Uda zeharo desberdina izaten ari da ACB ligako bi euskal taldetako bakoitzarentzat. Kantxak itxita, bulegoetako lanak bereganatu du arreta. Baskonia eraberritze prozesu betean dabil, taldearen bizkarrezurra osatzen zuten hainbat jokalarik kluba utzi baitute. Bilbo Basketek, berriz, eutsi egin dio aurreko denboraldiko taldearen oinarriari, eta beharrezko piezekin osatu.
Baskonia aldaketak egin beharrean da. Joan den sasoian Espainiako Kopa irabazita eta ACB ligako denboraldi erregularra hirugarren postuan amaituta, balantzea ona izan zen, baina amaierako zaporea, gazi-gozoa: arabarrek ez zuten maila eman Euroligan, eta Joventutek kanporatu egin zituen ligako lehen kanporaketan.
Merkatuko mugimenduak hasi aurretik, zalantza izan zen Paolo Galbiati entrenatzaileak jarraituko ote zuen. Denboraldi amaieran Bartzelonarekin lotzen zuten zurrumurruak ugaritu baziren ere, azkenean entrenatzaile italiarrak Gasteizen jarraituko du, eta haren joko azkar eta erasokorrari eutsiko dio taldeak. Xevi Pujol Baskoniako kirol zuzendariak, ordea, Galbiatirenaz bestelako erabaki bat hartu du. Duela urtebete iritsi zen taldera, Manresatik, eta urtebete baino ez du egin Gasteizen, Bartzelonarekin sinatu baitu kontratua.
Hala ere, taldea utzi duten jokalarien zerrenda luzea da: Trent Forrest, Eugene Omoruyi, Mamadi Diakite, Jesse Edwards, Markquis Nowell, Gitis Radzevicius, Rafael Villar eta Timothe Luwawu-Cabarrot. Luwawu-Cabarroten agurrak utzi du hutsunerik handiena, azken denboraldian taldeko eta ACB ligako saskiratzaile nagusia izan baitzen.
Oraingoz, lau fitxaketa
Ordezkoen bila hasi, eta klubak lau fitxaketa egin ditu jada. DJ Stewart estatubatuarra da horietako lehena: jokalari fisikoa da, eta kantxan azkar mugitzeko eta saskiari erasotzeko gaitasuna du. Chris Duarte dominikarrak, berriz, talentua du ezaugarri nagusi. Gainera, bigarren eta hirugarren postuetan jokatu dezake. AJ Lawson bi metroko kanadar indartsuak, berriz, kanpoko lerroa indartuko du. Forresten lekua hartzeko, Damion Baugh estatubatuarra iritsi da Gasteizera. Jokoaren zuzendaritzan laguntzea izango du xede, baita pick and roll jokoan laguntzea ere. Dena dela, espero izatekoa da klubak beste fitxaketa batzuk ere egitea. Barruko jokoa indartzea da lehentasuna: Diakitek eta Edwardsek alde egin dutenez gero, Khalifa Diop da taldeko pibot bakarra
Baugh fitxatu duten honetan, berriro bilakatu da hizpide Europako Batasunetik kanpoko jokalarien auzia. Izan ere, Kobi Simmons —2028ra arte berritua du kontratua—, Howard eta Baugh elkartuta, Baskoniak gainditu egingo luke ACBk jarritako muga, EBtik kanpoko bi jokalari izan baitaitezke gehienez ere. Horregatik, kluba aztertzen ari da Simmonsentzat pasaportea lortzeko tramiteak abiatzea, toki bat libre uzteko.
Irailaren 19an, Baskoniak Espainiako Superkopako finalaurrekoa jokatuko du Joventuten aurka, eta horixe izango da proiektu berriaren lehen neurgailua. Taldeak bost egun geroago ekingo dio Euroligari, irailaren 24an; etxean arituko da, Olympiakosen aurka. ACB liga, berriz, irailaren 26-27ko asteburuan hasiko da. Oraindik ez dute egin egutegiaren zozketa.

Ukitu batzuk
Bilbo Basketen jarraitutasuna izan da udako hitz nagusia. Joan den sasoian, bizkaitarrek bigarrenez jarraian irabazi zuten FIBAren Europako Kopa, eta ACB ligako kanporaketetarako sailkatu ziren, azkenekoz hori egin zutenetik 11 urtera. Denboraldi historiko horren ondoren, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak eta Rafa Pueyo kirol zuzendariak lehentasun bat ezarri zuten, argi eta garbi: oinarri arrakastatsu hari eustea. Helburua ia erabat bete dute.
Melwin Pantzarren irteera izan da kolperik mingarriena. Suediarra etengabe hobetzen ibili da hiru urtez. Baina Unicajara joan da. Haren lekua betetzeko, Adam Somogyi hungariarra iritsi da hango Szolnoki Olaj taldetik. Harekin batera, Dan Duscak esloveniarrak osatuko du joko antolatzailearen lerroa.
Justin Jaworskik ez zuen onartu kontratua berritzeko eskaintza, eta klubak Nate Darling kanadarra fitxatu du haren ordez. Darlingek 27 urte ditu, 1,98 metro luze da, eta Frantziako ligan 13,5 puntu sartu ditu batez beste. Bestalde, Manex Ansorregi hegaleko azkoitiarra Gipuzkoa Basketetik dator. Albisterik onena, ordea, etxe barruan dago: Darrun Hilliard, Margiris Normantas, Harald Frey, Martin Krampelj eta Luke Petrasek jarraitzea erabaki dute, eta jokalari garrantzitsuak dira denak ere. Bilbokoek, gainera, azkar itxi dute merkatua, kupoko jokalariak ere lehenetsita.
Barruko jokoa ere sendotu dute. Tryggvi Hlinason kapitainarekin batera, Euroligatik iritsitako Bastien Vautier frantziarrak sendotasuna emango dio pibot postuari. Ondrej Hustak txekiarrak osatuko du barruko lerroa: 2,12 metroko pibot gazteak 2028ra arteko lotura izango du bilbotarrekin. Bassala Bagayokoren etorkizuna da argitu gabe dagoen pieza bakarra.
Denboraldi honetan, Bilbo Basketek erronka handiagoa izango du Europako lehiaketan, Txapeldunen Liga jokatuko baitu. Urriaren 6an hasita, Alba Berlin, Igokea eta Slavia Praga izango ditu aurkari ligaxkan. Lan zailagoak izango ditu, baina Miribillako taldeak, aurreko sasoiko oinarriari eutsita, aurrerapauso bat ematea izango du helburu, lehiakortasuna galdu gabe.