Arrauna. Euskotren liga

Bagoi bakarra, eta bidaiari gehiegi

Zazpi traineruk jokatuko dituzte, bihar eta etzi, Euskotren ligan aritzeko kanporaketak. Aurten, ez da izango Bizkaiko ordezkaririkLehen hiru sailkatuak Getaria-Tolosarekin batera ariko dira zazpi estropadako ligan

Getaria-Tolosako trainerua, joan den urteko irailean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian; bera sailkatuta dago jada Euskotren ligarako. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Bihar aterako da geltokitik aurtengo Euskotren liga. Tren txikia izango da, bagoi bakarrarekin abiatzeko erabakia hartu zutelako klubek bulegoetan. Traineru Kluben Elkarteak kudea- tzen du liga. Berez, bagoi gehiago jartzeko aukera ematen du traineru kopuruak, zazpi ontzi osatu dituztelako Gipuzkoan eta Galizian. Baina lau bakarrik ariko dira lehian.

Ez dago denentzako lekurik bagoi txikian. Horrek esan nahi du hiru traineru kanpoan geratuko direla. Geltokitik ikusiko dute nola abiatzen den trena. Zazpikoa ondorengoek osatzen dute: Getaria-Tolosak, Zumaiak, San Juanek, Oriok, Hondarribiak, Hibaikak eta Galiziak. Iazko garaile izateagatik, Getaria-Tolosak txartela dauka bagoian. Bidaian izango da. Beste hirurak zein izango diren bihar eta etzi zehaztuko da. Sailkatze estropadak jokatuko dituzte, bihar Portugaleten eta etzi Zarautzen. Bi egunetan, puntuak banatuko dituzte, eta bi egunetan puntu gehien batzen duten hiru ontziak abiatuko dira tren txikian. Bihar bertan abiatu ere. Bihar eta etzi, Getaria-Tolosak ere parte hartuko du bi estropada horietan, eta biak izango dira puntuagarriak ligarako. Erlojuaren aurka jokatuko dira.

Ibaian eta itsasoan ondoen moldatzen direnak izango dira bidaiariak. Izan ere, bihar, ibaian ariko dira, eta etzi, itsasoan. Bagoia txikia da, baina bidaiariak zein izango diren zehazteko tartea ere txikia da. Bi egunetan, kale edo bale. Hamar minutuko bi lanetan argituko dira kontuak. Denek nahi dute bidaia egin, baina, lehiaketa guztietan gertatzen den bezala, guztien maila ez dago leku berean. Batzuek besteek baino aukera gehiago daukate trena hartzeko. Halakoetan, iazko erreferentzietara eta lanetara jo ohi da, heldulekuren bat edukitze aldera. Baina horrek ez du balio. Aldaketa asko egon dira taldeetan iaztik hona.

Galiziak zer emango duen inork ez daki, datu faltari bakarrik erreparatzen bazaio. Baina susmoa dago, edo susmoa baino gehiago, traineru indartsua ekarriko duela. Handik hona ez dira etorriko denbora pasatzera. Euskotren ligan izan nahi dute, eta irabazi, gainera. Oker handirik ezean, bagoiaren barruan eseriko da.

Beste guztiak Gipuzkoako klubak dira. Bizkaian, aurten, ez dute ontzirik aterako. Gipuzkoarren artean aldaketak eta gorabeherak ugari izan dira. Sailkatuta dagoen ontzian, esaterako, berrikuntza dezente da. Getaria-Tolosak azken urteetan tostetan izan dituen zenbait arraunlari faltako ditu, eta ikusteko dago nola ibiliko den ontzia. Baina sailkatuta dago, eta kezka handirik gabe egingo dute arraunean bihar eta etzi.

Zumaian ere aldaketa urtea izan da. Iaz, Hibaikako arraunlari batzuekin osatu ahal izan zuen trainerua, eta itxura ona eman zuen. Hautsi egin zen talde hura, eta handik eta hemendik bildutako arraunlariekin aterako da uretara aurten. Etxeko arraunlari gazteek ere ezinbestean eman behar izan dute goranzko jauzia, eta gazte kategoriako batzuk ere tostetan izango dira. Zumaia ere nola ibiliko den inork ez daki.

San Juanekin ere antzeko aurreikuspenak daude. Urtez urte, hobera egin du, eta bide horretan segituz gero, Euskotren ligan izateko hautagaietako bat behar luke izan. Baina ez dago datu zehatzik barruan izango den edo ez jakiteko. Gaia badu sartzeko, hori ez dago ukatzerik; baina, lehiaestua espero denez, batek daki.

Oriok ere nahi du barruan sartu. Han ere aldaketak izan dira, eta onerako, itxura guztien arabera. Trainerua uretan jarri zutenean, uretan izatea baino ez zen asmoa, baina behin hori lortuta, lehiakorrak izateko helburua daukate.

Hondarribiak ez du neurri handirik eman aurreko urteetan, eta aurten zer egin dezakeen ezin da jakin. Hibaika da berrikuntza nagusia. Lehen aldiz osatu dute trainerua, eta iaz Zumaian aritu ziren arraunlariek erakutsi zuten gaia badutela. Sailkatzeko nahikoa den edo ez, ezin jakin.

Denboraldi-aurreko emaitzak

Jokatu dituzte estropada batzuk denboraldia ofizialki hasi aurretik. Baina Galizia ez da aritu besteekin batera, normala den bezala. Eta Gipuzkoako ontzi guztiak ere ez dira batera lehiatu. Neguan, Getaria-Tolosa moldatu zen ondoen. Gero, udaberrian, Zumaiak Lekeition irabazi zuen, San Juanek Nafarroan, eta joan zen igandean, etxeko ontzia nagusitu zen Orion, gorabehera asko izan zituen estropada batean. Ontzi guztiak oso tarte txikian sartu ziren estropada horretan, eta, egia esatera, ezuste handia izan zen hala izatea, itxuraz batetik besterako aldeak egun hartakoak baino handiagoak direlako. Baina kaleen arteko aldea handia zen, eta ez du ematen kontu fidagarririk atera daitekeenik egun hartatik. Zalantzaz gainezka lehiatuko dira denak bi egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.