Baskoniak lehen urratsa egin du ACB ligako finalerdietarako sailkatzeko. Hamalau punturen aldeaz irabazi dio Joventuti Buesa Arenan: 85-71. Ostiralean Badalonan irabaziz gero, finalerdietan izango da. Bestela, hirugarren partida izango du hori lortzeko. Emaitzak erakusten duen baina lehaituagoa izan da neurketa, azken laurdenera puntu bat atzetik iritsi baita Gasteizko taldea. Baina orduan biziago jokatzen hasi da, eta, 26-11ko partzialarekin, garaipena lortu du.Â
Ikusi gehiago
Lehiatuak izan dira lehen hamar minutuak. Ez talde batek, ez besteak ez dute alde nabarmenik lortu. Askotan, saskiratzeak txandakatu dituzte, eta neurketa oso parekatua izan da, nahiz eta gehienetan Baskonia aurretik egon den. Hhiru punturena izan da eduki duen errentarik handiena: 13-10, lehen laurdena amaitzeko bi minutu falta zirela. Baina partidaren kontrola Joventutek izan du, Ricky Rubiok gidatuta. 18-18 amaitu da lehen laurdena.Â
Bigarrenari ezin hobeto ekin dio Baskoniak, bi hiruko sartu baititu erreskadan, eta, ondoren, biko saskiratze bat. Hala, sei punturen abantaila lortu du, ordu arteko handiena: 26-20. Arabarrak biziago jokatzen saiatu dira, beste martxa bat jartzen. Izan ere, ordu artekoak ez zion balio aldea handiagotzeko, eta Joventut eroso zegoen jabetza luzeak izanda. Gainera, Ricky Rubiok izan du neurketaren aginte makila. Tantaka sartu ditu puntuak Galbiatiren taldeak, eta ez du lortu alderik egitea. Gehienez hiruzpalau punturen errenta izan du. Defentsako lana nagusitu da, erasokoaren gainetik. Tentsioa antzeman da, eta bi taldeak buruz buru lehiatu dira. Lehen zatia puntu bateko abantailarekin bukatu du Baskoniak: 38-37.
Hirugarrena, antzera
Atsedenaldiaren ondoren, bide beretik jarraitu du neurketak. Joventut erosoago aritu da, eta bost punturen errenta lortu du lehen hiru minutuetan: 41-46. Simmons eta Cabarrot saskiratu ezinik aritu dira, eta Spagnolok, Kurcuksek eta Omoruyik atera behar izan dituzte babak eltzetik. Partidako unerik zailena zen arabarrentzat. Baina eutsi egin diote, eta ez hori bakarrik. 12-3ko partzial batekin, buelta eman dio neurketari: 53-49. Ricky Rubio aulkian egon da minutu horietan atseden hartzen, eta antzeman egin du Joventutek. Baina, hala ere, gauzek parekatuta segituko dute, eta Herrialde Katalanetako taldeak puntu bat aurretik amaitu du hirugarren laurdena:Â 59-60.
Cabarrotek sartutako hiruko bati esker, Baskonia aurretik jarri da berriz laugarren laurdenean: 64-62. Horrek piztu du sua. Handik gutxira, lau punturen aldea lortu du: 66-64. Hala, Dani Miret entrenatzaileak hutsartea eskatu du. Hor hasi da Baskonia neurketa erabakitzen, minutu eta erdi eskasean aldea 11 puntura handitu baitu. Ikusgarria izan da, adibidez, Omoruyik egin duen matea. Cabarroten hirukoak piztutako suaren garra areagotu du. Zutik jarri ditu Buesa Arenan bildutako zaleak. Joventut biziago jokatu beharrean zegoen, baina horretan ez da hain trebea. Gainera, okerrak egiten hasi da. Baskoniak, berriz, partida kontrolatu beharra zuen. Oro har hala egin du, eta kanporaketako lehen partida irabazi.Â