Gimnastika

Nafarroako BDSk protesta egin du, Iruñeko Munduko Tranpolin Txapelketan Israelgo kirolariak ari direla salatzeko

Kontzentrazioa egin du Nafarroa Arena pabiloiaren aurrean, 'Israel munduko kiroletik kanpora. Nafarroako Gobernua konplize' lelopean. Salatu duenez, Israelgo kirolariei parte hartzen utzita Nafarroako Gobernuak ez ditu bete nazioarteko sententziak.

Protesta. IÑIGO URIZ
Nafarroako BDSk atzo Nafarroa Arenaren aurrean egindako protesta. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko azaroaren 6a
12:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Tranpolin Txapelketa jokatzen ari dira Iruñean, Nafarroa Arena pabiloian. Hainbat herrialdetako kirolariak ari dira parte hartzen txapelketa horretan, eta horien artean, Israelgoak. Hain zuzen, Israelgo kirolari horiek parte hartzearen aurkako protesta egin zuen atzo Nafarroako BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak elkarteak.

Plataforma horrek kontzentrazioa egin zuen Nafarroa Arena pabiloiaren aurrean, Israel munduko kiroletik kanpora. Nafarroako Gobernua konplize lelopean. Hainbat lagun bildu ziren pankarta horren atzean. Foruzaingoak izan zituzten aurrean, protestan ari zirenak Nafarroa Arenara gerturatu ez zitezen.

BDZ Nafarroaren iritziz, Israelgo kirolariak nazioarteko lehiaketa batean parte hartzea ez da «kirol ekintza neutral bat», baizik eta «Israelen estrategia bat erregimen kolonial bat, apartheid erregimen bat normalizatzeko, zeina herri palestinarra zapaltzen ari den duela zazpi hamarkada luzetik».

Ez zen egon Nafarroako Gobernuko ordezkaririk Nafarroa Arenan, baina BDSk salatu zuen Israelgo kirolariei parte hartzen utzita Nafarroako Gobernuak ez dituela bete nazioarteko sententziak. Israelekin «harreman oro» eteteko eskatu zion Nafarroa Gobernuari: «Politikoak, ekonomikoak, kulturalak eta kirol arlokoak».    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.