egonkortasuna eta bizikidetza normalizatua ekarri dizkiogula ligei. Klubak, ligako partaideak izateaz gain, bazkideak dira. Horregatik, garrantzitsua zen normaltasun horri eustea, klubek, kirol interesak alde batera utzita, helburu berari eusteko. Gero, zaleen ikusmin eta interesari eutsi nahi izan diogu, eta horretarako egin zitezkeen hobekuntzak kontuan hartu. Hortik aurrera, aurreikusi gabe sortu diren elementuak sartu ditugu: hala nola semaforoak edo hobekuntza teknikoak emankizunean.

Zer erronka dituzue aurretik?

Aurrekontuaren ikuspegitik, gurekin ditugun markei eutsi nahi diegu, eta gehiago batzea lortu. Halaber, denboraldiak balorazio onarekin amaitu ohi ditugun arren, badakigu antolakuntzan eta teknikoki hobetu beharreko gauzak daudela. Bestalde, telebistekin kolaboratzen jarraitu nahi dugu, kasu honetan, ETBrekin.

Euskotren ligan zortzi talde arituko dira aurten lehenengo aldiz. Zer espero duzu?

Atzera begiratzean, duela hamabost urte emakumezkoen arrauna nola zegoen ikusita eta orain nola dagoen ikusita, balantzea positiboa da. Baina horrek ez du esan nahi helmugara iritsi garenik. Badakigu hobera egin dezakegula, baina urratsak egiten jarraitzen dugu. Zortzi talde egotea albiste ona da. Klubak eta igotzeko aukerak zabalduta, azpitik dauden kluben igotzeko aukerak handitzen dira. Emakumezkoen arraunari, eman beharreko diskriminazio positiboaz gain, egonkortasuna eman behar zaio. Eta hori motibazioarekin eta helburu lorgarriekin egin behar da.

Lehen bi urteetan Galiziako bi ontzi arituko dira horien artean.

Galiziarrekiko diskriminazioa duela 21 urte gizonezkoen lehiaketa hasi zenean zegoen berbera da. Lurralde horren parte hartzea bultzatzen saiatuko gara. Baliteke epe laburrera begiratzen duen jendeari erabakia solidarioa edo koherentea ez iruditzea. Baina jendeak ulertu behar du guk epe luzera begiratu behar duela. Hala, Euskadiko eta Galiziako klubek oinarrian talde gehiago izatea nahi dugu. Funtsezkoa da etorkizunean Euskotren ligan jende gehiago egotea.

COVID-19a igaro da, baina krisiak eragina izan du ordutik. Nola dago TKE ekonomikoki?

COVID-19arekin urte zailak izan ditugu, eta zure baliabideak asko mugatzen dituzten elementuekin bizitzea oso zaila da. Uste dut gai izan ginela hori gainditzeko. Gaur egun, kirolean oso zaila da baliabide publikoa, eta, batez ere, pribatua eskuratzea. Interesatzen zaien zerbait eskaini behar diezu, eta horretarako funtsezkoa da komunikabideen jarraipena. Beti esaten dut klubei zenbat eta hobeto joan, orduan eta hobeto joango zaiola ligari ere; eta alderantziz. Helburu eta lorpen partekatua da. Nabarmendu nahi dut, halaber, marka berrien etorrera bezain garrantzitsua dela marka horien fideltasuna. Horrek esan nahi du gurekin gustura daudela.

Lau talde gehiago izanda, jardunaldiak lehenago hasiko dira, edo berdin jarraituko duzue?

Orain arteko txandek ez dituzte ordutegiak aldatuko. Inor ez kaltetzeko eta estropada ez atzeratzeko, ez da beranduago hasiko. Txanda berria orain artekoen aurretik sartuko dugu. Dena den, ez da asko aurreratuko emanaldia, ETBk programazioan egokitzapen txiki bat egingo baitu. Nesken txandak ez du hainbeste irauten, eta horregatik uste dugu zuzeneko emanaldian ez duela eraginik izango. Txanda hori sartzeak ez du ekarriko inolaz ere lehendik zeuden txandak atzeratzea.

Klubak kexu dira estropadak gehiago luzatzen badira azken txandetako taldeen kalterako izango dela.

Zalantzak zeuden, baina, nik diodan bezala, hau agertoki askoko jaialdia da. Kirol interesa dago, baita markena eta telebistena ere. Azkenean, interes guztiak uztartu behar ditugu dena bideragarria izan dadin. Gure ustez, neurri horrek kirolaren alderdia ez kaltetzeko bidea ematen du, eta telebistak ere ez du programazioa gehiegi zabaldu beharko. Nabarmendu nahi dut EITBk kate bat baino gehiago jarriko dituela kirola eskaintzeko arraunak eta Frantziako Tourrak bat egiten duten zenbait egunetan. Bereziki kezkatzen gintuen uztailaren 1ean eta 2an emanaldiak luzatzeak, eta horrek guri eragiteak. Baina dena egokitzea lortu dugu, eta pozik gaude.

Arraunlari askok euren interesak defendatu ahal izateko arraunlarien elkarte baten beharra azpimarratu dute. Zer iritzi duzu horri buruz?

Ez dut uste niri dagokidanik esatea beharrezkoa den ala ez. Teorian, elkartea, presidenteak, zuzendariak, teknikariak eta langileak biltzen dituen katea da hau. Pentsatu nahi dut klub batek elkarteari zerbait transmititzen dionean ez dela soilik aipatzen duenaren interesengatik, baizik eta kate osotik pasatu dela. Pentsatu nahi dut klub horretan erabakiak kontrastatzen direnean zuzendaritzaren, teknikarien eta kirolarien iritzia kontuan hartzen dela. Elkarte posible hori egon daitekeen ala ez alde batera utzita, edozer transmititzeko bide nahikoak daudela uste dut. Gu alde guztiak zaintzen saiatzen gara.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Euskadiko Txapelketak liga hasi aurretik egin dira, federazioen erabakiz, udako asteburu guztiak ligak betetzen dituelako. Zer iruditzen zaizu?

Uste dut esaldia ez dela guztiz zuzena. Lekua bazuten hiru txapelketa horietarako. Egutegia berrantolatu beharra zegoen, interes orokorragatik, eta meritua guztiona da. Kirolariek estropada gutxiago izango dituzte uztailean. Bederatzi egun eskasetan estropada asko zeuden. Gainera, liga hasiera prestatzeko balio die. Ekainetik hona lehiaketa izan dugu, kirol interesarekin, gainera, eta hori ona da federazioentzat. Esan bezala, hori inplikatuta dauden alderdi guztien meritua da: federazioena, ligena eta klubena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.