Bertan behera utzi dute Donostian jokatzekoa zen surf txapelketa bat, Israelgo kirolarien parte hartzeagatik

Elkarte eta talde batzuek Palestinaren aldeko aldarriak egin dituzte, eta protestak ere antolatu dituzte ostiralerako. Horren ostean jakinarazi dute Munduko Surf Liga erakundearen erabakia.

Surflari bat Donostiako Zurriola hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
Surflari bat Donostiako Zurriola hondartzan. GORKA RUBIO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko ekainaren 4a
15:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Munduko Surf Liga erakundeak bertan behera utzi du asteburuan Donostiako Zurriola hondartzan jokatzekoa zen surf txapelketa. Junior mailako hainbat surflari ziren bertan aritzekoak, tartean Israelgo hiru. Eta haien parte hartzea tarteko, protestak antolatu zituen BDZ taldeak ostiralerako. Jaialdiak azaldu duenez, antolatzaileek Munduko Surf Liga erakundeari eskatu diote surflari israeldarren parte hartzea saihesteko. Baina eskaera horiei erantzutea ez dago haien esku, surflari bakoitzak aukeratzen baitu zein txapelketatan parte hartu. Hori ikusita, txapelketa bertan behera uztea erabaki du Munduko Surf Ligak.

Groseko Indarra surf taldeak oharra zabaldu du, eta adierazi du ez zutela txapelketaren antolakuntzan lagunduko: «Palestinako herria jasaten ari den genozidioa onartezina eta jasanezina egiten zaigu, eta gure esku dagoen apurra egin nahi dugu egoera salatzeko (...) Ez dugu begi onez ikusten israeldarrek normaltasun osoz parte hartzea gure hondartzan ospatuko den txapelketa batean. Txapelketatik aparte geratu nahi dugu palestinar herriarekiko elkartasun keinu moduan».

Gainera, gogoratu dute Errusiako kirolariek ezin dutela halako lehiaketetan parte hartu, Ukrainako gatazka dela eta. Horregatik, Israelgo kirolariek ere debeku bera merezi dutela iritzi dute. «Pentsatzen dugu Israelekin gauza bera egin beharko litzatekeela; ahal den eremu guztietan presionatu, baita surfean ere, Palestinako genozidioa eten dezan».

Txapelketa Waxdayz festibalaren baitan antolatu zuten, eta, surf txapelketa bertan behera utzi duten arren, eutsi egin diete festibaleko gainerako ekitaldiei; kontzertuak, hitzaldiak eta skate erakustaldiak egingo dituzte, besteak beste. Hala azaldu du antolakuntzak sare sozialetan: «Ahal dugun guztia egingo dugu gainerako kirolariengan duen eragina ahalik eta txikiena izan dadin eta surfean nola aritzen diren erakuts dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.