Pilota

Beste izen bat sartuko da buruz buruko txapeldunen zerrendan

Artolak eta Dariok buruz buruko txapelketako finala jokatuko dute hilaren 31n, Nafarroa Arenan. Alegiakoa bigarrenez jarraian ariko da finalean. Ezkaraikoak, berriz, lehen finala du. Ez dute inoiz elkarren aurka jokatu buruz buru.

IÑAKI ARTOLA. JON URBE / FOKU
Iñaki Artola, Unai Lasoren aurkako garaipena ospatzen. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko maiatzaren 18a
11:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denera 32 pilotariren izenak ageri dira buruz buruko txapelketa irabazi dutenen zerrendan. Lehendik ez zegoen izenik ez da sartu zerrenda horretan 2023. urtetik. Jokin Altunak eragotzi du halakorik gertatzea, hark irabazi baititu azken bi ekitaldiak. Hilaren 31n, ordea, txapeldunen zerrenda horrek beste kide bat izango du, 33.a: Iñaki Artola edo Dario Gomez. Bi pilotari horiek finala jokatuko dute egun horretan, Iruñeko Nafarroa Arenan. Ez batak ez besteak ez du irabazia txapela. Beraz, gertatzen dena gertatzen dela, buruz burukoak beste txapeldun bat izango du. Bi finalistek ez dute inoiz elkarren aurka jokatu buruz buru.

Artola eta Dario asteburuan sailkatu dira finalerako. Biek ala biek nagusitasunez egin dute urratsa: larunbatean, Alegiakoak (Gipuzkoa) ezustekoa eman zuen, eta 22-13 irabazi zion Unai Lasori, Donostiako Atano III.a frontoian; igandean, berriz, Ezkaraikoa (Espainia) alde handiagoz nagusitu zitzaion Iker Larrazabali, Logroñoko (Espainia) Adarraga pilotalekuan: 22-8. Bi emaitza horiek agerian uzten dute irabazleak oso nagusi izan zirela, eta ondo merezita jokatuko dutela finala.

Artolak bigarrenez jarraian jokatuko du finala. Iaz, Altuna III.aren aurka aritu zen, Bilboko Bizkaia frontoian, eta 22-19 galdu zuen. Orduko hartan jokatu zuen lehen aldiz finala. Sailkatu, ordea, 2021ean sailkatu zen lehen aldiz finalerako, baina min hartu zuen finalerdian, Beñat Rezustaren aurka, eta uko egin behar izan zion finala jokatzeari. Lau urtez izan zuen arantza hori sartuta, baina iaz atera zuen, finala jokatuta. Beste arantza hau atera nahi du orain: txapela irabaztea. Aurrenekoa luke Lehen Mailan, bitan txapeldunorde izan eta gero: iaz, finala galdu zuen bai binaka eta bat buruz buru. Txapel bat badu irabazia, Bigarren Mailako lau eta erdikoa eskuratu baitzuen 2014an, debutatu berritan, Altuna III.a mendean hartuta. Aurtengo binakakoan Jon Ander Albisurekin gertatu bezala, pilotazaleak gogotsu daude alegiarra txapela jantzita ikusteko.

Artolak sasoiz eta konfiantzaz gainezka ekingo dio finalari. Iazko buruz burukoan egin bezala, behetik gora egin du. Galdu egin zuen lehen partida, final-laurdenetako ligaxkako aurrenekoa, Larrazabalen aurka: 22-17. Baina irabazi egin ditu jokatu dituen hurrengo hirurak: 22-19 Jon Ander Peñari, 22-16 Javier Zabalari, eta 22-13 Lasori. Gero eta hobeto aritu da. Lehen bietan gogotik sufritu zuen: Peña II.aren aurka, 19-16 joan zen galtzen; Zabalaren aurka, berriz, aurkariak nahikoa zuen hamazazpi tanto egitea finalerdietarako sailkatzeko, eta Artola 0-8 eta 13-15 joan zen galtzen. Finalerdietan, ordea, Lasok zuen presio guzti-guztia, hura baitzen faborito. Artolak askeago jokatu zuen, eta erakustaldia egin.

(ID_15980046) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-04-12, Zumaia. Pilota, Buruz Buruko txapelkatako partida
Dario Gomez, Erik Jakaren aurkako garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU

Dariok, berriz, lehen aldiz jokatuko du final bat Lehen Mailan. Bi ditu jokatuak Bigarren Mailan: 2019an, txapeldun izan zen buruz buru, eta, 2016an, txapeldunorde lau eta erdian. Bitan geratu zen buruz buruko nagusiko finalaren atarian: finalerdietan galdu zuen 2020an eta 2023an. Aurten, ordea, urratsa egin du. Horri esker, 74 urteren ostean, Errioxako pilotari batek buruz buruko finala jokatuko du berriro. Abel San Martin Barberito I.a izan zen azkena. 1952ko finala jokatu, eta galdu egin zuen Miguel Soroaren aurka.

Dariok bide zuzena egin du aurten. Lehen hiru partidetan buruz buruko hiru txapelduni irabazi zien: 22-6 Aitor Elordiri, final-zortzirenetan; 22-10 Erik Jakari, ligaxkako lehen partidan; eta, 22-8 Altuna III.ari, bigarren neurketan. Ikusgarri aritu zen txapeldunaren aurka, eta garaipen hari esker sartu zen finalerdietara. Ligaxkako azken partidan, berriz, 22-14 galdu zuen Lasoren kontra. Pattal aritu zen egun horretan, baina ezer gutxi zuen jokoan. Larrazabalen aurka erakutsi du egun txar bat besterik ez zela izan hura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA