Bermeok irabazi du Getxoko 48. Bandera

Zierbena argi nagusitu da bere txandan.

Zierbenako trainerua, eta, atzerago, Oriokoa, gaurko estropadan.
Zierbenako trainerua, eta, atzerago, Oriokoa, gaurko estropadan.
2026ko uztailaren 26a
14:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Getxoko 48. Bandera jokatu da gaur, eta Bermeok eraman du etxera, denborarik onena eginda. Ligako hirugarren bandera irabazi dute bermeotarrek.

Lehenengo txandan, Bermeo atera da lehenengo kalean, Lekeitio bigarrenean, Ares hirugarrenean eta Chapela laugarrenean.

Bou Bizkaia jarri da aurrean berehala, baina lekeitiarrek ondo eutsi diote, eta segundo bakarrera heldu dira balizara.

Baina azken txanpan Ares jarri da buru, eta horrek irauli egin du estropada. Izan ere, ondoren bigarren lekua kendu dio Lekeitiok Bermeori, eta, olatuak ondo hartuta, Aresi ere segundoak kentzen hasi zaizkio. Horrek Bermeo ere akuilatu egin du, eta bigarren jarri da, Aresen aurretik. 

Lekeitiarrak heldu dira buru bigarren ziabogara. Aresek berreskuratu du orduan bigarren postua, baina Bermeok harrapatu egin du. 

Hirugarren luzean, Bermeo jarri da buru, Lekeitiori segundo bat aterata. Ziaboga bikaina egin du Bermeok, eta Ares hirugarren kalera desbideratu da.

Zortzi segundo aurreratu da Bermeo berehala, olatuez ongi baliatuta. Haizea ere zakartu egin da azken luzean, eta tartea handituz joaten lagundu die. 

20:43 denbora eginez sartu da Bermeo helmugan, Lekeitiori 17:33 aterata. Ares, 28:30era sartu da, eta Chapela, ia 29 segundora.

Imanol Caruezok adierazi du kendu egin dutela atzo ziaboga batean eginiko akatsagatik zuten zigorra.

Bigarren txandan, Ondarroa lehen kalean atera da, Getaria bigarrenean, Santurtzi hirugarrenean, eta San Juan laugarrenean.

Getaria jarri da buru lehen luzean, San Juani pare bat segundo kenduta. Lauko aldeaz heldu dira lehenengo ziabogara. 

San Juan desbideratu egin da, eta Santurtziko trainerura gehiegi hurbildu da. Epaileek ohartarazi behar izan diete tarte handiagoa uzteko. 

Ondarroak bikain erabili du bigarren ziaboga, eta bigarren jarri da. Halere, Getariaren oso atzetik, 11 segundora.

Bigarren ziaboga arazorik gabe egin du Getariak, eta 16 segundoren abantailarekin atera da azken txanpara. 

Getaria 20:52ko denborarekin helmugaratu da. Santurtzi 17:27ra sartu da, Ondarroa 25:03ra. San Juan, azkena, 41 segundora.

Hirugarren txandan, Orio lehen kalean aritu da, Zierbena bigarrenean, Donostiarra hirugarrenean, eta Hondarribia laugarrenean.

Haizea bizitu egin da, eta batez beste orduko 28 kilometroko abiada hartu du. 

Zierbena jarri da buru lehen luzean, Oriori pare bat segundo kenduta. Baina lehen ziabogan oriotarrek hartu diete aurrea. Edonola ere, Zierbenak berreskuratu egin du lehenengo postua, eta tartea handituz joan dira.

Lehia egon da bigarren postua lortzeko Orio eta Donostiarraren artean, baina azkenean Orio atera da lehena bigarren ziabogatik. 

Haizea eta itsasoa zakartu zaizkie hirugarren txandako traineruei, eta horrek eragina izan du hirugarren ziaboga egin dutenerako. 

Zierbenak tartea handitu du azken luzean, eta 21:19ko denborarekin helmugaratu da. Orio 12:51 segundora sartu da, eta Hondarribia, ia 27 segundora. Donostiarra azkena izan da.

Beraz, denborarik onena egin du Bermeok gaur, eta Getxoko 48. Bandera eraman du.

Sailkapen nagusian, Orio da oraindik ere lehena, eta Zierbena bigarrena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA