BERRIAren irakurleen arabera Iñaki Artolak irabaziko du buruz buruko txapelketa

Mastodonen berdinketa izan da, baina gainerako sare sozial guztietan Artolak Altuna menderatuko duela aurreikusi dute erabiltzaileek.

Buruz buruko finalaren pilota aukeraketan, Iñaki Artola eta Jokin Altuna. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Buruz buruko finalaren pilota aukeraketan, Iñaki Artola eta Jokin Altuna. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko maiatzaren 30a
13:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Finalak jokatzen ohituta dagoen pilotaria izaten da faboritoa edozein finaletan. Aurtengo buruz buruko txapelketako finalean ere hala gertatu da; Jokin Altuna da faborito igandean jokatuko den partidan, eta hala baieztatzen dute apustu etxeek. BERRIAk inkesta bat abiatu du asteon finala nork irabaziko duen galdetzeko. Eta erantzuna argia izan da. Faborito ez izan arren, Iñaki Artola gailenduko dela uste dute egunkariko irakurleek.

Mastodonen berdinketa egon da bien artean, baina gainerako sare sozial guztietan Artolak irabaziko duela aurreikusi dute irakurleek. X sare sozialean %57k eman dute Artolaren aldeko botoa, Whatsappen bezain bestek. Instagramen eta Telegramen, berriz, are handiagoa da aldea. Telegramen botoa eman duten erabiltzaileen %61ek uste dute alegiarra nagusituko dela. Instagramen, berriz, botoa eman duten erabiltzaileen %62k.

Ibilbide desberdina izan dute bi pilotariek aurtengo txapelketan. Altuna III.a ligaxkan gelditu zen binakako txapelketatik kanpo, eta denbora izan du buruz buruko txapelketa prestatzeko. Lehen partida galdu egin zuen, ezustean, Iker Larrazabalen aurka (14-22). Horren ondoren, ordea, erreskadan irabazi ditu partida guztiak. Javier Zabala eta Dario hartu zituen mendean lehendabizi, eta finalerdietarako sailkatu zen. Finalerdietan, Unai Lasori gailendu zitzaion Atano III.ean (22-9).

Artolak binakako txapelketako finala jokatu zuen, eta atseden hartzeko tarterik gabe abiatu zuen txapelketa. Lehen partidan Aitor Elordi hartu zuen mendean, baina bigarrenean galdu egin zuen Lasoren aurka. Ligaxkako azken jardunaldian kale edo bale egin behar zuen, eta Peio Etxeberriari gailendu zitzaion (22-14), Eibarko Astelenan. Finalerdietan Iker Larrazabal izan zuen aurkari, eta 22-12 hartu zuen mendean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

BERRIAk Altuna III.arekin hitz egin du asteon, eta beste txapel bat irabazteko «gogoz» dagoela adierazi zuen: «Gauza handia litzateke laugarren txapela irabaztea. Badakit oso zaila dela, baina pauso bakarrera dut, eta bete-betean aprobetxatzen saiatuko naiz». Bestalde, Artola hobeto ezagutzeko aukera ere izan du BERRIAk. Jose Luis Zabalarekin hitz egin du, Alegiako Intxurre pilota eskolako arduradunarekin. «Haurren mailatik aurrera hasi zen batez ere nabarmentzen. Hamabi bat urterekin jauzi ikaragarria egin zuen gora, eta onenen kontra lehiatzen hasi zen», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.