Beste domina bat euskal tiratzaileentzat

Goiherri-Abadiñok brontzea lortu du 23 urtez azpiko kategoria mistoan. Euskal taldeek lau domina irabazi dituzte: bi zilar eta bi brontze

Abadiñoko, Gaztediko, Goiherriko eta Mutrikuko sokatiralariak, taldeen arteko txapelketa amaitu ostean. LUR GIL.
Lur Gil.
Sursee (Suitza)
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Amaitu da taldeen arteko lehia Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketan. Euskal Herriko taldeei dagokienez, Gaztedi eta Goiherri-Abadiño taldeek bina domina lortu dituzte. Zilarrezko eta brontzezko domina bana. Hiru lortu zituzten ostegunean, eta atzo iritsi zen laugarrena. Goiherri-Abadiñok hirugarren postua lortu zuen 23 urtez azpiko kategoria mistoan, Eskoziako Ayrshire taldearen aurka.

Suitzarrek urrea garesti saldu dute etxean, eta han geratu dira dominarik preziatuenak. Taiwango taldeak ere espero zen mailan aritu dira, eta Suitzako eta Herbehereetako taldeen artean banatu dituzte urreak. Maila nagusian, Laukizko (Bizkaia) Gaztedik gertu izan du urrea gizonezkoen 560 kilokoan eta emakumezkoen 500 kilokoan, baina zilarrezko domina bakarra lortu dute azkenean.

Tiraldiak amaitu gabe, arau hausteek ebatzi dituzte lehia asko, eta euskal sokatiralari ugarik kritikatu dute epaileen eta antolakuntzaren inpartzialtasun falta.

Jon Iñaki Mardaras ArgaluzGaztediko entrenatzaileak (Gatika, Bizkaia, 1961) lehenengo bi egunetako balorazio gazi-gozoa egin zuen, helburuak ihes egin zielako. «Mutiletan uste baino hobe aritu ginen ligaxkan, eta ongi iritsi ginen finalera. Hartan, lehenengo tiraldia ongi irabazi genuen, eta agian komeni baino konfiantza handiagoarekin aritu ginen, lurra hobeto zegoelakoan bigarren tiraldiko lekuan». Bere buruarekin kritiko agertu zen Mardaras.

Epaileentzat, hala ere, izan zuen kritikarik: «Epaileek erabaki zuten finala suitzarrei ematea guk irabazteko metro erdi falta zenean»; herrialde askotako ikusleek kritikatu zuten epaileen erabakia, txistu eginez.

Emakumezkoen 500 kilokoan ez zuten finalean sartzerik izan: «Ezjakintasunez etortzen gara beti Munduko txapelketara, etxean ez baitugu gure maila neurtzeko aukerarik. Agian nazioarteko torneoren batera joan beharko genuke, beste taldeei neurria hartzeko». 23 urtez azpiko tiraldietan, berriz, azken urteetako mailari eutsi diote euskal taldeek, eta lehian aritutako bi kategorietan podiumean izan dira.

Goiherri eta Abadiño taldeek indarrak batu dituzte munduko txapelketa honetarako, eta haiek izan dira urrea gertuen izan dutenak. Baina Taiwangoak koska bat gorago daude oraindik ere, unibertsitateetan egiten duten lan bikainari esker. Irati Abarrategi Arrizabalaga (Abadiño, Bizkaia, 2003) eta Bidane Bilbao Zarraga (Erandio, Bizkaia, 2003) pozik zeuden eskuratutako bi dominekin: «Podiumetik gertu egotea espero genuen, baina zilarra lortzea handia izan da», adierazi zuen Bilbaok. Ondorengoa gehitu zuen Abarrategik: «Etxean lehiatu ahal izateak motibazioa sortu digu, eta munduko txapelketan lortutakoak motibazio hori indartu besterik ez du egin».

Talde oso gaztea ekarri dute bizkaitarrek, eta jarraipena eman nahi diote talde horri: «Taldeari eta maila honi eustea da helburua. Hurrengo urtean aurtengo emaitza berdindu edo hobetzeko egingo dugu lan», esan du Bilbaok.

Herrialde artekoa orain

Taldeen artekoa amaituta, gaur aterako da zelaira euskal selekzioa. Maila nagusian, Gaztedik ordezkatuko du kategoria gehienetan, Euskal Herriko txapelketak irabazi dituelako; 23 urtez azpikoak, berriz, Goiherri-Abadinok.

Gaur emakumezkoak eta gizonezkoak pisu txikietan lehiatuko dira, eta 23 urtez azpikoetan. Selekzioak Getxon (Bizkaia) lortu zuen urrezko domina azken aldiz. Gizonezkoen 560 kilokoan izan zen. Gauza handia litzateke Suitzan podiumaren gorenera igotzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.