Herri Kirolak

Berritasunak ditu euskal duatloiko finalak

Laugarren txapela izango dute jokoan bihar, Azpeitian. Julen Alberdirekin batera, aurreko aldietan txapela jantzi duten bi kirolariak izango dira faborito: Ugaitz Mugertza eta Eneko Saralegi. Txapela begiz joa dute biek.

Euskal duatloia. ANDONI CANELLADA / FOKU
Euskal duatloiaren finalean ariko diren herri kirolariak eta antolatzaileak, aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2025eko ekainaren 7a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabi kirolari lehiatuko dira euskal duatloiaren laugarren ekitaldiko finalean, bihar, Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan (17:30, ETB1). Horietatik seik pasa den urtetik lortua zuten finalerako sailkapena, eta beste seik duela bi aste irabazi behar izan zuten tokia. Hala, izen handiko dozena bat kirolari ariko dira aurrez aurre, hiru txandatan banatuta: Ibai Soroa, Xabier Zaldua, Julen Kañamares, Julen Alberdi Txikia IV.a, Ugaitz Mugertza, Eneko Saralegi, Jokin Urretabizkaia Basozabal, Joseba Otaegi, Xuban Kañamares, Oier Kañamares, Arkaitz Jauregi eta Eloi Kortxero.

Berritasun nabarmen bat izango du probak, aizkora eta lasterka uztartuz jardun beharko baitute kirolariek: lehenbizi 45 ontzako enbor bat lurrean ebakiko dute, ondoren neurri bereko enbor bat bertikalean, eta gero lasterka osatuko dute kilometro erdia. Halako bost itzuli azkarren egiten duenak irabaziko du txapela.

Hain zuzen, zezen plazara txapela janzteko asmotan irtengo dira Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa, 1987) eta Saralegi (Errazkin, Nafarroa, 1993). 2022an eta 2024an txapeldun izan zen gipuzkoarra, eta 2023an nafarra. Biek izango dute txapela begiz joa, baina badakite garesti salduko dietela aurkariek. Orain arte gidoi jakin bat zuen probak: lehenbizi aizkorako lana osatzen zuten, eta ondoren lasterka egin. Aurten, ordea, bi modalitateak uztartuz jardun beharrak zalantzak sortzen dizkie bi finalistei.

Mugertzak azaldu duenez, aldaketa horrek hari egiten dio «kalte handiena». «Orain arteko bi txapelak modu berean lortu ditut, aizkoran lan txukuna eginez eta lasterka erritmo bizian arituta. Orain lasterka hain ongi moldatzen ez diren kirolariei egiten die mesede probak. Orain arte baino bi kilometro gutxiago egin beharko ditugu korrika, eta hori niretzat galera handia da». Dena den, txapelaren bila joango da mutrikuarra. «Ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz».

Filosofia berberaz egingo du Errazkindik Azpeitirako bidea Saralegik. Duatloiko markarik onena berea da: 30.35 minutu. Ezer gutxirako balioko du denbora horrek, txapela hogeita bi minuturen bueltan ibiliko dela uste baitu nafarrak. «Proba dinamikoagoa izango da, eta lasterka luzaro jardun behar ez izateak aizkolari handiei egingo die mesede batez ere. Neure burua kirolari orekatutzat daukat, inon distirarik egin gabe, ongi moldatzen bainaiz aizkoran eta lasterka. Entrenamenduetan oso ongi aritu naiz; txapela lortzetik gertu ibili nahiko nuke. Ez litzateke atzerapausoa izango txapeldun ez izatea, baina gutxienez podiumean egon nahi nuke».

Txanda berean biak

Probako berritasunak kontuan izanik, Mugertzak eta Saralegik kirolari bat jotzen dute faborito nagusitzat: Txikia IV.a. «Orain arte ez du inoiz parte hartu duatloian, baina aurten ikusi du bere ezaugarrietara bikain egokitzen dela proba berri hau, eta txapeletik oso hurbil ibiliko da», adierazi du Mugertzak. Iritzi berekoa da Saralegi. «Aizkoran inork baino gaitasun handiagoa du, eta zaila izango da aizkoran lortu dezakeen aldeari lasterka buelta ematea. Bostehun metroan segundo asko jatea ia ezinezkoa da». Hala ere, Mugertzak adierazi du beste edozein kirolarik ere eman dezakeela ustekabea. «Proba honek modua ematen du edonork aurrean muturra sartzeko. Soroa, Zaldua eta beste batzuk kontuan hartu beharko dira. Uste dut irekia eta ikusgarria izango dela finala. Nahiz eta niri kalte egiten didan aurtengo berritasunak, ikuskizunari begira onuragarria izango da».

Zozketak hala erabakita, lehenengo txandan elkarren ondoan lehiatuko dira Mugertza eta Saralegi. Gustuko dute hori. «Erreferentzia nagusi bat alboan izatea ona da beti, bestela arriskua izaten da nork bere burua gehiegi ez estutzeko. Egurrek garrantzi handia izango dute, eta ea ez zaidan egur gogorregirik egokitzen», esan du Saralegik. Mugertzak ere pozik hartuko du Saralegiren konpainia. «Zozketaren emaitza gustatu zitzaidan, lehen txandan aritzeaz gain, faboritoetako bat ondoan izango baitut. Ea gai naizen enbor bertikaletan lan ona egiteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.