Barrocal-Ruiz de Larramendi 22-12 Zabaleta-Agirre

Barrocal eta Ruiz de Larramendi txapeldun Ados Pilotako binakakoan

Lehen tantoetatik hartu dute aurrea gorriek, eta txapelketako partida guztiak irabazita gailendu dira. Promozio mailako finala Gordon-Oskozek irabazi dute.

Lau finalistak partida amaitu berritan, gaur, Zumarragan (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
2023ko martxoaren 5a
13:39
Entzun

Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik irabazi dute Ados Pilotako binakako txapelketa. Gaur jokatu dira Ados klubak eta BERRIAk antolatutako finalak Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki frontoian, eta joko bikaina eginda gailendu dira Goiuri Zabaletaren eta Naroa Agirreren aurka (22-12).

Ez da ezustekoa izan. Txapelketa osoan izan dira onenak bi bikote horiek, baina bereziki nabarmendu dira Barrocal eta Ruiz de Larramendi: hasi eta buka, ez dute partida bat bera ere galdu. Ligaxkan zazpitik zazpi irabazi zituzten, finalaurrekoetan 22-11 hartu zituzten mendean Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika, eta gaur aurrekoetan erakutsitakoa berretsi besterik ez dute egin.

Lehen tantoetatik, atzean sendo aritu da Ruiz de Larramendi, eta aurrean asmatu du tantoak amaitzen Barrocalek. Sakez ere zazpi tanto egin ditu. Ruiz de Larramendik azaldu du hasieratik zutela partida atzean jokatzeko asmoa, «aurrean zaila delako Zabaletari tanto egitea».

Barrocal Promozio Mailan txapeldunorde izan zen iaz, eta Lehen Mailako txapela jantzi du aurten. Nola gainera: Bergarako aurrelariak jaso du pilotari onenaren saria ere.

Promozioko finala

Promozio mailako finalean, berriz, Aiala Uriarte Gordon eta Leire Oskoz nagusitu dira Natale Aranbururen eta Olatz Insaustiren aurka (22-14). Lehen tantoetan sendotasun handiagoa erakutsi dute Gordonek eta Oskozek; jokoan sartzen gutxi utzi diote Aranbururi. Hurrengo tantoetan hobeto jokatu dute urdinek, baina ezin izan dute markagailua irauli. Aranbururi eman diote pilotari onenaren saria.

Datorren urtean, Antzuolan (Gipuzkoa) jokatuko dira Binakako txapelketaren finalak. Iera Agirre pilotariak eta Ados klubeko ordezkariak egin du txapelketaren balorazioa. Pozik agertu da txapelketa egin ahal izan dutelako, eta gaurko egunak «aurrera jarraitzeko indarrak» ematen dituela aitortu du. Gogoan izan du txapelketa hasi aurretik hartutako «kolpea» ere: ETBk jakinarazi zien ez zuelako txapelketako partidarik emango. Hori gertatu arren, balioa eman nahi dio egindako lanari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.