VUELTA

Balentria egin du Mikel Landak, Vueltako etaparik gogorrena irabazita

Azken zazpi kilometroetan jo du erasoa Landak, eta, hasieran kosta bazaio ere, atzean utzi du Johannessen. Bederatzi urte zeramatzan itzuli handietan etaparik irabazi gabe. Ustekaberik ezean, Enric Masek irabaziko du Vuelta, bere lehen itzuli handia.

Landa Johannessenen atzean, Alguacil mendatea igotzen. JAVIER LIZON / EFE
Landa Johannessenen atzean, Alguacil mendatea igotzen. JAVIER LIZON / EFE
inaut matauko rada
2026ko irailaren 12a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Landismoaren fededunik sutsuenek gaur lortu dute itxaroten ari zirena: Mikel Landak (Soudal) Vueltako hogeigarren etapa irabazi du. Eta nola gainera, itzuli guztiko etaparik gogorrenean iheskideak atzean utziz altxatu baititu besoak Alguacil mendatearen gainean. 2017an irabazi zuen azkenengoz etapa bat itzuli handi batean, Italiako Giroan, eta bere ibilbideko azken itzuli handia izan daitekeen honetan, azken-aurreko etapan, maila goreneko ibilbideari amaiera ederra eman dio. Izan ere, datorren urtean lehen mailako txirrindularitzatik kanpo egongo da, Euskaltelen ariko baita, etxeko taldean, World Tourrean lehen pedalkadak eman zituen taldean. Enric Masek (Movistar) ondo defendatu du maillot gorria, eta tartea handitzea lortu du.

Etapa hasieratik ihesaldi handi bat sortu da, txirrindulari on asko tartean, eta denbora gutxian tropelarekiko dezenteko tartea lortu dute. Sailkapen nagusiko gizonek beste egiteko bat zuten: postua defendatzea batzuek, eta sailkapenean gora egitea besteek. Horregatik, indarrak azken mendaterako gorde dituzte. Sepp Kuss (Visma) izan da aurrea hartu duen sailkapen nagusiko txirrindulari bakarra, eta bosgarren postura igotzea lortu du.

Azken-aurreneko mendatea, El Duque, lehen postuan igaro du Landak, bi iheskiderekin batera: Thobias Haaland Johannessen (Uno-X) eta Ramses Debruyne (Alpecin). Jaitsiera elkarrekin egin dute, baita azken mendatearen hasiera ere. Alguacilgo helmugara iristeko zazpi kilometro baino gehiago falta zirela, Debruyne atzean geratzen hasi da, eta Landa, berriz, etapa irabazteko aukera zuela sinesten. Handik gutxira, erritmoa gogortzen hasi da, eta Johannessen gutxinaka atzean geratuz joan da: hor hasi da Landaren erlojupekoa.

Hamar segundo inguruko tartea lortu du Landak, baina etengabe atzean ikusten zuen Johannessen. Hura behingoz atzean utzi ezinda zebilen, baina erritmoa are gehiago gogortu du Landak, eta bien arteko tartea handituz joan da. Helmugarako hiru kilometro falta zirela, minutu erdi baino gehiagoko tartea zuen Murgiko txirrindulariak: bere esku zegoen etapa irabaztea. Eta ez du hutsik egin; are, tarte handiagoa atera dio norvegiarrari. Azken metroak hunkituta egin ditu Landak, eta pozarren altxatu ditu besoak helmugako marra pasatzerako.

Nagusian, aldaketa gutxi

Sailkapen nagusiko txirrindulariek hasieratik eman diete tartea ihesaldikoei, eta lasai joan dira azken mendateraino. Hala ere, Kuss ihesaldian sartu da, eta horrek eraso egiteko motiboak eman dizkio Richard Carapazi (EF), baina ez du lortu estatubatuarrarengana gerturatzea. Alguacil mendatearen amaieran iritsi dira erasoak eta erritmo aldaketak. Felix Gall (Decathlon), sailkapen nagusiko hirugarrena, hasi da estutzen, eta lortu du Primoz Roglic (Red Bull) atzean uztea.

Esloveniarra zen austriarraren aurkari nagusia, Roglic bigarren postuan baitzegoen etapa hasi aurretik sailkapen nagusian, eta aurrea hartzeko saiakera ona egin du Gallek. Vueltako liderra atzean uztea ere lortu du, baina egindako esfortzu handia ez da nahikoa izan Roglic bigarren postutik jaitsarazteko. Hala, Masek irabaziko du bihar Espainiako Vuelta, ezusteko izugarririk ez bada, eta Roglic eta Gall izango ditu podiumean lagun, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.

Movistarreko liderrak bere lehen itzuli handia irabaziko du bihar Granadan, bere ibilbideko emaitza onenak izan dituen lasterketan. Tadej Pogacar (UAE) zen faborito nagusia Vuelta hasi aurretik, alde handiz, eta lehen etapatik lider zen esloveniarra, baina itzuliko zortzigarren etapan eroriko gogorra izan zuen, eta lasterketari adio esan behar izan zion.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA