Alaves-Baskonia taldeak Buesa Arena pabiloia eta haren ondoko aparkalekua erosteko proposamena egin dio Arabako Foru Aldundiari. Klubak hazteko duen Ondare proiektuaren barruan, 153 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du, eta horri aurretik inbertitutako 100 milioi euroak gehitu behar zaizkio.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Josean Kerejeta Alaves-Baskonia taldeko presidenteak agerraldia egin dute gaur, eta aparkaleku horretan zer egin nahi duten zehaztu dute: Euneiz Unibertsitatea eta jokalarien egoitza handitu, eta Lanbide Heziketako zentro espezializatu bat sortu. Buesa Arena berritu ere egin nahi dute.
«Urte osoan ekintzak egin nahi ditugu bertan. Ekintza horiek kirolari, hezkuntzari, osasunari, berrikuntzari eta entretenimenduari lotuta egongo dira»
RAMIRO GONZALEZ Arabako ahaldun nagusia
Kiroletik harago ere Buesa Arenak izan duen garrantziaren inguruan hitz egin du Gonzalezek: «Buesa Arena, urteetan, erreferentziazko azpiegitura izan da Gasteizentzat eta Arabarentzat. Orain, azpiegitura horri lotuta, beste jauzi bat egin nahi dugu. Urte osoan ekintzak egin nahi ditugu bertan. Ekintza horiek kirolari, hezkuntzari, osasunari, berrikuntzari eta entretenimenduari lotuta egongo dira. Lanpostu eta inbertsio berriak sortzeko aukera ere hor dago».
Kerejetak, berriz, urte hauetan guztietan egindako lanari eman dio balioa: «Urte asko daramatzagu Arabatik onenekin lehiatu daitekeela erakusten. Egin ditugun proiektuek etorkizunari begirako ikuspegi bat izan dute, eta berrikuntza izan dute oinarri. Gaur egun, kirolak aurrera egitea eskatzen digu, eta tresna berriak behar ditugu lehiakor izaten jarraitzeko». Ondare planean inbertsioak egitea eta Buesa Arena erostea horrekin lotu ditu. «Buesa Arena aurrerantzean ere Baskoniaren etxea izatea nahi dugu. Baina nazioartean ere erreferentzia izatea nahi dugu, egunero irekita egotea, eta talentua erakartzea. Kiroletik harago doan azpiegitura bat izan behar du, Gasteizen eta Arabaren etorkizuna indartzeko».
«Kiroletik harago doan azpiegitura bat izan behar du, Gasteizen eta Arabaren etorkizuna indartzeko»
JOSEAN KEREJETA Alaves-Baskonia taldeko presidentea
Kerejetak nabarmendu du «premiazkoa» dela erosketa egitea. «2028ko irailerako bi eraikin behar ditugu, bai unibertsitaterako, bai jokalarien egoitzarako». Premiazkoa dela esan arren, bi aldeek ez dute ez eperik eta ez zenbatekorik zehaztu.
Gonzalezek zera erantsi du: «Berme guztiekin egingo dugu egitasmoa, azpiegituren benetako balioa aintzat hartuta, eta beharrezkoak diren txosten tekniko eta juridikoekin. Indarrean dagoen araudia beteko dugu, interes publikoa aintzat hartuta».