Xabier Mikel Azparren (Donostia, 1999) Tourrean estreinatu berri da. Q36.5 taldeko txirrindulariak aukera izan zuen azken egunean Montmartreko igoeran zaleekin disfrutatzeko. Donostiako Klasikora gogotsu dator, aurreko postuetan bukatzeko helburuz. Klasikoaren ondoren, Espainiako Vueltan izango da.
Tour bat amaitzean txirrindulari agiria ematen dutela esan ohi da. Nolako esperientzia izan da zuretzat?
Oso gustura ibili naiz. Txikitako ametsa bete dut. Pena dut ihesaldietan ezin izan dudalako lortu nahi nuena, baina azken egunean asko disfrutatu nuen.
Egun horretan, Montmartreko igoera aurrean egin zenuen, eta zaleekin gozatzen zenbiltzala zirudien. Nola bizi izan zenuen momentua?
Izugarria izan zen. Zuzendariak gozatzeko esan zidan, egun hori Tour guztiaren sari modura hartzeko, eta horrela egin nuen. Egia esan, asko disfrutatu nuen. Aurretik joatea zen asmoa, atzetik talde on bat bazetorren aukerak izateko, baina azkenean tropel handi bat pilatu zen. Hala ere, beti gogoratuko dut Montmartren lehenengo sartu nintzela, eta izugarrizko oroitzapen polita da.
Gainera, besteak beste, Pogacarren, Van der Poelen, Pedersenen eta Evenpoelen aurretik pasatzea lortu zenuen; ez da lan erraza hori.
Atzetik zetozen izenak esan zizkidatenean, pentsatu nuen horiekin bat eginez gero postu on bat lortzeko aukera edukiko nuela. Hor egote hutsagatik, merezi izan dute atzetik entrenatzen egindako hilabete guztiak. Maila oso altua da, abiadura geroz eta handiagoa, baina gutxienez aurrera jarraitzeko eta haiekin pixka bat egoteko aukera eduki nuen.
Montmartren garagardoa bota zizuten gainetik, eta amaieran esan zenuen bat hartuko zenuela. Hartu al zenuen?
Bai, bai. Gero ospatu genuen. Afari bat eduki genuen taldearekin, eta bikotekidearekin joan nintzen bertara. Gero, Parisen ibili ginen, eta astelehena ere lasai egoteko hartu genuen. Gaurtik [asteazkenetik] aurrera Klasikoan pentsatzea eta entrenamenduetara bueltatzea tokatzen da. Baina disfrutatu dugun irudipenarekin.
«Tourrean bi momentu berezi izan ditut: Montmartrekoa eta Tourmaletekoa. Biak oso desberdinak dira; batak adrenalinarekin eta kirolaren esentziarekin du lotura, eta besteak, emozioarekin eta ilusioarekin»
Gustura al zaude egindako lanarekin?
Bai. Pena dut ez nuelako lortu nire mailako txirrindulariekin ihesaldi batean sartzea eta etapa bat irabazteko borrokan aritzea. Nire ustez, mendateetan aurrerapauso handia eman dut Tour honetan. 30-40 txirrindulari onenekin geratu naiz askotan, eta tropela hautatzen ere ibili naiz pare bat egunetan. Oso pozik, batez ere izan ditudan sentsazioengatik eta emandako aurrerapauso horrengatik.
Pirinioetan euskal zale asko zeuden errepide alboan, eta familia ere bertan zenuen. Izugarria izango zen, ezta?
Bai. Tourmaleterako gogo handia nuen, banekielako nire inguruko jendea bertan zegoela. Lasaiago nindoan, atzean geratutako tropel batean, eta geratzeko aukera izan nuen, familiakoak agurtzeko. Txikia nintzeneko oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura, eta azkeneko bi kilometroak malkotan egin nituen, zale guztiak animatzen eta errepidea ikurrinez beteta ikusita. Tourrean bi momentu berezi izan ditut: Montmartrekoa eta Tourmaletekoa. Biak oso desberdinak dira; batak adrenalinarekin eta kirolaren esentziarekin du lotura, eta besteak, emozioarekin eta ilusioarekin.
Oso lasterketa gogorra da Tourra, baina, hala ere, zer egin duzu gehiago: gozatu edo sufritu?
Gozatu. Egun oso txar bat eduki nuen soilik: Alpe d’Huezeko lehen eguna. Igoeran bakarrik pasatu nuen gaizki. Nahiko justu iritsi nintzen janari aldetik, etapan ez nuen behar beste jan, etapa oso azkarra eta motza izan baitzen. Baina orokorrean disfrutatu egin dut sufritu baino gehiago.
Giroa eta Vuelta ere eginak dituzu jada; zein da alde handiena?
Oihartzuna. Tourrak duen edo mugitzen duen jendea, elkarrizketa eta zale kopurua… Etapa guztietan daukazu norbait gainean, zurekin hitz egin nahian, bai hasi baino lehen bai bukatzean. Horrek nekea sortzen dizu gorputzean. Hori beste itzuli handietan ez daukazu; etapa bukatu eta deskonektatzeko denbora dezente edukitzen duzu. Tourrak ez dizu aukera hori ematen. Gainera, abiadura handia dute etapek, eta txirrindulariak denboraldiko garai onenean etortzen dira. Horregatik da lasterketa gogorrena.
«Uste dut Evenepoel dela faborito nagusia. Talde oso indartsua ekarriko dute lasterketa kontrolatzeko»
Orain Donostiako Klasikoan parte hartuko duzu. Zer helburu duzu?
Helburu nagusia gozatzea da, karreraz disfrutatzea, beste urteetan ezin izan baitut, eta Tourrean lortu dudan sasoi ona aprobetxatzea. Gero ikusiko dugu nola doan lasterketa. Helburu exijente bat jartzekotan, lehen hogei postuetan bukatzea jarriko genuke helburu gisa, World Tour mailako lasterketa bat delako, eta maila oso altua delako. Uste dut lasterketa hasieran nabarituko dudala nola nagoen. Itzuli handi baten ondoren ez dakizu gorputzak nola erantzungo dizun hurrengo lasterketan; sentsazioen esperoan nago.
Gustatzen zaizu aurtengo ibilbidea?
Bukaerako bi igoerak nahiko pikoak dira, baliteke gehiegi izatea niretzat. Ezagutzen ditut; Murgil nahiko motza da, eta 5-10 minutuz asko sufritzen duzu. Erlaitzeko mendatean moldatzen naiz okerren, esfortzu luzexeagoa da eta. Uste dut Tourrean eman dudan aurrerapausoa emanda gutxienez disfrutatzeko aukera edukiko dudala, eta gero lasterketak erabakiko du non amaituko dudan.
Parte hartzaileen artean Remco Evenepoel aipatu behar da. Baliteke gaurkoan laugarrenez irabaztea Donostiako Klasikoa. Marino Lejarreta gaindituko duela uste duzu?
Uste dut faborito nagusia dela, Tourreko azken astea oso-oso indartsu amaitu baitu. Talde oso indartsua ekarriko dute lasterketa kontrolatzeko, eta erritmoa jarriko dute Erlaitzen indartsuenak aurrean gera daitezen. Uste dut taldekideek asko erraztuko diotela laugarren garaipena lortzeko bidea.
Donostiako Klasikoa txikitatik bizi izan duzu. Baduzu inoiz ahaztuko ez duzun oroitzapenik?
Batez ere nire kuadrillakoekin Klasikoa ikustera joaten nintzenekoak, Mirakruzen edo Jaizkibelen. Murgileko igoerak jada txirrindulari moduan harrapatu ninduen, baina Jaizkibelen askotan ikusi dut lasterketa. Bertatik bi aldiz pasatzen ziren, eta gero bazen aukera Mirakruzera ikustera joateko, eta oso lasterketa berezia zen. Gainera, Donostiako Aste Nagusia egun horretan hasten zen, orduan beti zen berezia eta polita.
Euskal Herriko bi txirrindularik erretiroa hartuko dute denboraldi amaieran: Ion Izagirrek eta Pello Bilbaok. Zer esango zenieke?
Sei urte hauetan zehar askotan hitz egin dut haiekin, niretzat beti eredu izan dira biak tropel barruan. Ionekin Tour honetan askotan komentatu ditut gauzak. Biei eskerrak emango nizkieke, gure belaunaldiarentzat eredu izan direlako: korritzeko eta aurrera egiteko duten eragatik eta gauzak umiltasunez egin izanagatik beti. Azken batean, erakutsi dutelako zein den euskal txirrindularien jarrera eta nortasuna. Oso eskertuta nago haiekin.