Trinketa

Bata, betikoa; bestea, luzarorako etorria

Battitta Ducassouk eta Pierre Etxeberrik buruz buruko finala jokatuko dute bihar, Hazparnen. Eneko Maizen ustez, Ducassou «faborito argia da» zortzigarrenez txapela irabazteko. Etxeberri, berriz, lehen aldiz ariko da finalean.

Pierre Etxeberri. GUILLAUME FAUVEAU
Pierre Etxeberri, pilota jotzen, Battitta Ducassou begira duela, Baionako Masterseko finalean. GUILLAUME FAUVEAU
jon eskudero
2026ko otsailaren 28a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte osoko egutegian daukan egunik garrantzitsuena biharkoa izango du trinketak. Buruz buruko finala jokatuko dute Battitta Ducassouk (Itsasu, Lapurdi, 1991) eta Pierre Etxeberrik (Bastida, Nafarroa Beherea, 1999), Hazparneko Berria pilotalekuan (Lapurdi), 11:00etan hasita —ETB1ek 15:00etan emango du—. Pilotari bakoitzaren ibilbidea aintzat hartuta, Ducassouk behar luke faborito garbi, buruz buruko modalitatean bera baita handietan handiena. Zortzigarrenez txapela janzteko aukera izango du. Dena den, sasoiko eta konfiantzaz beterik azaldu da Etxeberri orain arteko partida guztietan, eta ezustea ematen ahaleginduko da. Lehenengo aldiz ariko da banakako final batean. Eskarmentua eta gaztetasuna aurrez aurre izango dira.

Hain zuzen, buruz buruko txapelketan parte hartu du Eneko Maizek (Amasa-Villabona, Gipuzkoa, 1996), eta finalak bere arriskua baduela iruditzen zaio. «Dudarik gabe, Ducassou da txapela irabazteko hautagai nagusia. Bera da onenetan onena, baina partida bat izanik edozer gauza gerta daiteke. Gainera, Hazparneko pilotalekua oso bizia da, lurrean azkar ibiltzen da pilota, eta baliteke horrek mesede egitea Etxeberriri». Gaztearentzat lehen finala izan arren, partida garrantzitsuak jokatzera ohituta dagoela gogorarazi du Maizek. «Mathieu Ospitalekin eta Peio Larralderekin batera, Etxeberri bera da aurrelaririk onena. Azken bi urteotan sekulako jauzia egin du gora, eta agian izango du aukera txapela irabazteko».

Finaleko gako nagusia partidaren hasieran egongo da, Maizen ustez. «Ducassouk hasieran abantaila hartzen badu, akabo. Etxeberrik ez du zereginik izango. Saiatu behar du nola edo hala lan erdietara bizirik ailegatzen. Hori lortzen badu, bigarren zatian aukera izan dezake. Aldiz, Ducassouk alde apur bat eskuratzen badu markagailuan, ia ezinezkoa da horri buelta ematea». Sakeak ere berebiziko garrantzia izango du. «Etxeberri aurrelaria da, eta ohituta dago sakeak egiten. Dena den, sake eramailerik onena Ducassou da. Hori aski ez, eta sakeak egiten ere ongi moldatzen da. Pilotari osoa da. Txapela irabazteko aukerarik izan nahi badu, errestoan duin moldatu beharko du Etxeberrik».

«Ducassouk hasieran abantaila hartzen badu, Etxeberrik ez du zereginik izango. Saiatu behar du nola edo hala lan erdietara bizirik ailegatzen»

ENEKO MAIZ Trinketlaria

Maizen esanetan, adjektiborik ez dago Ducassouren ibilbidea laburbiltzeko. Zazpi txapel ditu buruz buru, inork baino gehiago. Manu Martiarenak eta Waltary Agustik seina txapel lortu zituzten. Zortzigarrenez txapeldun izatea marka izugarria litzateke, Maizen esanetan. «Ez du ahulunerik. Larraldek estu hartu izan du partida batean baino gehiagotan, baina urte guztian oso erregularra da Ducassou. Beti dago ongi prestatuta. Dena egiten du ongi, eta buruz izugarri gogorra da». Bazirudien txapelketari ez ziola trenpu onean ekin, baina behetik gora egin du nabarmen. «Nik neuk ligaxkan jokatu nuen haren aurka, eta ematen zuen ez zegoela sasoi betean. Halakoetan partidak irabazten badaki, eta orain konfiantzaz beterik dago. Laineza hartuta iritsiko da finalera».

Etxeberriren jauzia

Etxeberrik, berriz, estreinako finala izango du, «baina ez azkenekoa», Maizen ustez. Izan ere, nabarmendu du azken bizpahiru urtean jauzirik handiena egin duen pilotaria dela. «Mutil handia da, eta batzuetan ematen du baldar samar ibiltzen dela kantxan, baina engainatu egiten du. Azkar mugitzen da, eraginkorra da guztiz, eta sekulako indarra dauka». Boleaz jotzen du bizi pilota, batez ere. «Goitik behera sekulako kolpeak ematen dizkio boleaz pilotari. Luzarorako etorri da onenen artera. Badirudi buruz ere gogorra dela. Lehen finala izango du, bai, baina ez dut uste urduritasunak askorik erasango dionik. Galtzeko ezer gutxi daukala jokatuko du, eta horrek are arriskutsuago bihurtuko du».

Maizen esanetan, pozgarria da izen berriak agertzea finaletan. «Luis Sanchezek ez du parte hartu buruz burukoan, sorbaldan ebakuntza bat egin diotelako. Ospitalek berak ere arazoak izan ditu eskuetan, eta partida bat bertan behera utzi zuen. Horrek guztiak finalerako bidea erraztu du, baina, dudarik gabe, bi onenak lehiatuko dira finalean». Gainezka beteko dira Hazparneko pilotalekuko harmailak.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.