«Begi ona ixten dudanean, lauso ikusten dut. Oraindik ez dakit finala jokatu ahalko dudan». Peio Etxeberria zintzo mintzatu da lau eta erdiko txapelketako finalerako pilota aukeraketan, eta ezin izan du bermatu igandean Bizkaia pilotalekuan arituko ote den. Gaur proba bat egingo du, zer moduz dagoen aztertzeko, eta bihar medikuarenera joango da, hari zer nabaritzen duen azaltzeko.
Etxeberriak adierazi duenez, ultzera bat du begian, eta ixtea kostatzen ari zaio. Ezaguna du lesioa, hirugarrenez ireki baitzaio ultzera, baina onartu du aurreko bietan sendatze prozesua bizkorragoa izan zela: «Aurrekoetan hiru edo lau eguneko kontua izan da, eta, gero, jokatzeko aukera izan dut, babes bat erabilita. Oraingoan, baina, astiroago doa; ez dakit zergatik».
«Ultzera bat dut begian. Beste batzuetan hiruzpalau egunen buruan sendatu zait, baina oraingoan motelago doa; ez dakit zergatik»
PEIO ETXEBERRIA Aspeko pilotaria
Ez du ezkutatu urduri dagoela, baina baikor izateko arrazoiak ere aipatu ditu: «Medikuarenean egon nintzen atzo, eta ondo zihoala esan zidan. Oraindik hiru egun falta dira, eta itxaropena izan behar dugu. Ez zait burutik pasatu ere egiten finala bertan behera uztea, baina aukera hori badago». Ezingo balu jokatu, Jokin Altuna hirugarren sailkatuak ordezkatuko luke. Txapelketaren arautegiak ez du aukerarik ematen finala atzeratzeko.
Javier Zabala da beste finalista, eta atsekabetuta dagoela esan du. «Nik Etxeberriaren aurka jokatu nahi dut; hark kantxan irabazi du hor egotea, eta espero dut jokatzeko modua izatea». Onartu du aurkariak begia hobeto izateko esperantza zuela, eta azkenean haren aurka aritzen bada ez duela bere jokatzeko modua aldatuko.
«Iazko finalean erabili nuen takoaren erdia jarriko dut eskuetan. Haien azpian erabiltzen dugun gel berriaren ahala harrigarria da»
JAVIER ZABALA Aspeko pilotaria
Etxeberriaren mina izan da aukeraketako solasgai nagusia, baina pilotek ere eman dute zeresana. Bi finalistak gustura gelditu dira saskian aurkitu dutenarekin, baina Etxeberriak argitu du saskiko pilotetako lauk hari beltza zutela zuriaren ordez, eta halakorik ez dutela izan txapelketa osoan. Aukeratu bezain laster Martin Alustiza eta Mikel Urrutikoetxea hautatzaileengana joan da, eta haiengatik galdetu die.
Etxeberriak argitu du «pixka bat arinagoak» iruditu zaizkiola hari beltzdun pilotak, baina jokatzeko modukoak direla. Zabalak lauetako bat aukeratu du eta igandean jakingo da jokoaren ikuserraztasuna errazten duten ala ez.

Iazko finala jokatu zuten bi pilotariak dira, baina ez da final bera. Etxeberriak eta Zabalak berrtsi dute errioxarra iaz baino hobeto dagoela. Zabalak azken urtean izandako bilakaeraren gakoak azaldu ditu. Batetik heldutasuna aipatu du: «Iazko finalean ez nintzen ondo kantxaratu, eta Etxeberria berehala agintzen ikusteak eragin egin zidan. Eskuin eskua ere ez nuen ondo. Horrelakoak hobeto kudeatzen ikasi dut».
Bestetik, eskuen egoera aipatu du, batez ere babesei esker, eta are zehatzago, haien azpian jartzen duen gel bat: «Iaztik material berri hori erabiltzen dut, eta aldea izugarria da. Iazko finalean jarri nuen takoaren erdia erabiliko dut igandean». Azaldu du gel horrek duen babes eragina hain dela handia, tako gutxiagorekin jokatzera ohitu behar izan dela. Esan gabe doa, gero eta tako gutxiago jarri pilotariek pilota kontrolatzeko ahalmen handiagoa dutela.
Kantxa erdi hutsik
Finalak ikusmina sortu du, eta Zabalak Errioxako zaleak mugiarazteko ahalmen handia du, baina kostako da Bilboko Bizkaia pilotalekuko harmailak betetzea. Atzo 667 sarrera gelditzen ziren salgai, eta horietatik 350 kantxakoak ziren. Artekari gabeko finala izateak eserleku horiek erosten dituzten zale askoren hutsunea eragingo zuen, eta gero Bizkaia pilotalekuak berezko duen arazoetako bat dago: azken ilaretatik lau eta erdiko jokoa ez da ondo ikusten. Ez da gertatzen den lehen aldia, Pilota Pro ligak konpondu beharreko arazo bat du hor.