Bilbo Basketi azken bost minutuetan egin dio ihes garaipenak Valentzian

Partidako azken txanpara hamahiru punturen errentarekin iritsi da, baina orduan Valentziako jokalari erabakigarriak azaldu dira. Gainera, erasoan asmatu ezinik ibili da, eta 83-80 galdu du. Hala, 1-0 da atzetik final-laurdenetako kanporaketan.

Bilbo Basketeko Jaworski, baloiarekin, aurrean Valentziako Montero duela. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
Bilbo Basketeko Jaworski, baloiarekin, aurrean Valentziako Montero duela. MIGUEL ANGEL POLO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 3a
21:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbo Basketek garaipena gertu izan du Valentzian, ligako kanporaketetako final-laurdenetako lehen neurketan. Bikain lehiatu du, komeni zitzaion erritmoa jarri du partidan, hirukoetan asmatu du, eta defentsan sendo jardun du. Lan horri esker, neurketa amaitzeko sei minutu falta zirela hamahiru punturen errenta zuen. Baina Pedro Martinezek zuzentzen duen taldeak jokalari oso trebeak ditu, une erabakigarrietan azaltzen direnak, eta gaur ere hala gertatu da. Montero, Pradilla eta Key azaldu dira, eta partida irauli dute, 14-0eko partzial batekin. Bilbo Basketek argitasuna galdu du erasoan minutu horietan, baita baloi erabakigarri batzuk ere. Hala, azkenerako 83-80 galdu du. 

Partida irabazteko aukera izateko, Bilbo Basketek sendo aritu behar zuen defentsan, eta Valentziaren kanpoko jokoa zaindu. Erasora begira jokatzen du Herrialde Katalanetako taldeak. Ia 95 puntu sartu ditu liga erregularrean partidako. Oldarkor irten da Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldea, eta etxekoek hiru baloi galdu dituzte lan on horri esker. Errebotea ondo zaindu dute, eskuak sartuz. Erasoan, gainera, fin aritu dira. Besteak beste, Normantasek bi hiruko sartu ditu, eta zortzi punturen aldea lortu dute lehen laurdena amaitzeko sei minutu falta zirela: 2-10. Hasiera horretan Bilbo Basketi komeni zitzaion erritmoan jokatu dute neurketa. Pazientziaz aritu dira bilbotarrak, eta korrika egin dute argi ikusi dutenean. Pantzarrek eta Freyk bikain gidatu dute taldea. Valentzia Basketek aldea murriztu du, baina bizkaitarrek ondo eutsi diote, buruz buru lehiatuz. Lehen laurdenaren azken txanpan joan-etorriko gehiago egon dira, eta, azkenerako, 18-19 amaitu da.

Bigarren laurdena Bilbo Basketen hiruko batekin hasi da: 18-22. Ausart jokatzen jarraitu du, eta, atsedenaldirako zazpi minutu falta zirela, etxekoen entrenatzaileak, Pedro Martinezek, hutsartea eskatu behar izan du, Bilbo Basketek sei punturen errenta baitzuen: 23-29. Jokaldiak ondo landu dituzte bizkaitarrek, eta jaurtiketa argiak bilatu dituzte. Uztaipean ere nagusi izan dira, Hlinasonen ahalmena baliatuz. Gainera, bost bosten aurka jokatzera behartu du sarri etxeko taldea. Baina Valentziak gutxi behar du puntuak erreskadan sartzeko, eta aldea murriztu dute: 31-31. Cardenas, Montero eta Key izan dira partidaren erritmoa bizitu dutenak eta Bilbo Basketi min egin diotenak. Gainera, Ponsarnauren taldeak erabaki okerragoak hartu ditu erasoan. Ia segidan bi hiruko huts egin ditu. Defentsan, dena den, nahiko sendo eutsi dio. Lehen zatia 35-35 bukatu da. Pena izan da hain lan ona eginda atsedenaldira aurretik ez joatea. 

Aldagelatik bueltan jarri da lehen aldiz aurretik etxeko taldea, Monterok sartutako hiruko batekin: 38-37. Baina Freyk beste batekin erantzun du. Gainera, jaurtitzerakoan falta egin diote, eta jaurtiketa librean ez du huts egin. Baina etxekoak gehiago asmatzen hasi dira erasoan, biziago mugitu baitute baloia, eta horrekin batera aurrerapauso bat eman dute defentsan. Hala, lau puntuz jarri dira aurretik: 41- 37 (24. min). Baina Bilbo Basketek, hala egitea tokatuko zitzaiola jakitun, sufritzen jakin du, hortzak estutuz eta partidarako zuten plana zintzo betez. Hala, bete-betean sartuta jarraitu du neurketan, eta aldea murriztu eta aurretik ere jarri da. Nola, gainera, zeren Bagayokok, Pantzarrek eta Lazarevicek erreskadan sartutako hiruko banari esker 11 punturen errenta lortu baitute: 51-62. Monterok, ordea, lau puntu sartu ditu segidan gero.

Azken hamar minutuei zazpi puntu aurretik zela ekin diote Ponsarnauk zuzentzen dituen jokalariek: 55-62. Freyk hiruko bat sartu du hasi eta berehala. 55-65. Horrek konfiantza eta patxada eman dio falta ziren hamar minutuei heltzeko. Hirukoetan asmatu egin dute, eta 13 punturen errenta lortu dute: 62-75. Errenta hori ondo kudeatuz gero, eskura zuen garaipena.

Sei minutu falta ziren partida amaitzeko. Baina orduan gauzak aldatu egin dira. Hiru minutuan 14 puntu sartu dituzte etxekoek, eta aurretik jarri dira: 76-75. Bilbo Basket saskiratu ezinda ibili da bost minutuz. Montero, Pardilla Key azaldu dira. Minutu erdia falta zela, bilbotarrak partida berdintzear egon dira, Jaworskiren hiruko batekin. Baina epaileek baliorik gabe utzi dute, aurretik Valentziaren falta bat adierazi baitute. Azkenean, hiru puntugatik galdu du Bilbo Basketek, baina gaurko lan onak hauspoa eta konfiantza eman behar dio ostiralean Miribilllan irabazi eta hirugarren partida erabakigarria jokatzeko. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA