Errugbia

Baiona: iazkoari segida eman ezinda

Aurreko denboraldian Top 14ko finalerdietara iritsi eta gero, Lapurdiko errugbi taldea kostata aritu da oraingo honetan. Manex Arizeta jokalariak aitortu du denboraldia «zaila eta gogorra» izan dela.

Baionako jokalariak artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako jokalariak artxiboko argazki batean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko ekainaren 4a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbatean Perpinyaren aurka etxean jokatu ondoren emango dio amaiera Baionak denboraldiari. Joan den sasoian Top 14 errugbi ligako finalerdiak jokatu zituen Lapurdiko taldeak Okzitaniako Tolosaren aurka, eta, finalerako sailkatzerik lortu ez bazuen ere, denboraldi bikaina osatu zuen. Aurtengoa, baina, ezberdina izan da. Hasieran espero zen mailatik urrun aritu da, eta hamabigarren postuan geratu da sailkapenean. Bi talde baino ez ditu izango atzetik: asteburuan aurkari izango duen Perpinya eta Mountaban. Manex Arizeta jokalaria (Hernani, Gipuzkoa, 2004) argi mintzatu da: «Hobeto aritzea espero genuen. Ez ditugu denboraldi hasieran ezarritako helburuak bete. Joko aldetik gauza gutxi daude esateko. Ez da erraza izan halako egoera bati aurre egitea».

Datuak argigarriak dira. Aurreko denboraldian, liga erregularrean 68 puntu lortu zituen; honetan, jardunaldi baten faltan, 46. Jokatutako 25 partidetatik hamar irabazi ditu, eta hamabost galdu —ez du bakar bat ere berdindu—. Aurreko denboraldian justu kontrakoa izan zen: hamabost irabazi zituen, hamar galdu eta bat berdindu. Etxetik kanpo bi partida baino ez ditu irabazi, eta 11 galdu ditu: «Etxetik kanpoko partidetan ez dugu asmatu. Ez da erraza izan norgehiagoka horiek jokatzea». Bederatzi puntu baino ez dituzte lortu, aurreko denboraldian baino bost gutxiago. Etxean ere indarra galdu du, jardunaldi baten faltan, hamahiru puntu gutxiago eskuratu baititu: 37. Aurreko sasoian ez zuen partidarik galdu Jean Daugerren; denboraldi honetan, berriz, lau. 

Denboraldiaurrea ez zen erraza izan. Azken urteetako emaitzarik onenak lortu arren, Gregory Patat entrenatzaileak azken unean berritu zuen kontratua; horrek ezinbestean eragin du plangintzan, kirol alorrari lotutako erabakiak entrenatzaileak eta kirol zuzendariak hartzen baitituzte. Denboraldi osoan taldea kontrakarrean aritu da, emaitzetan eta jokoan segida izatea lortu ezinik. Horren arrazoiak azaltzerakoan, lesioak aipatu ditu Arizetak. «Alde horretatik ez da denboraldi erraza izan».

Gainera, aurreko denboraldia berandu amaitu zuen Baionak, ekainaren 19an, partida asko jokatuta: «Aurreko denboraldian pilatutako nekea antzeman egin dugu». Ligan ez ezik Europan lehiatu da Lapurdiko taldea, Txapeldunen Ligan. «Bi lehiaketa jokatzea oso exijentea da gurea bezalako talde batentzat. Txapeldunen Liga jokatzeak nekea areagotzen du, norgehiagoka gehiago jokatzeaz gain goi mailako partidak baitira. Fisikoki asko eskatzen duen txapelketa da». 

Pataten agurra

Emaitzak ikusita, otsailean klubak kargutik kendu zuen Patat, hiru denboraldiz taldea zuzentzen aritu eta gero. Ordura arte bigarren entrenatzaile gisa ari zen Gerard Fraserren aldeko apustua egin zuen klubak, eta hura aritu da denboraldi amaiera arte taldea zuzentzen. Fraserrekin izan duen harremanaz mintzatu da Arizeta. «Harreman ona izan dugu. Hasieratik asko hitz egin nuen harekin, eta minutu gehiago izango nituela esan zidan. Gainontzeko jokalariekin ere sarri hitz egiteko ohitura dauka, eta gustura gaude harekin». Halako egoeretan entrenatzailea gertukoa izatea garrantzitsua da. «Hari esker, taldea hobeto lehiatu da behintzat. Partida asko galdu ditugu puntu baten aldeaz. Xehetasun txikiengatik izan da, eta, behintzat, une oro borrokan aritu gara». 

«Hobeto aritzea espero genuen. Lesioak tarteko ez da denboraldi erraza izan. Ez ditugu sasoi hasieran ezarritako helburuak bete»

Manex Arizeta Baiona Errugbi Taldeko jokalaria

Baina txarrenetik ere atera daitezke gauzak onak. Hala egin du Arizetak. Adibidez, gutxi jokatzen zuten jokalariek aukera gehiago izan dituzte. Hori izan da Arizetaren kasua. Bere burua nola ikusi duen azaldu du: «Sasoiko ikusi dut neure burua. Joan den denboraldian askorik jokatu ez nuenez, fisikoki ongi eutsi diot». Bestalde, taldean izan duten batasuna ere azpimarratu du: «Hori izango dut gogoan batez ere, giro bikaina izan baitugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA