Ados Pilota

Berrikuntza ugari izango ditu Ados Pilotaren Plazaz Plaza txapelketak

Partidak 30 tantora izango dira, eta bi jaialdi jokatuko dituzte Euskal Herritik kanpo. Sei bikotek hartuko dute parte, eta bi multzotan egongo dira banatuta. Txapelketa datorren asteburuan hasiko da, eta finala irailaren 12an jokatuko da.

Ados Pilotaren Plazaz Plaza txapelketaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ados Pilotaren Plazaz Plaza txapelketaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2026ko abuztuaren 6a
16:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plazaz Plaza txapelketa aurkeztu du Ados Pilota klubak. Seigarren aldiak aldaketa ugari izan ditu, formatuari, iraupenari eta jokatuko den lekuei dagokienez. Aurtengoak hilabete iraungo du, abuztuaren 15ean Areson (Nafarroa) hasi eta irailaren 12an Erratzuko Gorostapolo plazan (Nafarroa) bukatuko da. Formatu «laburrago» eta «biziago» bat izatea nahi zuten antolatzaileek. Hala azaldu du Iera Iturriaga Ados Pilotako kideetako batek.

Aurkezpena plaza horretan bertan egin dute Xabier Uriarte Erratzuko pilota jaialdien antolatzaileak, Gorka Urtasun Baztango Udaleko Kirol zinegotziak eta Ados Pilotako ordezkariak, txapelketan parte hartuko duten pilotariez lagunduta. «Txapelketa kuttuna da guretzat; xarma berezia du. Plazan jokatzeko beste dohain batzuk behar dira, eta gustura jokatzen dugun txapelketa bat da», adierazi du Iera Iturriagak. Pandemia garaian sortu zen txapelketa, eta oraindik ere bere hasierako helburuari eusten dio: emakumezkoen pilota ohiko pilotalekuetatik atera eta herrietako plazetara eramatea, kirola ikusleengana gerturatu eta herri bakoitzeko giroarekin bat egiteko.

Aurkezpena eta finala Gorostapolo plazan egitea erabaki dute antolatzaileek, 100 urte bete baititu aurten. Sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago, bi multzotan banatuta. A multzoan hauek lehiatuko dira: Gomez-Mujika, Aranburu-Agirre eta Iturriaga-Mendiburu; B multzoan, berriz, ondorengoak: Aldaregia-Arrastia, Barrokal-Orbegozo eta Oskoz-Ruiz de Larramendi. Ligaxka moduan arituko dira, eta multzo bakoitzeko bikoteek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietan izango dira, eta irailaren 5ean Artaxoan (Nafarroa) jokatuko dira. Finalerdietako bi bikote irabazleek irailaren 12an jokatuko dute finala, Gorostapolo plazan. Iaz Donamarian (Nafarroa) jokatu zen finala, eta Iturriagak eta Galeanok jantzi zuten txapela, Barrokal eta Mendiburu 22-15 garaituta.

Jokatzeko sistemak izan duen aldaketarik esanguratsuena hau izan da: orain arte 22 tantora jokatu izan dira norgehiagokak; aurten, berriz, 30 tanto egin beharko dituzte bikoteek partida irabazteko. «Herrietako plazen ezaugarrietara hobeto egokitzeko» egindako aldaketa dela nabarmendu du Iturriagak, eta ondorengoa erantsi du: «Ikuskizunari begira, komeni da partidak luzeagoak izatea».

Lehen aldiz Euskal Herritik kanpo jokatuko dira Plazaz Plaza txapelketako partida batzuk: Gaztela eta Leongo Arauzo de Miel eta Pancorbo herrietan (Espainia). Ados Pilota Euskal Herritik kanpo partidak jokatzen hasi da aurten, emakumezkoen pilota lurralde eta publiko berrietara zabaltzeko: «Emakumezkoen pilota ezagutaraztea da gure helburu nagusia, polita eta aberasgarria izan baitaiteke hemendik haratago ere hori egitea». Aipatutako herrietan ez ezik, hauetan ere jokatuko dituzte partidak: Eltziegon (Araba), Aizarnazabalen (Gipuzkoa) eta Artaxoan.

Plazaz Plaza txapelketaz gain, Ados Pilota klubak Udara Caixabank torneoa antolatzen du, eta lehia horretan ari dira orain pilotariak. San Fermin torneoa bukatu zenean hasi zuten, uztailaren 16an. Torneoko finala urriaren 3an izango da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA