Eibar taldeko jokalaria

Angeles del Alamo: «Balio handia du egiten ari garen denboraldi hasiera onak»

Ezin hobeto ekin dio denboraldiari Eibarrek: hamabi puntuetatik zazpi lortu ditu. Del Alamok lehen sasoia du taldean. Irabazteko gola sartu zuen Athleticen aurka.

Angeles del Alamo. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Angeles del Alamo. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko irailaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Angeles del Alamo (Madril, 1998) aurrelariak joan den igandeko partidan sartu zuen lehen gola Eibarrekin, Ipuruan, Athleticen aurkako derbian. Partidako gol bakarra izan zen, eta, horri esker, Eibarrek aurrenekoz irabazi zion Athletici Ipuruan. Espanyolen hiru denboraldi egin ondotik, Del Alamok taldez aldatu «behar» zuen, eta ez zuen askorik pentsatu behar izan Eibarrera etortzeko. «Eroso» dabil Iñaki Goikoetxearen taldeak duen jokatzeko estiloarekin, baina uste du Eibar badela gai beste jokatzeko modu batzuetara egokitzeko. Taldeak dituen helburuez galdetuta, hurrengo partidan dute arreta osoa: «Ez gara zoratuko». Sevillaren zelaian jokatuko dute igandean, 16:00etan (RTVE Play eta DAZN).

Lehen gola sartu zenuen derbian Athleticen aurka. Pozik?

Bai, oso pozik nago. Gogoa nuen ligan estreinako gola sartzeko.

Lehen aldiz irabazi dio Eibarrek Athletici Ipuruan. Nola ikusi zenuen taldea?

Oso ondo jokatu genuen. Hasiera-hasieratik lehiakorrak izan ginen, eta uste dut azken partidan, Badalonaren aurkakoan, hori falta izan zitzaigula. Neurketaren plana zehatz-mehatz bete genuen. Bigarren zatian sufritzea egokitu zitzaigun arren, uste dut taldea ondo lehiatu zela, eta, horri esker, hiru puntuak eskuratu genituela.

Zer balorazio egiten duzu orain arteko taldearen jardunaz?

Denboraldi hasiera oso ona izan da. Ez dago inor klubean pozik ez dagoenik egin dugun hasierarekin. Egutegiari dagokionez, aurkari zailak genituen, eta, Badalonaren aurka egin genuen hanka sartzea kenduta, uste dut orain lortu ditugun puntuak garrantzitsuak direla. Balio handia du egiten ari garen sasoi hasiera onak.

Bigarren aldiz jokatu zenuen hasieratik denboraldi honetan. Zer moduz ari zara?

Oso gustura ari naiz, eta pausoz pauso hobeto ari naiz. Leku berri batera zoazen bakoitzean taldeak duen jokatzeko modura egokitu behar duzu, eta taldekide berrietara ere bai. Dena den, uste dut pixkanaka ulertzen ari naizela zer nahi duten niregandik. 

Eta zer eskatzen dizu Iñaki Goikoetxea entrenatzaileak?

Aurrelaria naizenez, esaten dit goian taldearen erreferentzia izan behar dudala, eta baloiari ahalik eta gehien eusteko gai izan behar dudala, taldeari arnasa emateko. Horrez gain, entrenatzaileak esan dit aurkariaren arean nagoenean taldeari lagundu behar diodala golak sartzeko aukerak sortzen. 

Eroso ari zara Eibarren jokatzeko moduarekin? 

Bai, oso eroso nabil. Aireko lehietan ondo moldatzen naiz, eta horrek jokoan mesede egiten dit. Eibarren betiko zigiluetako bat da zuzen jokatzea trantsizio azkarrak eginez, baina uste dut denboraldi honetan badugula jendea baloiarekin ondo moldatzen dena. Baloia izan dezakegu, eta pazientzia handiagoa eduki jokoa eraikitzeko garaian. Uste dut bien nahasketa bat dela, eta ni bi modu horietara jokatzen duten taldeetan aritu naiz. Beraz, uste dut badakigula moldatzen partida bakoitzak eskatzen digunaren arabera.

Bederatzi jokalari etorri zarete taldera. Nola egokitzen ari zarete?

Bakoitzak bere denbora behar du taldera egokitzeko. Talde gaztea gara, eta denboraldiaurreak balio izan digu elkar ezagutzeko. Uste dut pixkanaka pieza guztiak bat etortzen ari direla. Horrela, emaitza onak lortuko ditugu, orain artekoak bezala. Oxala horrela jarraitzea.

Zein taldekidek harritu zaituen gehien?

Batek baino gehiagok harritu nau. Batzuk ez nituen ezagutzen. Adibidez, Anna [Wellmann] atezaina ez nuen ezagutzen, eta sekulako atezaina da. Noe [Fernandez] ere asko gustatzen ari zait. Carmen [Alvarez] beti aurkari izan dut, eta orain entrenatzen ikusten dut nola borrokatzen den baloi guztietan. Alor ezberdinetan taldeari ekarpenak egiteko jokalariak ditugu.

Zergatik aukeratu zenuen Eibar?

Espanyoleko nire aroan hirugarren denboraldia zen, eta argi nuen aldaketa bat behar nuela. Beste talde batera joateko aukerak aztertzen hasi nintzenean, Eibarren aukera azkar suertatu zen. Ez nuen askorik pentsatu, ondo egokitzen zelako. Inguru hau asko gustatzen zait bizitzeko, eta pozik nago hona etorri naizelako.

«Oso gustura ari naiz, eta pausoz pauso hobeto ari naiz. Pixkanaka ulertzen ari naiz zer nahi duten nigandik»

Zer gustatzen zaizu gehien inguruaz?

Dena asko gustatzen zait. Lehen egunean, errepidean nindoala, dena berde ikusten nuen. Hiri batean bizi izan garenok ez gaude ohituta horretara, eta sekulakoa da guretzat. Oso ondo jaten da, eta jendea oso gertukoa da.

Klubak zer helarazi dizu?

Egunerokoaz asko gozatzen ari naiz. Gertuko kluba da. Beharbada ez ditu beste batzuek dituzten baliabideak, baina orain Areition entrenatzea sekulako aukera da, eta gozatzen ari naiz. Pozik nago hemen egoteagatik.

Zer-nolako jokalaria zara?

Jokalari langilea naiz, bai defentsan, bai erasoan. Bizia naiz, eta gustatzen zait areatik gertu egotea errematatzeko. Uste dut balioa jaurtitzeko gaitasuna ere badudala. 

Hemendik aurrera, zer asmo ditu taldeak?

Garrantzitsuena hurrengo partida da, Sevillaren aurkakoa. Puntuak biltzea da helburua. Ez gara zoratuko.

Nolako aurkaria da Sevilla?

Sailkapenaren erdialdetik gora egoten den talde bat da. Gauzak zail jarriko dizkigu, eta, gainera, zelaia handia da. Dena den, uste dut gu garai onean iritsiko garela. Zaila izango da, baina gogotsu ariko gara hiru puntuak lortzeko. 

REALAK ETA ALAVESEk GAUR JOKATUKO DUTE

Reala eta Athletic gaur ariko dira Espainiako Ligan. Gipuzkoako taldeak aurkari indartsua hartuko du Zubietan, 12:00etan (DAZN): Real Madril. Realak ez du irabazi oraindik, baina gaur helburu zaila du, Real Madril oso ondo ari baita: hamabi puntutatik hamar bildu ditu. Alavesek, berriz, Madrili egingo dio bisita (18:30, DAZN). Arabarrak ondo ari dira, sei puntu lortu baitituzte. Madrilek, berriz, bederatzi batu ditu. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA