Proiektu berri batean sartuta dabil azkenaldian Igor Alzelai mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile ohia (Legazpi, Gipuzkoa, 1978), eta entrenamendu berezi bat egitera bertaratu da Andoainera (Gipuzkoa), Aitor Ugarte mendiko eskiatzaile eta korrikalariarekin. Selekzioaz hitz egiten hasi orduko, emozioari eutsi ezinda hasi da erantzuten.
Mendiko eskiko euskal selekzioko hautatzaile kargua uzteko erabakia hartu duzu. Zein izan da pauso hori emateko arrazoi nagusia?
Nire aroa amaitu dela iruditu zait. Kirol hau profesionalizatzen ari da, eta ni ez naiz profesionala. Suhiltzailea naiz, eta aldaketa bat egiteko garaia dela uste dut. Beste federazio batzuetan urteak daramatzate jende profesionalarekin lanean, eta ikusi besterik ez dago kirol honek azken lau urteotan izan duen gorakada. Hemendik aurrera aldaketa oraindik ere handiagoa izango da. Ziklo baten amaiera dela iruditzen zait.
Zeren hutsunea izan duzu urte hauetan guztietan?
Ez nuen ezer berezirik eskatzen, baina kirol hau olinpiko bihurtu da, eta horrelakoetan apustuak serioagoa izan behar du. Baliabide eta diru laguntza gehiago behar dira lana hobeto egiteko. Oso aurrekontu murritza izan dugu beste kirolekin alderatuta, eta gaur-gaurkoz ez dut mendiko eskiaren aldeko apusturik ikusten.
Beste selekzio batzuetan jada egin dute apustu hori?
Bai. Oriol Cardonak eta Ana Alonsok neguko Olinpiar Jokoetan lortutako dominek jende berria erakarriko dute mendiko eskira. Hala ere, haien dominak ez dira zorte kontua izan. Kataluniako eta Andaluziako (Espainia) Mendi Federazioek aspaldi egin zuten kirol honen aldeko apustua. Ez da kasualitatea Cardona kataluniarra izatea eta Alonso andaluziarra. Aragoiko eta Madrilgo federazioek ere asko handitu dute apustua. Hemen, aldiz, ez dugu halakorik egin. Baina, hala ere, Iñigo Martinez de Albornoz ia Olinpiar Jokoetan ikusi genuen.
Zeintzuk izan dira aldaketa handienak, beste federazioekin alderatuta?
Hasteko, kirol hau ezagutzen duten teknikariak bildu dituzte lantaldeetan, eta selekzio moduan ere joan izan dira, adibidez, denboraldiaurrean Tignesera [Frantziako Alpeak] entrenatzera. Gauza asko landu dituzte urte hauetan guztietan, eta emaitzak iritsi zaizkie.
Erabakia jakinarazi zenuenetik zama bat kendu duzu gainetik, edo pena hartu duzu?
Bietatik pixka bat. Eskiatzaile asko umeak zirenetik ikusi ditut hazten; esaterako, Aitor Ugarte eta Rafa Urbizu. Emozioetan eragin handia dauka horrek. Bestalde, lasaiago biziko naiz hemendik aurrera.
Atzera begira, nola gogoratzen dituzu hautatzaile gisa eman zenituen lehen pausoak?
Aitor Murua hautatzaile zenean hasi nintzen euskal selekzioan. Hark utzi ondoren, Iñigo Larizek hartu zuen lekukoa. Azkenerako, elkarrekin egin genuen lan azken denboraldian, aita izatear zelako. Geroztik, ni egon naiz karguan. Zazpi urte egin ditut hautatzaile gisa, eta gauzak asko aldatu dira denbora honetan. Orduan ia ez zegoen selekziorik ere. Kategoria bakoitzeko eskiatzaile bat aukeratzen zen, eta beste guztiek beraien poltsikotik ordaindu behar zituzten gastuak. Orain, aldiz, denak joaten gara, eta guztiei ordaintzen dizkigute gastuak.
«Oso zorrotza naiz neure buruarekin, eta besteekin ere antzekoa izaten naiz. Selekziora joatea ez dut sekula ikusi asteburu-pasa joateko aukera gisa»
Urte hauetan guztietan une garrantzitsu asko bizi izan dituzu. Lorpenak ere asko izan dira. Zeintzuk dira gehien gogoratuko dituzunak?
Asko izan ditut. Izugarri gozatu dut eskiatzaile guztien garaipenekin. Zer esanik ez Iñigo Martinez de Albornozen lorpenekin. Iñigoz harago, Nahia Quincoces eta Igone Campos ere hor egon dira. Munduko hiru txapelketatara joan gara, eta hori ere oso pauso garrantzitsua da.
Penaren bat gelditu al zaizu?
Asko! Gauza batzuk gaizki egin ditudan irudipena ere badut. Zenbaitekin eztabaidak izan ditut, eta ziur nago askori ez zaiela gustatu selekzioa kudeatzeko izan dudan modua. Oso zorrotza naiz neure buruarekin, eta besteekin ere antzekoa izaten naiz. Selekziora joatea ez dut sekula ikusi asteburu-pasa joateko aukera gisa. Diru publikoa erabiltzen dugu, kirol errendimendua lortu nahi dugu, eta horrelakoetan gauzak serio hartu behar dira. Jendea selekziora ekartzea oso erraza da, baina, aldi berean, oso zaila da baten bati ibilbidea amaitu zaiola esatea. Hori da gogorrena. Halako egoerengatik gaixotu ere egin nintzen.
«Jendea selekziora ekartzea oso erraza da, baina, aldi berean, oso zaila da baten bati ibilbidea amaitu zaiola esatea. Hori da gogorrena»
Urte hauetan guztietan handiak izan dira multzoaren motibazioa eta exijentzia. Nola lortu duzu horiei eustea?
Zorte handia izan dut eskiatzaile ia guztiekin. Azken urteetan, beterano xamarrak diren eskiatzaileek asko lagundu didate; esaterako, Axier Alonsok, Nahia Quincocesek, Igone Camposek eta Jon Ander Aranburuk. Berez oso motibatuta egoten dira; ez dute ezer behar horretarako. Haiei esker errazagoa izan da gazteekin aritzea. Erreferente dira, eta proiektuaren parte sentitu dira beti. Gauzak asko erraztu dizkidate.
Euskal selekzioko hainbat kide bikain lehiatu dira nazioartean. Zein izan da arrakasta hori lortzeko gakoa?
Ez dago formula sekreturik. Martinez de Albornozek, adibidez, asko du berezkotik. Oso umetatik zuen eskiatzeko erraztasuna. Askotan pentsatu izan dut lehenago hartu izan balu serio mendiko eskia, are gauza handiagoak lortzeko gai izango zela. Nahia Quincocesen kasua, aldiz, oso ezberdina da. Nik ezagutu nuenean ez zen Euskal Herriko txapeldun ere! Baina erakutsi du kasta, indarra eta kemena duela eta gai dela gauza handiak lortzeko. Biak asko hazi dira, eta horren parte sentitzen naiz.
Selekzioa utziko duzun arren, hainbat proiektutan lanean jarraituko duzu. Nolako proiektuak dira?
Ez noa beste leku batera. Martinez de Albornozekin eta Ugarterekin lanean jarraituko dut. Haien inguruan sortutako lantalde bateko partaide naiz, eta Basque Teami esker haiei laguntzen aritu gara azken urteetan. Aitorrekin itxaropen handia dut. Oso umetatik ikusi dut hazten, eta, nahiz eta denbora batean eskia utzi zuen, itzulera bikaina izan du azken bi urteetan. Gaztea da, gogotsu dago, eta haren aldeko apustua egitea ezinbestekoa iruditzen zait. Ziur nago asko poztuko garela haren lorpenekin.