Joan den larunbatean amorruz ospatu zuten Athleticeko jokalariek sasoiko lehen garaipena, Eibarren kontra, Lezaman: 2-0. Ez da gutxiagorako, bederatzi partida baitzeramatzaten hiru puntuak bildu ezinik. Hamargarren jardunaldian hartu dute arnasa. Ane Azkona (Iruñea, 1998) aurrelariak sartu zuen bi goletako bat. Iruindarrak uste du baloia izan arren orain arte «nahiko joko horizontala» egin dutela. Ez zuten hori egin Eibarren aurka, eta, Azkonaren ustez, Athleticek jokatzeko modu horri eutsi behar dio bihar, Realaren aurkako derbian. (12:00). Badaki irabaziz gero oso litekeena dela taldearen «motibazioa» asko handitzea.
Kostata, baina irabazi duzue lehen partida.
Hala da, eta pozik gaude. Bederatzi jardunaldi garaipenik lortu gabe zoazenean, kosta egiten da aurrera egitea. Hala ere, taldean giro ona egon da. Partidetan, aurkariaren zelaiaren azken zatian patxada falta izan zaigu. Uste dut Eibarren aurka hori ondo egin genuela, eta, horri esker, gehiago iritsi ginen haren areara. Garaipen oso garrantzitsua izan da.
Hori nahikoa ez, eta zuk gola sartu zenuen, sasoiko lehena.
Partida biribila izan zen, batez ere lehenengo garaipena lortzeagatik, baina baita gola sartzeagatik ere. Aurrelariontzat, gola sartzea beti da gustagarria. Entrenatzaileak bestelako zereginetan parte hartzeko eskatzen digu, baina aurrelaria zara, area barruan zaude, eta gol aukerak sortu behar dituzu, baita golak sartu ere. Gola sartzeak konfiantza ematen dizu aurrera begira.
Amorruz ospatu zenuten garaipena.
Bai, baina ez genekien asko ospatu ala ez, gure egoera ez baita behar bezain ona. Hala ere, ligan garaipen bat lortzea oso zaila da, oso gogorra. Gauzak ondo egin behar dituzu, liga asko parekatzen ari baita. Ospatu egin behar dira garaipenak, eta taldekideen artean normala da giro hori sortzea.
Orain arteko partida askotan aurkariak baino gehiago izan duzue baloia. Ohikoa duzuen jokamolde zuzena falta izan zaizuela uste duzu?
Bai, hori da gehien galdu duguna. Defentsan sendo aritu gara azken partidetan. Izan ere, lehenengo neurketetan ez ginen oso sendo ibili, zenbait gol sartu zizkiguten erne ez egoteagatik. Aurreneko neurketetan zuzenago jokatzea falta izan zaigu: erasokorrago aritzea, alegia. Uste dut Eibarren aurkako partidan zuzenago jokatzea lortu genuela. Partida askotan, guk izan dugu baloia gehien, baina uste dut nahiko joko horizontala egin dugula; ez dugu eraso egin aurkariaren bizkarrera. Gure taldeak beti izan du ezaugarri hori: azkar korrika egitea eta erasokorrak izatea. Hori ari gara entrenatzen, eta espero dugu gure jokatzeko modua berreskuratzea.
David Aznarrekin 4-4-2 sistemarekin jokatzen zenuten, erdian erronboa osatuta; Javi Lergarekin, ordea, 4-3-3 sistemarekin ari zarete. Aldaketa horrek baldintzatu du liga hasiera?
Aldaketak daudenean, norberak moldatu behar du. Javik beste marrazki batekin jokatu nahi du. Batzuetan, erdian ez dugu izan jende askorik, eta kosta egin zaigu erdikoek lotura egitea aurrekoekin. Eibarren aurkako partidan, berriz, Clarak [Pinedok] punta erdian jokatu zuen, eta oso ondo egin zuen lotura lan hori; guretzat hori ezinbestekoa da. Baditugu aurrelariak hegalean jokatu arren barrura sartzen direnak, eta hori ere garrantzitsua da gure jokoarentzat, alboko atzelariak gora igo daitezen. Marrazki berrira moldatzen ari gara.
«Aurrelariontzat, gola sartzea beti da gustagarria: konfiantza ematen dizu aurrera begira»
Min hartuta egon da Clara Pinedo. Haren hutsunea asko nabaritu duzue?
Bai, jokalari desberdina baita: lerro artean oso ondo mugitzen da, eta oso ondo egiten du lotura lana atzeko bi erdilarien eta aurreko jokalarien artean. Jokalari oso garrantzitsua da, areara askotan ailegatzen baita. Horretan saiatzen bagara, aukera gehiago sortuko ditugu, eta golak sartuko ditugu.
Bihar derbia jokatuko duzue Anoetan, Realaren aurka. Kontrako joeran zaudete bi taldeak: Reala, goian, eta zuek, zulotik ateratzen. Zer itxura hartzen diozu partida horri?
Derbiak beti parekatuak izaten dira, bai Realaren kontrakoak, baita Eibarren kontrakoak ere. Ez dut gogoan derbirik talde bat nagusi izan denik. Joan den denboraldian galdu egin genuen Anoetan. Ogizari txartel gorria atera zioten aurkariari bati iletik heltzeagatik. Baina, nahiz eta bat gutxiagorekin aritu, eta galtzen joan, taldeak partida serioa egin zuen, punturik bildu ez genuen arren. Neurketa parekatua espero dut, eta beti esaten da, baina uste dut xehetasun txikiek baldintzatuko dutela neurketa. Realak oso ondo hasi du liga. Guk gureari begiratu behar diogu, konfiantza izan behar dugu taldearengan.
Zure ustez, zein da Realaren indargune nagusia?
Txandakatze asko egiten dituzte hamaikakoan, eta uste dut hori seinale ona dela talde batentzat. Barrutik oso ondo jokatzen dute, aurrean abiadura handia duten jokalariak dituzte, bizkarrera ondo erasotzen dutenak, eta, azkenik, aurrean haien erreferentzia nagusia Edna da [Imade]. Denok ezagutzen dugu: arean oso ondo mugitzen da, joan den denboraldian gol asko sartu zituen, eta honetan ere bigarrena da golegilerik onenen sailkapenean. Talde osoa da, baina ahulguneak ere baditu. Horiei etekina ateratzen saiatuko gara.
«Talde osoa da Reala, baina ahulguneak ere baditu. Horiei etekina ateratzen saiatuko gara»
Bigarrenez jarraian derbi bat irabaziz gero, dena geratuko da atzean?
Bai, hori da kontua. Zalantza asko zeuden aste honetan, baina normala da. Lasaitasuna helarazi nahi izan dugu. Bi neurketa irabazten dituzu, eta, gainera, derbiak izanda, baliteke mugarri izatea, gora begira jartzeko. Ondoren, Granada eta Madrilen aurkako partidak ditugu, eta horiek ez dira Bartzelona, Real Madril edo Atletico Madrilen pareko aurkariak; azken horiek sailkapenaren gorenean daude. Igandean konfiantzaz joango gara Anoetara, eta espero dugu guretzat mugarri izatea. Ea bolada honi eusten diogun.
Emaitza bat?
Irabaztearekin konformatzen naiz: 0-1, 0-2 edo 0-3; berdin zait. Gustatuko litzaidake guri golik ez sartzea, baina, edonola ere, irabaztea.