REALA

Berriz irabaztea xede

Atsedenaldiaren aurretik, Realak hiru puntuak batu nahi ditu Rayoren aurka. Oiartzabal ez da entrenatu, gaixo dagoelako. Ikusi beharko da bihar jokatzeko moduan egongo den ala ez.

Jon Mikel Aramburu lehian, Olympique Lyonen kontrako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jon Mikel Aramburu lehian, Olympique Lyonen kontrako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko azaroaren 7a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Olympique Lyonen eta Athleticen aurkako partiden zapore garratza atzean utzita, Realak garaipenaren bidera itzultzea izango du xede bihar, Rayo Vallecanoren aurka etxean jokatuko duen neurketan (16:15ean). Europan donostiarrek oso zail dute zortzi onenen artean sailkatzea, Lyonen aurka bana berdindu ondotik, baina ligan oso bestelakoa da taldearen jarduna. Realak azken bost partidetatik lau irabazi ditu.

Zuri-gorriek eten zuten txuri-urdinen bolada ona ligan, San Mamesen 2-1 irabazita, baina porrot hark ez du apenas eraginik izan sailkapenean, donostiarrek bosgarren postuan jarraitzen baitute. Rayo Vallecano, berriz, hamabigarren postuan da, partida bat gutxiagorekin. Zubietan ezagun zaharra den Beñat San Jose entrenatzailea eseriko da bisitarien aulkian. 

Deialdiari dagokionez, berritasun nagusiak dira Carlos Soler, Arsen Zakharyan eta Luken Beitia. Soler bueltan da Lyonen aurkako partidan gaixo egon ostean. Errusiarrak, berriz, atzean utzi du orkatilean izandako lesioa, eta elgoibartarra deialdian da berriz ere, hilabetez min hartuta egon eta gero.

Pellegrino Matarazzoren kezka nagusia Mikel Oiartzabal kapitaina da. Entrenatzaile estatubatuarrak prentsaurrekoan adierazi berri duenez, gaur ez da entrenatu gaixo dagoelako. Deialdian sartu du hala ere, eta ikusi behar bihar jokatzeko moduan egongo ote den ala ez. 

Bestalde, hutsuneei dagokienez, Mamadou Sarr atzelaria lesionatuta dago. Lyonen aurka zelaia utzi behar izan zuen atsedenaldian, soleoan arazoak zituela-eta. Liketeena da atzeko lerroa Igor Zubeldiak eta Jon Martinek osatzea. Edonola ere, Matarazzok adierazi du pare bat aldaketa egingo dituela hamaikakoan, zenbait jokalariri arnasa eman asmoz. Horietako bat atepean: Unai Marreroren ordez Alex Remiro arituko da ziurrenik, orain artekoa ikusita behintzat.

Selekzioen arteko partidak direla-eta, Matarazzok nabarmendu du ezinbestekoa izango dela «sentsazio onekin» amaitzea atsedenaldiaren aurretik. Gainera, txuri-urdinek aho zapore gaziarekin amaitu dituzte azken bi partidak, nahiz eta jokoari dagokionez, taldearen itxura nahiko ona izan den berdegunean.

Erasoan ez zuten arazorik izan gol aukera garbiak sortzeko; bai, ordea, aurkariaren atea zulatzeko. San Mamesen, eta Anoetan jokatutako azken partidan, realzaleak hotz geratu ziren, atearen aurrean txuri-urdinen eraginkortasun falta agerian geratu zelako beste behin ere. Albisterik onena Orri Oskarssonek denboraldiko bosgarren gola sartu zuela Lyonen aurkako neurketan.

Rayo Vallecanori dagokionez, entrenatzaile estatubatuarrak ohartarazi du aurkari zaila izango dela San Joseren taldea: «Goian estutzen duen talde bat da, eta trantsizio azkarrak egiten dituena. Badakite zer-nola jokatu, joan den denboraldiko estilo antzekoa dute. Oso talde erasokorra da». Realak Rayo Vallecanoren aurka Anoetan jokatu dituen azken hiru partidetan ez du lortu irabaztea.

San Joserentzat, partida berezia

Rayo Vallecano etxean otso eta kalean uso dabil. Denboraldi honetan ez du partidarik irabazi etxetik kanpo, nahiz eta golen bat egitea lortu duen denetan. Hala ere, hamabi puntu eskuratu ditu, etxean erakutsi duen sendotasunari esker. Azken partidan 3-0 hartu zuten mendean Celta. 

Rayoko entrenatzaile donostiarrarentzat neurketa berezia izango da biharkoa: «Reala nire etxea da, futbolari eta entrenatzaile bezala hazi naizen tokia da». Horrez gain, San Josek adierazi du Reala «maila handiko» taldea dela, baina dena emango dutela hiru puntuak lortzeko: «Jokalari oso onak ditu Realak, Mikel Oiartzabal, adibidez, munduko jokalaririk onenetako bat da. Gainera, Realak baloiaren jabetza izateko edo kontraerasoan jokatzeko gaitasuna du». Madrildarren hutsunerik mingarriena Alvaro Garcia ezkerreko hegaleko jokalariarena da. Min hartuta dago, eta ez da Donostiara etorriko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA