Baiona: lehen tokian egotearen gozoa

Lapurtarrek bikain hasi dute denboraldia. Jokatu dituzten bost partidetatik lau irabazi dituzte. Bihar Paueren zelaian jokatuko dute. Etxetik urrun jokatuko dituzten partidetan beste aurrerapauso bat eman nahi dute denboraldi honetan.

Baionako jokalariak elkarrekin hizketan, Tolosaren aurkako partidan. BAIONA
Baionako jokalariak elkarrekin hizketan, Tolosaren aurkako partidan. BAIONA
2025eko urriaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baionak ez zeukan erronka samurra joan den igandean. Lapurtarrek Okzitaniako Tolosaren aurka jokatu zuten, TOP 14ko egungo txapeldunaren aurka, ligako bosgarren jardunaldian. Lapurtarrek 40-26 garaitu zituzten tolosarrak, eta sailkapeneko lehen postuan jarri ziren. Hala, iragan denboraldiko finalaren arantza atera ahal izan zuten. Izan ere, Baiona txapeldunorde izan zen. Ederki ospatu zuten jokalariek garaipena, aldagelan Lau teilatu kantua abestuz. Egindako balentriarekin «hunkituta» dago Manex Arizeta jokalaria  (Hernani, Gipuzkoa, 2004). «Partida ikusgarria izan zen, emozio handikoa. Horrek guztiak indar handia eman dio taldeari», adierazi du. Orain arte jokatu dituzten bost partidetatik lau irabazi dituzte, eta bat galdu. 16 puntu eskuratu dituzte denera. Bigarren Stade Francaise dago, puntu bat gutxiago duela. Bihar Paueren aurka jokatu dute xuri-urdinek, lehen postuari eusteko helburuarekin (14:30).

Arizetaren esanetan, ondo hasteak erakutsi die «edonoren aurka» lehia daitezkeela; «etxean jokatzen dugunean, batez ere». Haren arabera, hasiera on honek badu bere zergatia. «Joan den denboraldia oso ona izan zen, eta uste dut oraingoan ere bide horretan jarraitzen dugula. Taldearen barne kohesioa izaten ari da garrantzitsua batez ere: denok batera jokatzen dugu, eta ez banaka». Iragan denboraldian egindako lan bikaina nabarmendu nahi izan du. Hala ere, goi mailako kirolean memorian oinarritzeak ez du askorako balio, eta xuri-urdinek «beste pauso bat» eman nahi dute aurrera denboraldi honetan «Ea etxetik kanpo hobetzen dugun. Hori da aurtengo helburuetako bat». Dena den, hori lortzea «zaila» dela aitortu du: «Top14 liga oso gogorra da, eta etxetik kanpo irabaztea beti izaten da zaila. Dena dela, talde ona daukagu, eta lanean jarraitu behar dugu hori lortzeko».

Iragan denboraldian ez zuten partidarik galdu etxean, eta aurten ere lehengo lepotik dute burua. Arizetak horren arrazoia azaldu du: «Indar handia ematen digu hemengo harmailak, eta beste taldeei presio handia eragiten die. Errugbiarentzat bizi den hiri bat da Baiona, eta herritar guztiek animatzen gaituzte; partida bakoitzean giro ederra sortzen da zelaian».

Taldearen azken urteetako arrakastaren beste gakoetako bat jokalarien arteko batasuna izan da, eta, Arizetak adierazi duenez, denboraldi honetan beste urrats bat gehiago egin dute horretan. «Jokalari berriak taldera egokitzeko orduan asko hobetu dugula esango nuke; aipatu bezala, talde moduan jokatzen dugu orain. Joan den denboraldian, etxetik urrun jokatutako partida batzuetan, ez genuen hori lortu. Orain, berriz, arlo horretan hobeto ari garela uste dut».

«Jokalari berriak taldera egokitzeko orduan asko hobetu dugula esango nuke; aipatu bezala, talde moduan jokatzen dugu orain»

MANEX ARIZETA Baionako jokalaria

Igandean lider jarri eta gero, zera uste dute: aurkariek aldatu egingo dutela Baionari begiratzeko modua. «Aurkariek beste modu batera ikusiko gaituztela aipatu dugu aste honetan egindako bileretan. Entrenatzaileak esan digu gainontzeko taldeek ez gaituztela talde txiki moduan ikusiko. Jada eragin diegu Baionara etorri eta bertan jokatzeko beldur hori» Ligarekin «amestu» nahi du: «Beti amestu behar da, askotan ametsak bete egiten baitira. Ahal duzun goren begiratu behar duzu beti; hori esaten diogu une oro geure buruari».

Minutuak izatea, helburu

Denboraldia ondo hasi arren, udan Baionako taldeak izan du gorabeheraren bat edo beste. Gregory Patat entrenatzaileak azken unean luzatu zuen Lapurdiko taldearekin zeukan kontratua: irailaren hasieran sinatu zuen 2028. urtera arte taldea entrenatzeko akordioa; hain zuzen, Liga hasi zen astean bertan. Arizetak nabarmendu du jokalarien artean ez zutela «askorik» hitz egin gaiaz. «Jokalariak gustura geunden entrenatzailearekin, baina gu, azkenean, jokalari hutsak gara, eta ezin dugu ezer ere egin». Dena den, argi dauka: «Joan den denboraldi guztia eta honen hasiera ikustea nahikoa da entrenatzailea gakoetako bat dela jakiteko».

Arizetak adierazi duenez, «zaila» da Baiona bezalako talde batean jokalari gazte bat izatea. «Ez dugu asko jokatzen, baina beti esaten digute lanean jarraitu behar dugula, eta pixkanaka joango garela aukerak izaten». Arizetak bosgarren denboraldia du Baionan. Aitortu du egokitzea «apur bat» kosta egin zitzaiola, ez baitzekien frantsesez hitz egiten. Hala ere, asko lagundu zioten: «Hemen badago euskaraz hitz egiten duen jendea, eta, guztien laguntzarekin, pixkanaka egokituz joan nintzen». Lehen taldearekin aritzeko prozesuaz ere hitz egin du: «Ez nintzen askorik jabetu eman nituen pausoez. Egun batean lehen taldekoekin entrenatzeko deitu ninduten, eta hor hasi zen dena».

Aurten oraindik ez du jokatzeko aukerarik izan: «Uste dut laster helduko dela momentu hori». Baionan igarotako bost urte hauen ondoren, kluba asko maite duela azpimarratu du: «Nire bihotzaren zati bat Baionarena da. Jende askok bultzatzen nau harmailetatik, eta oso harro nago». Arizetak helburu bat du: partidetan «asko» jokatzea. Hala gogorarazi nahiko luke denboraldia; eta, zergatik ez, liga irabazi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.