Beti Onak taldea eta Martina Lang jokalaria (Buenos Aires, 2003) gora eta gora dabiltza Espainiako Ohorezko Mailan jokatzen dabiltzanetik. Atarrabiako (Nafarroa) klubak bost urte baino ez daramatza maila nagusian jokatzen, baina jada erabat egonkortua dago, Espainiako Kopako final bat jokatua du, eta Europako Kopan aritua da. Langek, berriz, hiru urte eskas daramatza ligan jokatzen, baina jada sona handiko jokalaria bilakatua da. Horren erakusle, ligako defendatzailerik onena izendatu zuten aurreko sasoian. Ro’Casan aritu zen Lang, eta haren lana erabakigarria izan zen taldeak liga irabaz zezan.
Elkarrengandik banatuta aritu dira Beti Onak eta Lang orain arte. Orain, ordea, elkarrekin dabiltza. Taldeak bi jokalari fitxatu ditu denboraldi honetarako, eta ezker alboko argentinarra da horietako bat. Edurne Donderis eskuin alboko espainiarra da bestea. Lang erabat konbentzituta dago «sasoi ederra» osatu, eta «jauzi» egingo dutela. «Gogo eta ilusio bizia dugu. Txapel guztien lehian borrokan aritzeko moduko taldea dugu. Ligan, lau onenen artean sailkatu nahi dugu, eta txapela irabazteko borrokatu. Kopa ere begiz joa dugu, are gehiago azken fasea etxean jokatuko dugula kontuan hartuta».
Arrazoi bat aipatu du horren anbiziotsu izateko. «Beti Onak erabat egonkortua dago ligan. Talde sendo bat osatzeko behar den gauzarik garrantzitsuena zer da: jokalariek elkar ezagutzea, hau da, kantxan une oro jakin dezaten zer behar duen batek bestearengandik. Beti Onak-en jokalari gehienak urte asko daramatzate elkarrekin jokatzen, eta horrek lana errazten du. Abantaila horri probetxua atera behar diogu. Aldi berean, iritsi berriok ahalik eta azkarren egokitu behar dugu, beste aurrerapauso bat emateko».
Argi du zertan diren indartsuen. «Defentsan oso talde sendoa izan gaitezke. Defentsan gogor eta erasoan bizi-bizi aritzeak izan behar du gure ezaugarria. Horrez gain, erasoan ere badugu nahikoa dohain edozeinen aurka eta edozer lortzeko borrokatzeko». Aldi berean, argi du zertan duten gehien hobetzeko. «Hobeto aritu behar dugu kontraerasoan: biziago jokatu behar dugu, batez ere gol askoko partidak aurrera atera nahi baditugu».
Defentsako liderra
Langek barneratua du ardura handia izango duela defentsako lanean. «Miguelek [Etxeberriak, entrenatzaileak] esan dit defentsako liderra izan behar dudala. Ezaguna dut zeregin hori, Ro’Casan egina baitut. Argi dut defentsan dudala gehien emateko, lan horretan aritzen bainaiz ondoen. Hala ere, taldean badira urtetan lan hori egiten aritu diren jokalariak, eta haietara egokitu behar dut».
«Defentsan oso talde sendoa izan gaitezke. Defentsan gogor eta erasoan bizi-bizi aritzeak izan behar du gure ezaugarria»
MARTINA LANG Beti Onak-eko jokalaria
Langek helburu jakin bat jarri dio bere buruari: «jokalari osoagoa» izan nahi du. Hori dela eta, «gero eta gehiago» jokatu nahi du erasoan. Neurria hartu nahi dio eskubaloian gero eta handiagoa den joerari. «Gaur egun, gero eta jokalari gutxiago aritzen dira bakarrik defentsan. Oso erritmo bizian jokatzen da, eta talde batentzat oso garrantzitsua da kantxa osoan joka dezaketen jokalariak izatea. Nik bi aldeetan jokatu nahi dut».
Hori izan da Ro’Casa utzi eta Beti Onak-era joateko arrazoietako bat. «Banuen aukera Ro’Casan jarraitzeko, baina oso argi nuen aldaketa bat behar nuela. Betidanik gustatu zait Beti Onak taldea, haren nortasunagatik eta jokatzeko moduagatik, eta oso pozik nago hemen egoteagatik. Bete-betean asmatu dut. Gainera, agur ezin hobea izan nuen Ro’Casan. Ikaragarria izan zen liga irabazi eta gero agur esatea. Gizatalde horrek merezi zuen titulu bat irabaztea».
Lau argentinar taldean
Aitortu duenez, Atarrabiara etortzeko orduan, «arrazoi emozionalek» kirol arrazoiek baino garrantzi handiagoa izan dute. «Jokalari profesionalok ez diogu bakarrik erreparatzen kirol arloari. Arlo sozialak eta emozionalak ere garrantzi handia dute: non biziko zaren eta zer-nolako harreman sozialak izango dituzun. Eta Beti Onak-ek gauza on asko ditu arlo horietan». Horien artean bat guztien gainetik: Langek beste hiru herritar izango ditu taldekide. Micaela Casasola, Ayelen Garcia eta Macarena Sanz dira Beti Onak-en ari diren Argentinako beste hiru jokalariak. «Oso gertukoak ditut hirurak, selekzioan askotan aritu bainaiz haiekin. Izugarri lagundu naute. Sekulako babesa dira. Horrelako laguntza bat izugarri eskertzen da toki berri batera iristen zarenean». Badaki zertaz ari den. «Ro’Casan aritu nintzen lehen urtea oso gogorra izan zen. Iritsi berria nintzen Argentinatik, eta asko kostatu zitzaidan egokitzea. Herrimin handia izan nuen. Hala ere, ez naiz damutzen Espainiako ligara etorri izanaz. Hemen jokatu nahi dut, eta orain arte, oso pozik nago lortu dudan guztiagatik».
«Arlo sozialak eta emozionalak garrantzi handia dute, eta Beti Onak-ek gauza on asko ditu horietan»
MARTINA LANG Beti Onak-eko jokalaria
Beti Onak-ek gaur ekingo dio ligari, Gaskan, Bera Beraren aurka, 19:30ean. Bi euskal taldeek elkarren aurka jokatu zuten denboraldiaurrean, eta Bera Berak 32-23 irabazi zuen. «Baina denboraldiaurreko partidek ez dute zerikusirik ligakoekin, horietan lehiak goia jotzen baitu», azpimarratu du Langek. Haren ustez, «oso partida gogorra» izango da, baina oso argi du «irabazteko aukera guztiak» dituztela.
Bera Berari buruz azaldu du zenbait jokalari min hartuak dituela, eta ez dabilela «aurreko urteetan bezain nagusi», baina «ligako jokalari multzorik onena» duela, eta «txapeldun izateko hautagai argia» dela. Baina abisua eman du: «Irabaz diezaiokegu».
DERBIA JOKATUKO DUTE GAUR DONOSTIAN, LIGARI EKITEKO
Bera Berak eta Lagun Onak-ek elkarren arteko derbia jokatuz ekingo diote gaur Espainiako Ligari. Donostian ariko dira, Gaskan, 19:30ean hasita. Nafarrek denboraldiko lehen partida jokatuko dute. Donostiarrak, berriz, bigarrenez ariko dira, aurreko larunbatean Espainiako Superkopa jokatu baitzuten. Galdu egin zuten Ro’Casaren aurka: 25-23. Beraz, sasoiko lehen garaipena nahi dute. «Superkopan ez genuen gure onena eman, eta Beti Onak-en aurka eman nahi dugu. Gogotsu gaude, are gehiago etxean jokatuko dugula kontuan hartuta», azaldu du Jon Begiristain Bera Berako entrenatzaileak.