Tokio 2020. Golfa

BESTE KOLPE BAT EMAN NAHI DU

Carlota Ziganda golflariak 38. lekuan amaitu zuen Rioko Olinpiar Jokoetan. Tokion hori hobetzeko gai dela uste du, nahiz eta ez den maila onenean jokatzen ari. Erregularra izatea jo du gakotzat.

Carlota Ziganda, Jokoetan aritu aurretik jokatutako torneo batean. ERIK S. LESSER / EFE.
ainara arratibel gascon
<i>Tokio</i>
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Kolpez kolpe, zuloz zulo ari da osatzen bere kirol ibilbidea golfaren gorengo mailan Carlota Ziganda (Larraintzar, Nafarroa, 1990). Eta bihartik aurrera beste kolpe bat eman nahi du ibilbide horretan, bigarrenez Olinpiar Joko batzuetan parte hartuko baitu. Prest ditu makilak, eta zorroztuta punteria eta begirada. Helburua: 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetan egindako lana hobetzea. 38. postuan amaitu zuen orduan: «Urte hau ez da nahi bezain ona izaten ari, baina horretarako gaitasuna badudala uste dut».

«Gogotsu» iritsi da Jokoetara:«Hona etorri aurretik etxean eginnituen egun batzuk, Ultzaman [Nafarroa]. Egunerokoaz ahazten naiz han, familiarekin eta lagunekin egonda. Gainera, mendira eta basora joatea gustatzen zait, aske sentitzen naiz bertan, eta mentalki ondo egoten laguntzen dit. Behar dut, etxean ito egiten bainaiz bestela». Horrek eta autolaguntza liburuek laguntzen diote mentalki prestatzen, eta torneoek eskatzen duten arreta lantzen. Liburu bat du ispilu: Javier Iriondoren Donde tus sueños te lleven. Bertan, David izeneko eskalatzaile eskarmentudun baten istorioa kontatzen da. Davidek sokalaguna galtzen du Himalaian, eta, bertan kontatzen diren ipuin eta istorioen bidez, egoera gogor hori gainditzen du.

Buruan, Rioko esperientzia du. Gainera, oraingo honetan txapelketak antz handiagoa izango du zirkuituko ohiko torneoekin: «Golflariak ez gaude olinpiar hirian, zelai ondoko hotel batean baizik». Ohiko torneoekiko aldaketa nagusia izango da parte hartzaile gutxiago izango direla: 60 onenak ariko dira nor baino nor gehiago: «Torneoetan 140 aritzen gara lehian. Horrek maila onenean aritzera behartzen zaitu».

Dena den, Zigandak uste du Olinpiar Jokoetako txapelketa ereduak bestelakoa izan beharko lukeela: «Adibidez, selekzioka jokatzea ondo legoke. Dibertigarriagoa izango litzateke». Aldaketa horiek denborarekin iritsiko direla uste du: «Orain, golfa olinpiar kirol moduan egonkortzea da garrantzitsuena».

Munduko zerrendan lehen postuan dagoen Nelly Korda estatubatuarra ikusten du faborito: «Maila izugarria erakutsi du azken torneoetan». Petr Korda Txekiako tenislari ohiaren alaba da. Hego Korea da egun herrialderik indartsuena emakumeen golfean: hangoak dira munduko zerrendako lehen hogei golflarien erdiak: «Diziplina handia dute».

Horien aurrean Rioko emaitza hobetzeko erronka du: «Rion erregulartasuna falta izan zitzaidan. Lehen bi egunetan oso ongi aritu nintzen, eta azken bietan behera egin nuen nabarmen. Oraingo honetan, oreka lortzen saiatuko naiz. Hain txapelketa motz batean, egun batean huts egiten baduzu, jai duzu».

Lehiatuz prestatu da

Ez du prestakuntza zehatzik egin Jokoei begira: «Jokatu ditudan torneoak baliatu ditut horretarako. Izan ere, golflari batek lehiaren presioa behar du, hobekuntza hori lortzeko eta indartzeko».

Lehia falta tarteko, ez da aurreko denboraldietan bezain ondo jokatzen ari: «Uste dut putt-a jotzeko orduan ez nabilela aurreko urteetan bezain fin, eta, gero, detaile txikietan huts egiten ari naiz. Akats txiki horiek pilatuz doaz, eta antzeman egiten da emaitzetan».

Dena den, berretsi du pertsona zein golflari moduan «heldutasunera» iritsi dela: «Lehen, agian, behar baino torneo gehiago jokatzen nituen. Orain, ordea, aukeraketa zehatzagoa egiten dut, nire helburuak kontuan hartuta». AEBetara joatea «erabakigarria» izan zen: «Han nagoenetik, aukera dut arreta osoa golfean jartzeko».

Teknologia ere laguntzen ari zaio golflari hobea izateko. Trackman gailua erabiltzen du horretarako. Radar moduan funtzionatzen duen kamera bat da, eta uhin batzuen bidez kolpeak aztertzen ditu: pilotaren abiadura eta norabidea, makilaren angelua eta mugimendua, besteak beste: «Datu horiek izateak zertan hobetu behar dugun jakiten laguntzen digu. Batez ere, swing-ari dagokionez». Gainera, makiletan ere hobekuntza izan da: «Makilak egiten dituzten markek eta enpresek teknologia erabili dute horretarako». Denboraldi oro hamalau aukeratzen ditu: «Torneoan gehienez poltsan eraman ditzakegunen kopurua da».

Horrekin guztiarekin batera, elikadura eta prestakuntza fisikoa ere hasi zenean baino dezente gehiago zaintzen da: «Jende askok uste duen baino askoz garrantzitsuagoa da fisikoa golfean. Kontuan izan behar da torneoetan egun bakoitzeko bospasei ordu ematen ditugula eseri gabe. Horren ondorioz, gainkargak izaten ditugu». Bestalde, indarra eta potentzia ere lantzen dituzte: «Horrek pilotari gogorrago eta urrutiago jotzen laguntzen dizu, swing-a bizkorrago egiten baituzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.