Eman du zer kontatua Kontxako lehen jardunaldiak. Emakumezkoetan, bandera irabazteko urrats garrantzitsua egin zuen atzo Arraun Lagunak-ek, hamar segundo atera baitzizkion Tolosaldeari, eta ia 11 Oriori. Baina argi ibili beharko dute. Zerkausia ontzikoek esan zuten igandean itsaso zakarra badago aldea ez dela hainbestekoa izango. Gizonezkoetan, berriz, lehia estua dago. Orio izan zen azkarrena, baina epaileek hiru segundoko zigorra jarri zioten taldeko bi zodiak zero kalean zeudelako; beraz, Zierbenak lortu zuen lehen postua. Oraintxe, ehunenen aldea dute, inoizko txikiena Kontxako historian.
Peio Lopez
Zierbenako arraunlaria
«Gure arraunkera lortzen badugu, Oriori gauzak zail jarriko dizkiogu»
«Badakigu gure arraunkera aurkitzen dugunean ontzia ondo doala. Ligan hiru estropada irabazi ditugu, eta ikusi da azkarrak garela gure lana ondo egiten dugunean». Peio Lopez Zierbenako arraunlariaren hitzak dira. Gustura dago atzo egindakoarekin, eta sentipen onak izan zituztela azaldu du.
Lehian bete-betean sartuta daude, eta bandera dute desio, nahiz eta jakin zaila izango dela: «Udan gertatutakoa ikusita, Kontxako Bandera, helburua baino gehiago, ametsa da. Irabazteko asmoz ateratzen gara estropada guztietan, eta halaxe izango da igandean ere». Ilusioz gainezka daude: «Ontziko inork ez du inoiz Kontxa irabazi. Nire lehenengo aldia da, baina badaude taldean hainbat alditan arraun egin dutenak ere».
Horiek horrela, argi du: «Gurea egitera aterako gara berriro, ausart, eta ez dugu plana aldatuko. Gure arraunkera lortzen badugu, Oriori gauzak zail jarriko dizkiogu».
Azken bi aldietan bigarren amaitu dute, eta kolpea eman nahi dute oraingoan: «Herriarentzat ere sekulakoa izango litzateke bandera lortzea. Zaila izango da, baina saiatuko gara». Zaleei Donostiara animatzera joateko dei egin die Lopezek.
Martxel Aldai
Orioko arraunlaria
«Besteak gertu egonagatik, badakigu gure lana ondo eginda zaila dela guri irabaztea»
Ez zuen ondo hasi eguna Oriok: lehiatzen hasi aurretik, epaileek hiru segundoko zigorra jarri zioten. Halere, berehala irauli zuen egoera. «Arraunlariok irteera baino minutu bat lehenago jakin genuen; berotzen ari ginela jakin zuen patroiak, baina nahita ez zigun esan. Ez genizkion buelta asko eman, eta azkar erreakzionatu genuen: garbi genuen plana berbera zela. Uste dut asmatu genuela ez erotzen edo neurriz kanpoko erreakziorik ez izaten», aitortu du Martxel Aldai Orioko arraunlariak.
Estropada «gogorra eta fisikoa» izan zela adierazi du, espero bezala. «Gogor egin behar genuen geuk ere, urtean zehar ikusi baitugu badugula gaitasuna aurkariei aurre egiteko eta irabazteko. Oso gustura gaude izandako errendimenduarekin».
Ehunenen aldea dago Orioren eta Zierbenaren artean, baina konfiantzaz daude San Nikolas ontzikoak. «Emaitzari dagokionez, berdinduta gaude, atzokoa existitu ez balitz bezala. Baina atzokoa gertatu zen, eta guk irabazi genuen. Besteak gertu egonagatik, badakigu gure lana ondo eginda zaila dela guri irabaztea, eta bandera etxera eramateko aukerak ditugula». Zierbena izango da haien aurkari nagusia. Halere, itsaso petrala badago Bou Bizkaia ere aintzat hartzeko moduko ontzia dela uste du.
Azkenekoz 2017an irabazi zuen Kontxako Bandera Oriok. Orduko hartan ere taldean zegoen Aldai, baina ez zen uretara atera. «Ea oraingoan alde gozoa bizitzen dudan».
Aiora Belartieta
Arraun Lagunak-eko arraunlaria
«Estropada bikaina egin genuen. Ondo atera ginen, eta gure arraunkera hartu genuen. Egindako lanarekin oso kontent gaude»
Hirugarrenez jarraian irabazi nahi du Kontxako Bandera Lugañene ontziak, eta bide onean doa. Aiora Belartieta arraunlariak adierazi duenez, «irabazteko gosez» daude, eta nabaritzen da. Bikain aritu ziren atzo. «Hamarreko estropada bat egin genuen. Ondo atera ginen, eta gure arraunkera hartu genuen. Ziaboga ematerako besteei tartetxo bat atera genien, eta bueltan ere, haizearen kontra, ondo aritu ginen. Egindako lanarekin oso kontent gaude».
Bizi-bizi abiatu ziren, eta ondo eutsi zioten erritmoari: «Dena emanda ateratzen gara beti. Tolosaldeak gehiago eustea espero genuen, eta gero bukaeran haustea estropada. Baina egia da oso indartsu atera ginela, eta hasieratik hautsi genuen estropada».
Oraindik ezer ez dago erabakita, igandean ere uretara atera beharko dute eta, baina etxeko lanak ondo eginda utzi ditu Donostiako taldeak. «Hamar segundo asko dira, edozeinek hartuko luke tarte hori. Baina egia da oraindik igandeko estropada jokatu behar dugula, eta besteak ere hortxe daudela. Ea zer gertatzen den».
Bare zegoen atzo Kontxako badia, eta litekeena da horrek ere mesede egin izana. Dena den, baldintzak baldintza, taldean konfiantza osoa du Belartietak. «Traineru indartsua osatzen dugu. Ligan itsasoan izandako estropadetan ez dugu hain maila ona eman, baina itsasoan ere badakigu ondo ibiltzen, eta lan txukuna egin dezakegu. Egia esan, ez litzaidake inportako itsasoa apur bat mugitzea».
Tolosaldea eta Orio dira donostiarren aurkari nagusiak, eta biak «oso talde indartsuak» direla azpimarratu du.
Mirian Garagartza
Zumaiako arraunlaria
«Geure buruari esan genion demostratu beharrekoa demostratu genuela eta disfrutatu egin behar genuela»
Ohorezko txandan ariko da Zumaia igandean, lehen jardunaldian laugarren talde onena izan baitzen. Baina gauzak zer diren: taldea justu-justu sailkatu zen Kontxarako. Sailkatze estropadan hamar segundoko zigorra jarri zioten Zarautzi, eta horrek eman zion Kontxan aritzeko modua. Atzo, mamuak uxatuta, ligan erakutsitako mailan egin zuten arraun. «Gure helburua disfrutatzea eta arraunkerarekin asmatzea zen, eta, ahal bazen, emaitza ona lortzea. Eguna ondo joan zen, eta lortu genuen», esan du Mirian Garagartza arraunlariak.
Asteazkenean «presioa» sentitu zuten, lanak ondo egin beharra eta demostratu beharra: «Itsaso txarra zegoen, eta ez genuen jakin hori guztia kudeatzean. Guretzako ez zen erosoa izan Zarautz kanpoan geratu zelako sailkatzea, eta gutxiago jakinda estropada kaskarra egin genuela. Atzo ere presioa bagenuen, baina beste modu batera kudeatu genuen. Geure buruari esan genion demostratu beharrekoa demostratu genuela eta disfrutatu egin behar genuela. Horrela lasaiago ibiltzen zara, eta laguntzen dizu gauzak ondo egiten, jakin bezala. Horrelaxe izan zen».
Urtez urte Zumaiako trainerua sendotzen ari dela nabarmendu du Garagartzak, eta adierazi hori ederra dela arraunlarientzat. Laugarren amaitu dute ligan, eta igandean denboraldia borobiltzea dute helburu: «Udari bukaera ona eman nahi diogu, gustura arraun eginda. Ohorezko txandari eusten ere saiatuko gara; guretzat egundokoa litzateke».
Bandera irabazteko lehiari dagokionez, uste du Arraun Lagunak-ek eskura duela garaipena, baina adierazi du oraindik ezer ez dagoela erabakita. Haien txanda berean arituko dira, baina beste asmo batekin: gozatzea.

Â