Baskoniaren zauria, kantxatik harago

Euroligako azken postuan dago Gasteizko taldea, hamaika partidatik bakarra irabazita. Lesioen eta fitxaketetan izandako atzerapenen ondorioz, egoera larriagotu egin da, eta zuzendaritzaren erabakiek zaleen haserrea piztu dute.

Indar Baskoniako kideek Real Madrilen aurka atera zuten pankarta, klubaren plangintza falta salatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Indar Baskoniako kideek Real Madrilen aurka atera zuten pankarta, klubaren plangintza falta salatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Oier Zumarraga
2026ko azaroaren 13a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kosner Baskoniak bi jokalari fitxatu ditu aste honetan, denboraldi hasieratik nabarmenak ziren gabeziei erantzuteko. Velimir Perasovicek aste luzez eskatu ostean, barrutik jokatzeko jokalariak iritsi dira azkenean: Rolands Smits eta Kenan Kamenjas. Baina berandu datoz. Euroligan hamaika partidatik bakarra irabazi du Gasteizko taldeak, eta azkena da sailkapenean. Herenegun hamargarren norgehiagoka galdu zuen Partizanen aurka (80-66). ACB ligan, aldiz, bost garaipen ditu zazpi jardunalditan. Bi lehiaketen arteko aldeak agerian uzten du taldearen egoera korapilatsua. Emaitza txarrei, lesioei eta osatu gabeko jokalari multzoari zuzendaritzaren erabaki eztabaidagarriak gehitu zaizkie. Ezinegona kantxatik harmailetara zabaldu da.

David Gil taldeko entrenatzaile laguntzaile izandakoa da, eta, haren ustez, emaitza txarrak ezin dira arrazoi bakar batera mugatu. Aurrez zeuden gabeziei lesioak gehitu zaizkie, eta arazoak bata bestearen atzetik etorri dira. Nabarmendu du urte luzez Europako talde handienei aurre egin dien klub batek bere ibilbideari erreparatu behar diola, aitzakiak alde batera utzita: «Bost Lauko Finaletan egon bazara, ligak irabazi badituzu eta aurkari beldurgarria izan bazara, hausnartu zer egin behar duzu, eta baliatu ikasitako guztia».

Urriaren 14an, Josean Kerejeta buru duen zuzendaritzak harridura eta haserrea eragin zuen bi erabaki hartuta. Paolo Galbiati kaleratu zuen, aurreko denboraldian —hamazazpi urteko etenaren ostean— Baskoniak Espainiako Kopa irabaztea ahalbidetu zuen entrenatzailea. Egun berean jakinarazi zuten Markus Howarden agurra. Bi erabakiek haserre handia eragin zuten zaleen artean. Iratxe Usabiaga bazkideak ezin sinetsita hartu zuen Galbiatiren kaleratzearen berri. Entrenatzaile italiarra «etxekoa» balitz bezala sentitzen zutela dio, eta ez du ulertzen denboraldia hasi berritan hartu izana erabakia.

«Fitxaketak oso berandu iritsi dira; orain atzetik aurrerako bidea egin beharko dute, zama handia dutela» 

DAVID GIL Baskoniako entrenatzaile laguntzaile ohia

Velimir Perasovic itzuli zen Baskoniara, Galbiatiren lekua hartzera; laugarren aldia du Gasteizko taldearen aulkian. Gilek azaldu duenez, kroaziarra «defentsako sendotasuna» eta «erasoko diziplina» berreskuratu nahian dabil. Aldaketa horren zantzu batzuk antzeman ditu, baina orain arteko jokalari faltak lana baldintzatu duela dio. Jokalari askok ez dagozkien postuetan jokatu behar izan dute, eta horrek taldearen oreka hautsi du. «Jokalari bakoitzak argi izan behar du zein den bere lana», azpimarratu du. Lesionatuak osatu eta bi fitxaketak taldean sartu ahala, Perasovicek aukera gehiago izango ditu bere joko eredua garatzeko.

Partizanen aurkako porrotak gabezien neurria erakutsi du. Arabarrak aurkariari eusteko gai izan ziren lehen hiru laurdenetan, baina azkenekoan sei puntu besterik ez zituzten sartu. Nekea ez ezik, erasoko erabaki okerrak eta baloi galerak ere erabakigarriak izan ziren. ACB ligan antzeko zerbait gertatu zitzaien Lleidaren aurka, asteburuan: 22 punturen aldea alferrik galtzeko zorian izan ziren, azken unean garaipena eskuratu bazuten ere (93-98).

«Buesa Arenako giroa apaltzen ari da. Haserrea ez dute porrotek bakarrik eragin, erabakiak hartzeko moduarekin lotuta dago» 

IRATXE USABIAGA Baskoniako bazkidea

Azken asteetan, Kenneth Faried izan da barruko jokoaren erreferentzia ia bakarra. Tadas Sedekerskis, Rodions Kurucs eta Marcio Santosen lesioek areagotu egin dute jokalari falta. Baina gabeziak lehenagotik zetozen: irailean bertan aitortu zuen klubak barruko jokalariak behar zituela. Bi hilabete geroago iritsi dira Smits eta Kamenjas. Fitxaketa horiek Farieden zama arindu eta txandakatze gehiago izateko aukera emango diote Perasovici. Fitxaketa horiek egin aurretik, Juan Pedro Cazorla idazkari teknikoak aitortu zuen hogei fitxaketa ahalegin egin zituztela; denak arrakastarik gabe. Gilek ez daki kopuru hori handia edo txikia den, baina denbora gehiegi igaro dela iruditzen zaio taldea indartu gabe. «Fitxaketak oso berandu iritsi dira; orain atzetik aurrerako bidea egin beharko dute, zama handiarekin». Merkatuaren baldintzak ere aldatu dira. Euroligako klub aberatsenen gaitasun ekonomikoak zaildu egin du Gasteizko taldeak talentua bereganatzea. Gilek gogorarazi du klubaren arrakasta urte luzez aurkari askori fitxaketetan aurrea hartzean oinarritu dela, baina gaur egun lehia askoz handiagoa dela.

Buesak ere hitz egin du

Taldearen egoeraren beste neurgailua harmailak dira. Urriaren 27an, Real Madrilen aurkako partida hasi aurretik, zaleek txistuekin eta zapi zuriekin hartu zuten Kerejeta. Indar Baskoniak pankarta batean salatu zuen klubaren «norabide eta kirol-plangintza falta». Ezinegon horrek badu isla ikusle kopuruan ere: Euroligako batez besteko ikusle kopurua %20,5 jaitsi da aurreko denboralditik. Usabiagari bereziki mingarria egiten zaio Buesa Arena gero eta hutsago ikustea. «Klubaren indarguneetako bat zaleen babesa izan da, eta kantxa aurkarientzat deseroso bihurtzen zuen giroa apaltzen ari da». Haren ustez, haserrea ez dute porrotek bakarrik eragin. «Erabakiak hartzeko moduarekin lotuta dago». Hala ere, jokalariak babesten jarraitzearen alde dago: ez ditu haiek klubaren egoeraren erantzule egiten. Igandean Real Madril liderra hartuko du Gasteizko taldeak Buesa Arenan, 19:00etan, ligako bolada onari eusteko asmoz». Igandean Real Madril liderra hartuko du Gasteizko taldeak Buesa Arenan, 19:00etan, ligako bolada onari eusteko asmoz.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA