Bera Berak laugarrenez jarraian irabazi du Espainiako Kopa. Partida ikusgarria jokatu dute Donostiako taldeak eta Atletico Guardesek Ilunben, eta donostiarrek kontrolpean izan dute, batik bat, atsedenalditik aurrera. Lau tantoren aldearekin iritsi dira partida erdira, baina bigarrengoan sei tantoko aldea izatera ere iritsi dira. Zer esan handia izan du horretan Lucia Prades atezainak, dozena bat geldiketekin. Carmen Arroyo izendatu dute partidako jokalari onena; bost gol sartu ditu. 4.862 ikusle izan dira Ilunben, eta giroa itzela izan da. Maitane Etxeberriak eta Anne Erauskinek altxatu dute kopa, zaleen aurrean.
Partida hasi aurretik, Imanol Alvarezi omenaldi bat egin diote, gaurkoa izan baitu azken partida Bera Beraren entrentzaile gisara. Eskerrik asko Imanol zioen harmailetan zintzilik zegoen pankarta batek. Espainiako ereserkia entzun denean txistuak ozen entzun dira harmailetan.
Homenaje a Imanol Álvarez por parte de @GipuzkoaKirolak
— super amara Bera Bera (@BalonmaBeraBera) May 10, 2026
Será su último partido copero. pic.twitter.com/LQrIWfsK7E
Partida bizia jokatu dute bi taldeek, baina lehen hamar minutuetan gol bana sartzea besterik ez dute lortu. Une pare batez, Galiaziako taldea izan da aurretik markagailuan, 1-2 eta 2-3; ez dira onak izan Bera Beraren lehen minutuak, baina taldeak jakin du pizten eta Eszter Ogonovszkik, Elba Albarezek, Elena Amoresek eta Carmen Arroyok gol bana sartuta 6-3koa jarri dute markagailuan; hortik aurrera nagusi izan dira donostiarrak. Euren joko erritmoa hartu dute, eta erasoan eta defentsan gehiago izan dira. Galiziarrek eutsi egin diote Bera Beraren oldeari eta gol aldea laukoa baino handiagoa ez izatea lortu dute, eta 11-7ko markagailuarekin iritsi dira atsedenaldira.
Atsedenaldiaren ondoren ere, geraezin aritu da Bera Bera, kopa altxatzeko helburu garbiarekin. Ogonovszkiren, Arroyoren eta Gavilanen golek 15-9koa jarri dute. Galiziarrek ere erreakzionatu egin dute eta une batez estu hartu dituzte donostiarrak, 18-16. Baina Carmen Arroyo, Elba Alvarez (7 gol, bost penaltiz) eta Elke Karsten taldeak gehien behar zituenean agertu dira, eta, horien aurrean, ezinean aritu dira galiziarrak; intentsitate handiako partida izan da, eta indarrik gabe geratu direnean huts egiten hasi dira. Prades Bera Berako atezaina nabarmendu egin da gaur ere.
Bost eta sei goleko aldearekin, harmailetan zeuden zaleak zutik jarri dira eta garaipena hurbil zutela ospatzeko moduan izan dira. Giro bikaina izan da Ilunbeko harmailetan, eta erabateko poza partidaren amaieran heldu da, Etxeberriak eta Erauskinek kopa altxatu dutenean.