ACB liga aurrera doa, eta igandean, zortzigarren jardunaldian, euskal derbia jokatuko dute Baskoniak eta Bilbo Basketek Gasteizko Buesa Arena pabiloian (12:30, DAZN). Baskonia hamabigarren postuan da sailkapenean, eta Bilbo Basket, berriz, hamargarrenean. David Gilek (Gasteiz, 1976) joan den sasoia amaitutakoan utzi zion Baskoniako entrenatzaile laguntzaile izateari, eta gaur egun «lasai» bizi da; «gustuko» dituen beste gauza batzuk egiten ari dela adierazi du. 2000. urtean harrobiko taldeen ardura hartu zuen, baina bi urteren ondoren lehen taldeko entrenatzaile moduan hasi, eta horretan aritu da 23 urtez.
Arestian aipatu moduan, sailkapenean oso hurbil daude Baskonia eta Bilbo Basket, eta hori bizkaitarrentzat pizgarri izan daitekeela aipatu du Gilek: «Urte asko daramatza Bilbo Basketek Buesan irabazi gabe, baina aurtengo egoera ikusita, aukera ikusten dute behingoz bertan garaipena eskuratzeko». Jaume Ponsarnau Bilbo Basketeko entrenatzaileak iaz Europako Kopa irabaztea lortu zuen, eta Gilek haren lana goraipatu du: «Harekin lan egiteko aukera izan nuen, eta ACBra iritsi aurretik erakutsia zuen jada zer-nolako entrenatzailea zen. Askotan, entrenatzaileei leporatzen zaie erasoko jokoan arreta jarri eta atzealdeari garrantzi gutxi ematea, baina Jaume erasoan entrenatzaile distiratsua da, eta atzealdean ona. Bilbo Basket talde ikusgarria da».
«Urte asko daramatza Bilbo Basketek Buesan irabazi gabe, baina aurtengo egoera ikusita, aukera ikusten dute behingoz bertan garaipena eskuratzeko»
David Gil Baskoniako entrenatzaile laguntzaile ohia
Baskoniak, berriz, aro aldaketa bati ekin dio, eta Pablo Lasoren ordez Paolo Galbiati Italiako entrenatzailea jarri da aulkian. Gilek aldaketa aztertu du: «Baskoniak filosofia aldatu nahi izan du, eta, horretarako, entrenatzaile gazte baten aldeko apustua egin du. Azken urteetan, kanporaketetarako larri sailkatu da, eta Kopan ez da sartu ere egin. Taldeari oreka emango dio, baina pazientzia behar da». Egoera zailetan zaila da jokalarien burutik zer igaroko den pentsatzea, eta Gilek horrelako une baten aurrean eskarmentudunek duten garrantzia azpimarratu du: «Jokalariak benetan zerk kezkatzen dituen ikusi beharko litzateke, haiek baitakite nolako garrantzia duen Kopak. Kopari ez zaio beste inon hainbesterainoko garrantzia ematen, eta beharbada gazteek hasieran ez dute ulertzen denboraldi hasieran gorantz joateko exijentzia hori».
Aste betea biek
Bilbo Basketek irabazi egin zion asteazkenean Georgiako Kutaisi taldeari, eta Europako Kopako E multzoan lidergoa sendotu zuen. Bestalde, Baskoniak gaur jokatuko du Alemaniako Bayern Munich taldearen aurka. Gilek norgehiagoka horrek izango duen garrantzia aipatu du: «Ziur aski, Baskoniak nahiago zukeen asteazkenean jokatu igandean freskoago egoteko, baina, era berean, badakite norgehiagoka ostiral batean izanda jende gehiago bertaratuko dela Buesara». Horrek, baina, astea antolatzerako garaian eragina dauka: «Entrenamenduak antolatzeko garaian, ostiralean eta igandean jokatzen bada, askotan arriskua egon ohi da igandeko norgehiagokari garrantzia kentzeko, ez baitago entrenatzeko denborarik. Hala ere, garrantzitsua da jokalariek aurkaria ezberdina bada ere buruan edukitzea astean zeharreko entrenamenduetan egiten denak bietarako balioko duela».
«Baskoniak filosofia aldatu nahi izan du, eta, horretarako, entrenatzaile gazte baten aldeko apustua egin du»
David Gil Baskoniako entrenatzaile laguntzaile ohia
Norgehiagokaren ordutegiak taldeengan izan dezakeen eragina ere aipatu du Gilek: «Igande goizean jokatuko da partida, eta Bilbo Basketen plangintza zein izango den ez badakit ere, litekeena da goiz esnatu behar izatea, eta hori gorputzarentzat beharbada ez da mesedegarria». Bestalde, Baskoniarentzat ostiraleko norgehiagoka gogorra izango dela uste du: «Alemaniakoentzat, ostiralekoa norgehiagoka garrantzitsua izango da; izan ere, badakite Baskonia aurkari zuzena dela, eta bertan irabazi dezaketela». Taktikak duen garrantziaz ere hitz egin du Gasteizkoak: «Baskoniari talde askok barnealdetik egiten diote eraso, orain arte horrela sufritu baitu gehien. Beraz, talde jokoak eta erreboteak ongi ixteak garrantzia edukiko du».
Denboraldia luzea da, eta une honetan bi taldeak parean badaude ere, ligan eduki dezaketen etorkizunaz hitz egin du Gilek; horrez gain, derbia irabazteko faborito nor ikusten duen ere esan du: «Baskonia ikusten dut faborito, norgehiagoka Gasteizen jokatuko baita. Logikak dio Baskoniak kanporaketetan egon beharko lukeela, eta, Bilbo Basketen helburu nagusia jaitsiera saihestea izango bada ere, kanporaketetan sartzeko ahalegina egingo du».