Bera Bera 21-21 Ro'Casa

Bera Bera Europako Ligako ligaxkara sailkatu da

Donostiako taldeak berdindu egin du Ro'Casaren aurkako itzulerako partida, eta, beraz, balio izan dio joanekoan lortutako hiru goleko errentak.

Ishikawa gol bat ospatzen, gaur, Gaskan. JON URBE / FOKU
Ishikawa gol bat ospatzen, gaur, Gaskan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 15a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten bai: Bera Bera Europako Ligako ligaxkan izango da. Donostiako taldeak Ro'Casa kanporatu du, joanekoan irabazita (27-30) eta itzulerakoan, gaur, berdinduta (21-21). Kanarietako taldeak ez du hiru goleko errenta iraultzea lortu, baina gauzak zail jarri dizkio Jon Begiristainek prestatutako taldeari.

Etxeko taldeak bikain ekin dio partidari, batez ere defentsan, eta lehen zatiaren erdialdean 7-3 zen aurretik. Aipatzekoa da Balzinc atezainak egin duen lana ere. Erasoan, Elba Alvarez eta Ishikawa nabarmendu dira, eta une batean sei goleko tartea ere eskuratu du Bera Berak. Lehen zatia amaitu aurretik, ordea, Ro'Casak lortu du zertxobait gerturatzea (13-9), besteak beste, Maria Zaldua pibote oriotarraren ekarpenarekin.

Lehen erdian Balzinc nabarmendu bada, bigarrengoan Cuadradok egin du disdira, kanariarren atezainak. Argentinarrak partidan sartu du bere taldea, eta itxaropenak piztu dizkie taldekideei: 0-6ko partziala egin dute bigarren zatiaren erdialdean, eta lehia berdintzea lortu dute (17-17) hamar minuturen faltan.

Bera Berak kanporaketa kontrolpean zuela zirudien, baina partzial horrek urduritasuna eragin du Gaskan. Begiristainen neskak, ordea, ez dira kikildu: Alvarezek pauso bat aurrera eman du —zortzi gol sartu ditu denera—, eta etxeko taldeak berriz ere bide onera eraman du partida. Izerdia gogotik botata, baina aurrera egin du Bera Berak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA